Jainkoa bizia jendea | 2025eko Martxoaren 13a

Jesus Koran liburuan

J-L. Davant

Fanatiko zenbaiten faltaz, musulmanek Europan fama txarra dute. Nork ezagutzen ditu? Doi-doia badakigu Koran delakoa dutela beren liburu saindua, Muhammad/Mahomet profetak VII. mendean diktatua. Egia da musulmanek berek oso guti leitzen dutela. Lehenik orduko arabiera klasikoz idatzia da, beraz gaurko arabiera mota desberdinetarik urrun dago. Gainera musulman zorrotzenek itzulpenik ez dute nahi, gogoz ikasi behar dute arabieraz ez dakitenek ere, Jainkoaren hitza delakoan.

Egia da iturriko ura dela nagusi: freskoena, garbiena, gozorik hoberena duena. Ezen ur distilatuak ez badu gosturik, ur natural bakoitzak bere zapore berezia badu bere baitan urtuak dauzkan mineralkiei esker. Hona beraz ene erantzuna: iturritik hurbil balin bazaude, xantza duzu, handik zuzenka edan baitezakezu. Baina iturritik urrun balin bazaude, zer egiten duzu? Dutzulu/arrobineta irekitzen eta ura handik hartzen. Ez da iturrikoa bezain ona, baina beti ura da, bizitzeko airearen ondotik gauzarik beharrena. Egia da arabieraz otoitz egiten dutela munduko musulman guziek, edozein hizkuntzatakoek, adibidez Aljeriako kabiliarrek ere.

Koranaren itzulpen onik badago. Bat badut etxean frantsesezkoa, musulman jakintsu batzuek egina, eta beste bat euskarazkoa, itzultzaileak dituelarik Dionisio Amundarain eta Iñaki Ugalde, koordinatzailea Joxe Arregi.

Ez da irakur errexa, gure gaurko kulturatik urrun dago, Bibliako Testamentu Zaharra bezalaxe. Ezin da eleberri baten gisara segidan irakurri. Artetarik so bat egiten diot hantxe, hortxe. Jesusi leku handia ematen dio, Mahomet profetarena baino askoz ere zabalagoa. Jesus Mariaren semea da, eta Mariak fama ederra du islamen. Jesusek sortze birjinala du Gabriel arkanjeluaren hitzari esker, Matiuren eta Lukasen Ebanjelioetan bezala. Haatik ez da Jainko: kreatura berezi bat da, Jainkoak zinez gora ezarria. Jainkoaren hitza da haragitua, Joaniren Ebanjelioko sarreran errana den bezala. Mesias da lau Ebanjelioetan bezala, eta mundu zaharra bukatzean, bizien eta hilen jujatzera etorriko zaigu. Horra Koranak Jesusez dioen beharrena.

Zenbat ote dira musulmanak, bai eta giristinoak, Jesusen arartez eta bitartez bi erlijioetako fededunek dugun hurbiltasunaren berri dakitenak? Arras guti, nibeldur.

Koran liburua bazter utzirik, musulman asko beren "Xaria" famatuan hetsirik daude. Baina zer da Xaria? Legegizon eta teologo andana batek duela dozena bat mende elkarrekin moldatu zuten legedia praktikoa. Baina Profetaren denboran eta jendartean ote gaude beti? Gainera ezin hunkitua omen den Xaria sakratu horrek diferentzia handirik badu erresuma batetik eta garai batetik bestera, Jainkoaren hitzak ez bezala.

Eta guk, katolikoek, uste ote dugu Jainkoaren jabeak garela? Jainkoaren hatsak nahi duen aldera ufatzen du eta buhatzen haizeak bezala, gure murru guzien gainetik. Eta guk, kristauek, arnas hori entzun bageneza eta gure obrez lagunt? Abdelkaderren mezu garbia da, enetzat ezin ahantzia.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3787. zbk

Gure Hitza | 2025/03/13

Emetasuna zauriturik

Ainhoa Etchenique

Martxoaren 8a, Emazteen Nazioarteko Eskubideen Eguna, gehienetan emazteen besta bezala kontsideratua bada ere, emazte batzuk jasaiten duten egoera dorpeaz hitz egiteko eguna da. Gai hunen inguruan jarrera batzuek mintzen naute.

Sortu naizenetik, nire emetasunak min egiten dit. Nehork ez ninduen abisatu hain zaila eta mingarria zela emazte izatea.

Emazte sortzen girelarik, eskolara sartu bezain laster borrokatu behar gira. Jolasgaraian adibidez, ikastolan mutiko eta neskak, zahar eta gazteagoak lehiatzen dira korrikan. Neska batek mutiko bati irabazten dionean, mutikoari gehienetan ohar berdina egina zaio, trufatuz: “neska batek irabazi zaitu”.

Neskak futbolean aritzen direnean berriz, ongi moldatzen direnean “azkarra zira neska batentzat” erraten zaie.

Handitzean, gauza pisu bat altxa behar denean, beti “utz ezazu, pisuegia da zuretzat” erraten da...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016