Gure Hitza | 2025eko Urtarrilaren 30a

Munduaren bihotzean zentinelak

Peio Jorajuria

Eguberri aitzinttoan, bizi naizen herriko emazte bat gurutzatu nuen eta solasetan hasi ginen. Suharki mintzatu zitzaidan Parisen gaindi egin berri zuen itzuliaz. Ez zen, ez, harat turista gisa joana, ACAT (Action des Chrétiens pour l'Abolition de la Torture) erakundearen 50. urtemugaren ospatzera baizik. Zeren erakunde horretako kide da, Baionan direla hilabetean behin biltzen, eta gainera Frantziako bulego nazionaleko kide ere da. Hauxe ene harridura! Banekien besteak beste mendizalea zela, euskal kantua ere maite zuela, koru batean kantatzeraino. Baina militantziaren alderdi hori ez nion batere ezagutzen. Eta hari esker gehixeago jakin dut ACAT erakundeaz, orain arte, egia erran, Euskal Herriko Torturatuen Sareaz eta ere Torturaren Aurkako Taldeez (TAT) nuela gehiago oihartzun, ACAT hortaz baino.

Nazioarteko Amnestyren kanpaina bati esker, munduan gaindiko torturaren hedadura ikaragarriaz kontzientzia harturik, Frantziako bi emaztek, biak kristau protestanteak, zuten ACAT sortu 1974an. Geroztik mundu zabalera hedatua den mugimendua da, urrats ekumenikoan bere baitan lan egiten dutela nagusiki protestante, katoliko eta ortodoxoek, aldi berean beste erlisione bateko diren edo berdin sinestedun ez diren batzuek ere beren laguntza bazterretik ekarriz, erakundearen helburuekin bat eginik. Gaur egun, erakundeak bere eginak ditu, torturaz bestalde, bertze gai minbera asko ere, heriotza zigorra, giza eskubideak, presondegietako baldintzak, errefuxiatuak eta etorkinak, nahasmendu klimatikoa...

Bada segurki zer egin, sekula baino gehiago naski. Beharrik hor dira ere bertze erakunde asko, bakoitzak bere eremuan daramala behar-beharrezko ildoa, Nazioarteko Amnesty, Oxfam, Hazkurri Banku, Bihotzeko Ostatu, Greenpeace, ATD Quart-Monde, Etorkinekin, UNHCR, Sokorri Katoliko eta beste ehunka egitura. Eta ikusten dugularik han eta hemen zer gertatzen den, bada ikaratzekoa. Azkenik Ipar Amerikan, Donald Trump inperialistaren eta haren inguruko oligarka miliardun axolagabeen giza eskubide urraketak trumilka biderkatuko direnak. Hemen berean ere bada kezkatzekoa. “Frantzia, ongi-etorriaren eta libertatearen lurraldea?” du galdetzen ACAT erakundeak. Galderak berak dakar ezezko erantzuna, giza eskubide asko ez baititu Frantziak errespetatzen, erakunde horren arabera. Jo bezate beraz jendetasun eta duintasunaren aldeko militante horiek guziek aitzina, munduaren bihotzean xinaurrien gisan lan egiten duten ezinbesteko zentinelak dira-eta.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3781. zbk

Azalekoa | 2025/01/30

Hazia landatzetik, proiektua loratzera

A.E.

Hazia%20landatzetik_%20proiektua%20loratzera

“Eguzkilore” haurtzain etxeak, apiril inguruan Aiherran ideki beharko lituzke ateak. Euskara, natura eta motrizitate librea izanen dira proiektuaren ardatz nagusienak. Gehiago ikasteko, Itxaro Elosegi Martinon, Lisa Garra eta Amandine Cazaux proiektuaren hiru bultzatzaileekin bildu gira.

Hirukotearen ibilbidea

Itxaro Elosegi Martinon 27 urteko aihertarra da. Baxotik landa Gasteizera joan zen haur hezkuntza ikastera. Gaur egun, Ziburun lan egiten du haurtzain etxe batean.

Lisa Garra 38 urteko beskoiztarra da. Haur hezkuntzako oinarrizko lanbide ganoa pasa du, ordezkapenak egitea ahalbidetu diona. Euskara formakuntza intentsiboan ikasi ondotik, gaur egun Hazparneko haurtzaindegi elebidun batean lan egiten du.

Amandine Cazaux 35 urteko urketarra da. Erizaina da 13 urte honetan. Ikusiz euskarazko haurtzaindegirik ez zela, euskara ikasi zuen buruan ukanez agian egun batez proiektu bat muntatuko zuela.

Haziaren landatzea

Aiherran haurtzain etxea idekitzeko asmoa zela ikusirik, hasieran Itxaro Elosegi Martinon beste hiru pertsonekin proiektua muntatzen hasi zen. Nahiz ez zen burutu, aihertar gazteak aitzina segitu zuen eta entzun zuen Lisa Garra eta Amandin Cazaux-ren proiektua. Azken biek lokal bat ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016