Jainkoa bizia jendea | 2025eko Otsailaren 06a
Konfreriak Euskal Herrian ere?
Mikel Erramouspe
“Jainkoa Bizia Jendea” saila “Gogoa hazi” bilakatu da. Izenburu aski zabala da. Nik hasteko idatziko ditudanak giristino ikuspundu batetik idazteko gogoa dut.
Berriki Aita Saindua Korsikan izan da herritar edo populuak bizi dituen debozionetaz antolatu gogoetaldi baten karietarat. Debozione horietan, konfreriak Korsikan bizirik dirautenak.
Anai arteko elkarte batzu dira lehenik laguntza baten ekartzeko eri, xahar, ezindu edo beharrean denari. Prosesioneak, kurutzearen bidea, otoitzaldiak, hil beilak antolatzen dituzte partikulazki herriko besta kari lekuko patroina ohoratzeko.
80 bat ba omen dira eta arrakasta handia biltzen ari dira. Luzaz baztertuak izan dira bainan Bustillo apezpiku nafartarra Korsikarat arribatuz geroz berriz ere beren leku osoa hartzen ari dira.
Anitzek diote korsikar kultura eta fedea ederki uztartzen direla konfreria horietan. Gainera, herritarren gain izanez, osoki apezen esku den elizan leku bat uzten zaie laikoeri.
Aita Sainduak horiek guziak arras untsa senditzen ditu. Ezda beraz ustegabean etorri joan den abenduan Korsikarat, Pariseko katedralaren estreina distiranta bazter utzirik.
Eta hemen Euskal Herrian zertan gira?
Guri gelditzen zauzkigun konfreriak dira Ezpeletako biperra edo euskal bixkotxaren gisakoak. Beren jantzietan agertzen direnak mezatik haste nork bere ekoizpenaren ohoratzeko eta defendatzeko. Ez ote lieke Korsikakoen gisa beste egitekorik junta?
Badu kasik 20 urte ez dela deus mugitzen pastoral arloan gure diozesan. Laikoak baztertuak senditzen gira erabakiak hartu behar direlarik. Salbuespen batzu badira beharrik, bainan apezen eta nolaz ez apezpikuaren eskuetan dira denak eta ondorioz, laikoek ez dakigu nola behar ditugun lagundu eta gure lekua hartu.
Har dezagun ehorzketen kasua. Ene inguruan apezak gaindituak dira. Denetarat ezin hel. Familia batzuk beha egon behar egunak eta egunak ehorzketa elizkizuna ezin finkatuz.Apezak berriz beste lanetan ezin engaia!
Alta badakigu auzoko diozesetan laikoek dituztela elizkizun horietarik batzu eramaiten. Zendako ez da hemen deus mugitzen? Badakigu ere zeremonia klase horien erritualak jadanik prest direla. Zeren beha gaude?
Proposamen bat egiten dut. Zendako ez ginuzke hain xuxen konfreria batzu sortzen hortakoak? Erran nahi dut doluan diren familien laguntzeko, elizkizuna prestatzen eta eramaiteko bederen familia ados balin bada.
Hortako behar litaike prestakuntza eta formakuntza serios bat abiatu lehenbailehen. Segur niz balitaikela jende. Bainan ez litaike berandu behar…