Herriz Herri - Azkaine (L) | 2025eko Urtarrilaren 30a
Sorkuntza inprobisatua - Bertsuxurla - Herritarren bilkura
Sorkuntza inprobisatua
Otsailaren 2an igandez, La Boite à Idées konpainiak “Vos amis à la carte” bere azken sorkuntza inprobisatua emanen du, (17:00) VVF-eko La Bergerie gelan. Ikusgarri honek 4 pertsonaia nagusi eszenaratzen ditu, ikusleek emanaldiaren hastapenean zehaztuak. Adixkidetasunaren gaia hurbiletik aztertuko dute kontsumo gizarte irensle batean. Deneri idekia, frantsesez izanen da eta oren bat eta laurden iraunen du. Sartzeak egunean berean salgai dira, helduentzat (15 urtetik goiti) 10 eurotan eta prezio apalean 5 eurotan. Erreserbak Azkaingo Herriko Etxean egin daitezke: 05-59-54-66-89.
Bertsuxurla
Otsailaren 7an ostiralez (19:00), bertsuxurla iraganen da Xoko Ona ostatuan. Hiru bertsulari bikotek parte hartuko dute: Joanes Azpillagak eta Danel Herrartek, Irantzu Idoatek eta Araitz Katarainek eta Johane Larrek eta Kattin Madariagak. June Elizondo eta Saroia Idoate izanen dira gai emaileak. Urririk izanen da.
Herritarren bilkura
E-CHO makroproiektua Biarnoko Lacq herrian egitekoa den egitasmo ekologikoa omen da. Hidrogenoa ekoizteko fabrika erraldoia, hegazkinentzako eta itsasontzientzako erregai"berdeak" ekoizteko lantegi bana ukanen luke. Mugimendu ekologista kezkatzen duen proiektua da, besteak beste inguruko oihanetatik lortu biomasa izanen bailitzateke energia-iturri. Makroproiektua izanik, deforestazio masiboa eraginen luke: 14.000 hektarea desagertuko lirateke lehen bost urtetan.
Hori dela eta, otsailaren 7an (18:00), oihanak babesteko, E-CHO proiektuari buruzko herritarren bilkura antolatuko da Biltoki gelan.