Herriz Herri - Banka (NB) | 2025eko Urtarrilaren 16a
Urte berri on eta zorion - Menditarrak taldea - Egoera zibila
Urte berri on eta zorion
Zer ondorio utzi dauku 2024k? Sasoinaren partetik erran dezagun euritsu izan dela (2.100-2.200P) urtean zehar, haize egun zakar frango. Laborantza munduan zuhaitza bildu da, urte hondarrean bildots merkatua ona izan da aspaldiko partez, oroitu behar da hala ere orain dela 30 urte 3.000 libera pasa egiten zuela!
Aldiz, uste ginuen onddo urtea izanen zela, bainan arrunt guti izan da, uso sasoina ere aski mottela izan da, tira bidean guti baitzen. Mugimendu izan da bestaburutan, bestetan, pilotan, mus lehiaketetan, ferian eta abar. Olhaberriko mus lehiaketa famatuan izan da mugimendu. 27 parek jokatu dute, joan den igandean izan dira finalak. Ondorioz Hirigarai Pantxo eta Paul Dupuik ereman dute Bidart Maider eta Marie Lucie Urricarieten kontra.
Kontsolantea: Inchauspe J.Mizel – Petrissans J.Pierre, Dolhare Katixa eta Ibanen kontra (hau ginuelarik jokalaririk gazteena!) bainan kasu ondoko egunetan! Sariak izan dira irabazdunentzat 500 euro, finalistak 250 euro eta jokalari guziak sariztatuak izan dira sailkatzearen arabera, biziki momentu goxoak pasatu ditugu. Goresmenak irabazduneri, ez ginuen uste Baigorrin halako jokalariak bazirela! Erran xaharrak diona: erbia lo dago uste ez den lekuan. Goresmenak jokalari guzieri!
Menditarrak taldea
Ongi bukatu du 2024 sasoina, Haltsun eman baitugu hondar kantaldia Teletonarentzat, gehienik dugularik kantatzen Hegoaldean. Aurtengo sasoina hasi dugu Uharte Garazin, gero kantatuko dugu Sunbillan. Otsailaren 16an igande arratsaldearekin, ETBk grabatuko du Urepeleko elizan haraneko kantariekin. Xehetasun gehiago izanen dira ondoko asteetan.
Sortzeak
Hiru izan ditugu urtean zehar: Lili Urricariet Christelle Portugal eta Sebastien Urricariet-en familian, Leia Ithurralde Maider Bidaurreta eta Francisco Ithurralderen familian eta Rafael Echeverry Maider Nogues eta Peio Echeverryren familian. Goresmenak hiru familietako burasoeri eta bizi luze eta zoriontsua sortu berrieri.
Heriotzak
Bertrand Curutchet eta Josefa Juanicotena. Nahiz ez ziren herrian bizi, bi heriotze izan dira joan den hilabetean. Lehena Jean Leon Oçafrain Kalifornian bizia egin zuena, San Frantziskon bizi zen, biziki maite zuen sorterria, gizon bihotz handikoa zen, doluminak familia guziari. Bigarrena, Milhuberri Marcel 68 urte zituen bakarrik, Bergerac-en bizi zen. Banka herriari biziki atxikia zen. Gazte denbora hemen pasatua zuen. Ihiztari eta arrantzale amorratua zen. Doluminak familia guziari.
Ezkontza
Bat izan dugu, Ithurreria Jerome eta Veronique Wurm.