Jainkoa bizia jendea | 2025eko Otsailaren 13a
Zein etxetakoa zaitugu, Ines?
Johanes Bordazahar
“Tandilekoa nauzu. Tandil han duzu, 11.400 kilometrotan, Argentinan. Zuen Iparraldeko kostalde guziko biztanlea kabitzen duen hiri gotorra, hauen artean euskal jatorriko jende anitz”. Handik jin zaigu Euskal Herrira Ines Olazabal andere gaztea, euskara zerotik ederki ikasirik, berea eginik, konpainian fin, jori eta gozo erabiltzen duena. Inesek diasporako euskotarrek edo atzerritarrek bezala Euskal Herriaz irudi idilikoa zeukan. Kanpokoek miresten ohi dute delako gure euskal nortasun arraroa, desiragarria, aparteko mintzaira, kultura bikaina, bazter zoragarriak, hitzeko eta hitzezko jendeak. Baina hemen Iparraldean lurreratu eta bi herrixka kurritu orduko, engainua, etsipena. Jendeakfrantsesak baino frantsesago. Desilusio latza. Ametsaren lana ote! Aspaldiko leloa: Baigorrin baxerak urrez; harat eta… lurrez! Beharrik aurkitu dituela zoko zenbaitetan egiazko herritarrak, Mohikanoetan azkenak.
Euskal Herrian, etxean
Ines bezalako diasporako askok beren bizia euskaraz amesturik, haien ametsa errealitate bihurtu dute. Oraindik maitemindurik ari dira hizkuntza lantzen, hobetzen eta transmititzen. “Palabra de vasco” Inesek erranen dizu, nahiz eta argentinarraizan, hemen “etxean” sentitzen dela. (Aldiz gu, euskararik gabe, gure “etxean” bertan, gero eta arrotzagoak!). Alabaina, nortasuna etxeak ematen bide du: “Zeintakoa haiz, hi?” galdatzen ziguten, haurtzaroan, jakiteko nor ginen… “Euskal etxekoa nauk!” Etxean izatea ez ote da zure euskaran bizitzea, zure buruarekin harmonian, ingurukoekin maitasunean konfiantzan eta bakean. Kanpoko nehork behartu gabe. Kokatua sentitu gabe, lotura guzietatik libre, auzoekin komunitatean antolaturik. Zuhauren etxean jaun eta jabe zarelarik ez duzu lotsarik nornahiri “Welcome!” sendo bat emateko.
Pasioz eta axolaz zubi lanetan
Pasio handiko jendeak ei dira gaurko argentinar euskaldunak. Menturaz haien arbasoek berekin eraman zituzten gaur guri falta zaizkigun euskararekiko grina eta atxikimendua. Ines bezalakoek hitz soilekin, arduraz, ehuntzen dute hizkuntzaren arima, “online” edota euskal hiztun bakan batzuekin solasean. Behin, hitza bihotzean ohatu eta mihian loratzen zaie. Eta horra berak, apalki baina fermuki aitortuko dizuela: “Nire nortasuna euskarak eraiki dit”. Miraria? Ez, maitasuna lana eta oinarrian: sinestea! Hala ere itsasoa zeharkatzeko beharra sentitu du, gure hizkuntzaren arimaren arnastera etortzeko. Euskararen hatsa, kolorea eta soinua egina baita hemengo etxe, haize, euri, soinu, harri, lur, lohi, laino, kresal eta… jendeekin.
Horra beraz, Argentinako diasporatik deia zabaldua euskaradunei atzar gaitezen. Handik eskua luzatua, eskua eskainia, hartzeko. HARR-EMANA gaurko euskaradunen arteko baitezpadako hitza, hitz ahoz obratua. Ageri da badela beste pasiozko, oinarrizko, Euskal Herri paralelo bat eraikitzen ari, muga guzien gainetik. Inesek harri eder bat gehitzen dio sendotzen ari den zubi horri.