Jainkoa bizia jendea | 2025eko Urtarrilaren 16a

Ezagut zeronen burua

Peio Ospital

Lagunarteko solasaldietan, gisa hartako gaia planteatzen denean, erran ohi dut nere belaunaldiak (gerla-ondo berehalakoak), bete-betean harrapatu dituela "Hogeita hamar Loriatsuak" deitzen den aroaren abantaila eta alderdi onak. Erraiten da berrogeita hamar urte barne ezagutu dela hor lehenago bostehun urtez ezagutzen zen aldaketa. Baina, ororen buru, galdera sortzen da: dena onerako soilik izan al da? Azkenean, jendea urosago bizi ote da? Eta zer da urostasuna edo zoriona? Urte hastapena gogoetarako unea ere izaiten da. Goazen bada hau pixka bat aztertzera.

Ene gaztaroko Greko klaseetarik gelditzen zaidan erranbide bakanetarik bat Sokrates filosofoaren ahotik atera hitza da: Γνῶθι σεαυτόν/Gnỗthi seautόn: ezagut zeronen burua. Hori da zuhurtziaren hastapena. Berarentzat bizitzak ez du zentzurik heriotza dagoelako bakarrik, heriotzak dio emaiten zentzua bizitzari. Sokratesentzat filosofia existentziarako deia da. Eta zer da zoriona Sokratesentzat? Zorionaren gakoa, oharmena gorputzetik arimara desbideratzea da. Gure desirak harmonizatuz, adimena baretzen eta jainkozko lasaitasun egoera bat erdiesten ikas dezakegu. Zoriona ez datza metatzen diren ondasunetan, ezta bere bizitzaren osagaiak osatzen dituzten proiektuetan ere, baizik eta bere bizitzari norabide eta helburu bat emaiten dion pertsonaren beraren ekintzan.

Platonek bere judizioaren transkripzioan kondatzen du Sokratesek (K.a. 470-399) onartzen duela bere kondena, uste baitu beti erantzun izan diola bere daimônari, hau kontzeptu korapilatsua da, halako barne-mintzo ttiki bat bezala defini daitekeena. Hark adieraziko zion bere bizitza filosofiarik gabe ez zuela bizitzerik mereziko. Beraz, Sokratesen ustez, norberaren izaerari leial izaiteak, berezko bokazioneari emanik, aukera emango luke zorioneko destinua ezagutzeko. Baina norberaren izaerari leial izaiteko, bakoitzak ongi ezagutu behar du bere burua, eta hori besteekiko harremanean bakarrik da posible.

Azkenean, huntaratu nahi nuen. Nonbait irakurri berri dut zoriontasunari eta osagarriari buruzko ikerketa zientifikorik luzeenaren (Leduc, 2023) erakaspen nagusiena dela harreman sozialek dutela segurtatzen zoriontasunari bidea eta bizitza luzeagoa egiten osagarri hobean. "Lotura pertsonalak estimulazio mental eta emozional bat sortzen du, eta horrek umorea areagotzen du automatikoki, bakartasunak itotzen duelarik", dio Robert Waldinger doktoreak, ikerketaren zuzendariak. Harreman sozialek gure gorputzaren gain eragin handia dute eta gure fisiologia aldatzen dute. Beraz, garrantzitsua da harreman positiboetan kontzentratzea eta gure bizitzatik pertsona negatiboak baztertzea, edo, gutienez, haiekiko interakzioak ahal bezainbat murriztea, ikerketak adierazten duenez.

Azkenean, ekuazioa honela plantea daiteke: zure burua zenbat eta hobeki ezagutu, eta are zuhurrago. Zenbat eta zuhurrago, eta besteeri are idekiago. Besteeri zenbat eta idekiago, eta arezoriontsuago. Hau guzia, San Agustinek hitz laburretan biltzen zuen: "maitatu, eta egin nahi duzuna".

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3779. zbk

Azalekoa | 2025/01/16

Bakarrik fiteago… Elgarrekin urrunago!

A.E.

Bakarrik%20fiteagoa€%20Elgarrekin%20urrunago!

MiaKoop Angelun kokatzen den epizeria da. Herritarrek sorturik eta kooperatiba ikuspegiarekin, tokiko eta kalitatezko produktuak prezio eskuragarrietan kontsumitzea ahalbidetzen du. Kudeaketa horizontal eta auto-gestionatuan oinarritzen da. Gehiago ikasteko, Amandine Llopet kooperatibako kidearekin bildu gira.

Ideiaren abiatzea

Proiektua duela urte bat abiatu zen, lagun talde batek bultzaturik. Hasieran zortzi bat pertsona ziren, eta emeki emeki kopurua handituz joan da. Epizeria estrukturatzen, imajinatzen eta sortzen aritu dira, inguruan egiten zena begiratuz. Jean-Claude Richard, Frantziako 93 departamenduan muntatu diren 3 kooperatibaren sortzailea etorrarazi dute. Gizon hunek, kooperatiba libreak sustatzen ditu, hau da buruzagirik gabeko estrukturak eta araurik gabekoak. Jean-Claude Richard-ekin hizketaturik, konbentzituak izan dira sistema hori plantan eman behar zutela.

Taldeak urte bat pasa du lokalaren atzematen, Miarritze aldean lokalak izigarri garestiak baitira.

Epizeria ideki, proiektua hazten hasi

Azkenean, lokala Angelun atzeman dute, 115 Espainiako etorbidean, Parmeko ZAC gunean. Ofizialki epizeria abendu erditsuan ideki da, nahiz hilabete batez 20-30 bat pertsona prozedurak eta funtzionamendua pikoan ezart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016