Herriz Herri - Iholdi (NB) | 2025eko Otsailaren 13a
Dolu
Doi doia zenbait aste bere anaia Janbattiten ehorzketetan zegoen Paul Poydessus, laster jo dio harenganatzeko orenak, 90 urtetan uzten zuela mundu huntako egonaldia. Gaztetan laborari etxetan mutil egona soldado joan arte, nun jastatu baititu, beste anitzen gisan, Aljeriako gerlako gorabeherak. Handik lekuratu eta joan zen Parisera, han iragan du, bere Lili emaztearekin erretretaratu artinoko lan denbora, beti bere xokoa gogoan, etxe berri bat eraiki zuten Iholdi “xahartasunaren” hor iragaiteko, berak zioen bezala, Paulen sortetxeko lurretan. Lagunkina baitzen Paul, maite zuen lagunekin egoitea ez baitzen enoatzen harekin egon denboran, oroitzapen onak utzi ditu.
Anitz jende bildu da haren ehorzketetara, auzo herrietako banderak hor zituela inguruan jinak, orok otoitz eta kantuetan parte hartuz hondar estimuzko agur batean bururaino segitzera. Gure partetik dolumin bihotzekoak Lili andreari bai eta familia eta heriotze hortaz hunkiak diren guzieri.