Jainkoa bizia jendea | 2025eko Urtarrilaren 30a

"Errege" magoak?

J-L.Davant

Matiuren Ebanjelioa bakarra da magoak aipatzen dituena, haatik errege titulurik eta zenbakirik gabe. Hirugarren mendean Tertullien idazle giristinoak "kasik errege" deitu zituen. "Kasik" hori laster desagertu zen, magoak osoki errege zirelakoan, eta geroztik ustekeria bazter guzietara zabaldu da. Zein ote da titulu horren arrazoina? Ene ustez bi hautu dira, eta ez dakit zein den xuxena. Baina beharbada biek elgar bermatzen dute?

Batetik, ordu hartako jendeen artean erregeak izanez gorenak, titulu horrek magoen garrantzia ezinago indartzen du denen begietan. Bestetik, Herodes errege baitzen, Jesus haurra ere bai, ez ote zena egoki eta xuxen bien bisitariak ber gradukoak izan zaitezen?

Ber mendean Egipton, Origene Alexandriako apezpikuak pentsatu zuen magoak hiru zirela, Jesus haurrari ekarri oparietarik. Baina Matiuren errana ez ote zaigu aski, zenbakirik aipatu gabe? Magoak beharbada bi ziren, edo lau, edo gehiago, eta zer inporta du? Haien bisita zen ederra, zinez aipagarria…

Haatik paganoak omen ziren jende haiek Bibliako profezia horren berririk nondik zuketen? Oroit gaitezen J.K.ren aitzinetiko seigarren mendean Judako "eliteak" Babilonian desterratuak egon zirela bi belaunaldiz, 597 urtetik 538 urtera. Gero parte bat han egon zen, beharbada hango jakitunen baitan bere sinestearen arrasto batzuk hedatuz. Ikertzaile gehienen ustez, mago haiek astronomoak zitezkeen, Babiloniatik etorriak, han astronomia zinez garatua baitzen ordukotzat, eta zerua ongi begiztatu behar zen izar berri baten ikusteko.

Haatik beste zenbaiten ustez, magoak urrunagotik heldu ziren, beharbada oraiko Irak erresumaren erdigunean zegoen Babiloniaren harainditik. Egia da han gaindi, Persian, egungo Iran famatuan, apezeria bat indartsua bazela, magoena, astronomiari emana. Baina zergatik urrunean bila hurbilago ukaiten ahal dena?

Zernahi gisaz ere, Matiu ebanjelistaren xedea zer izaten ahal zen? Ez oraiko gisan historialari lan zientifikoa eginez, Jesusen bizia xehe-xehea eta xorroxki kontatzea, baina berri guziz on baten zabaltzea: profetek aitzinetik hitzeman bezala, Israelgo errege berria sortu dela, Jainkoaren seme bakarra, Nazareteko Mariaren sabelean gizon egina. Jainkoaren erregetza hedatu behar du, Israel herria libratu, jende oro bekatutik salbatu. Mezü hori Ekialde urruneko magoek ukan dute beraz izar berri baten arartez, haia-haia jin dira Israelgo errege sortu berriaren adoratzera, eta geroztik badakigu Jesus haurra dela.

Hori da Matiuk guri ere luzatzen digun deia, pagano haien etsenplu ona emanez. Eta hori bera da Ebanjelioaren xedea: Jesu Kristoren mezua guziengana helaraztea. Gu ere izarraren ondotik abiatu ginen. Harek argitu bidean aitzina goazen fidelki bururaino, Matiuk ez idurian proposatzen digun bezala. Bide hoberik ba ote da? Ez dut uste. Gure xantza estima dezagun, araberan bizi gaitezen, eta egun batez, beste munduko argitan, magoak zenbat ziren ikusiko dugu, eta nor ziren ere.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3781. zbk

Gure Hitza | 2025/01/30

Munduaren bihotzean zentinelak

Peio Jorajuria

Eguberri aitzinttoan, bizi naizen herriko emazte bat gurutzatu nuen eta solasetan hasi ginen. Suharki mintzatu zitzaidan Parisen gaindi egin berri zuen itzuliaz. Ez zen, ez, harat turista gisa joana, ACAT (Action des Chrétiens pour l'Abolition de la Torture) erakundearen 50. urtemugaren ospatzera baizik. Zeren erakunde horretako kide da, Baionan direla hilabetean behin biltzen, eta gainera Frantziako bulego nazionaleko kide ere da. Hauxe ene harridura! Banekien besteak beste mendizalea zela, euskal kantua ere maite zuela, koru batean kantatzeraino. Baina militantziaren alderdi hori ez nion batere ezagutzen. Eta hari esker gehixeago jakin dut ACAT erakundeaz, orain arte, egia erran, Euskal Herriko Torturatuen Sareaz eta ere Torturaren Aurkako Taldeez (TAT) nuela gehiago oihartzun, ACAT hortaz baino.

Nazioarteko Amnestyren kanpaina bati esker, munduan gaindiko torturaren hedadura ikaragar...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016