Herriz Herri - Itsasu (L) | 2025eko Urtarrilaren 30a
Musikaterapia haur-buraso tailerra - Esker onezko meza - Ate idekiak
Musikaterapia haur-buraso tailerra
Artearen gaiari lotuta, irudimenaren bultzatzaile indartsu bezala, aurten Itsasuko ikastolako haurrek landu dutena, Maialen Alfaro sofrologo eta musikaterapeutak, animatuko du haur-buraso tailerra otsailaren 2an, igandez, (10:00) Sanokiko gaineko gelan.
Tailerra urririk da, baina izena eman behar da 06-70-49-60-10 telefonoan (lekuak mugatuak dira).
Arrokagarai ikastola antolaturik.
Esker onezko meza
Iragan urte hondarrean, gehiagoko harrabotsik gabe, diskrezio osoan, Itsasun zeuden serorek beren egoitza utzi dute. Hainbeste urtez hainbeste zerbitzu (izan joste-ikastegi, kantina, eskola...) eskaini duen seroren kongregazioneak Itsasuko egoitza uzteko erabakia hartu du. Zenbat eta zenbat itsasuar ez gira etxe horri zor diogun esker ona! Ene belaunaldikoek, aitzinagokoek eta ondokoek ere badakigu hori. Lekukotasunak altxatu behar balira, kaiera osoak beteko litaizke. Hori guzia gogoan, bihotz-ximiko batekin hartzen dugu berria: 1850az geroztik, kasik bi mendez iraun duen etxeak ateak hetsi ditu.
Gure atxikimendua eta ikustatea agertzeko parada emana izanen zaigu otsailaren 16an, igandez, beharra den ospakizunean aurkituz. Goizeko 10:30etan izanen da seroreri eskaini esker onezko meza Itsasuko elizan.
Ate idekiak
San Josep eskolak ate idekiak antolatzen ditu otsailaren 1ean, larunbatez (9:00-12:00).