Herriz Herri - Beskoitze (L) | 2025eko Maiatzaren 08a

Oñati eta Beskoitzeko ikastolen arteko harremanak herri mailara zabaltzen

Mikroan Oñatiko andere auzapeza, haren ezkerrean Beskoitzekoa
Mikroan%20OAatiko%20andere%20auzapeza_%20haren%20ezkerrean%20Beskoitzekoa

2019tik Oñatiko Txantxiku ikastolako eta Beskoitzeko ikastolak duten harremana herri mailara zabaltzeko nahia erakutsi zuten bi herrietako agintari nagusiek apirilaren 12an Oñatiko Herriko Etxean eginiko ekitaldian. Beskoitzeko ordezkaritza zabala batu zen Oñatin.

Duela sei urte hasi zen Oñatiko Txantxiku ikastolaren eta Beskoitzeko ikastolaren arteko harremana. Beskoitzeko ikastolak zailtasunak zituen eta Oñatikoak lagundu zuen, elkartasun handia erakutsiz. Joan den apirilaren 11tik 13ra, harreman hori herri mailan berretsi zen, Oñatiko Herriko Etxeko ordezkariek harrera egin baitzioten Beskoitzetik etorri ordezkaritza zabalari. Oñatin izan ziren, besteak beste, Beskoitzeko Pascal Jocou auzapeza, Herriko Etxeko beste zenbait ordezkari, Oinak Arin dantza taldeko, Leizarraga kantu taldeko, Eskulari elkarteko eta Gau Eskolako hainbat kide, eta ikastolako hainbat buraso eta ikasle.

Ikastolako bost familia ostiralean heldu ziren Oñatira, baina ekitaldi nagusiak apirilaren 12an larunbatez egin ziren. Egun horretan mukuru beteriko bi autobusek eta hainbat autok joan-jina egin zuten Beskoitze eta Oñatiren artean.

Eguerditan Izaro Elorza Oñatiko auzapezak eta Iñaki Olalde kultura axuantak harrera beroa egin zieten beskoiztarrei Herriko Etxean. Txantxiku ikastolak eskainitako pintxo-pote ederra hartu zuten denek herriko plazan. Gero, Txantxiku ikastolan bazkaltzeko bildu ziren. Leizarraga elkarteko kantariek bultzaturik, jendea kantuz aritu zen plazerez.

Eskulari eta Aloña Mendiko pilotari gazteak plazako pilotalekuan bildu ziren partida pollit batzu burutzeko. Haurrak bezala, burasoak ere loriatuak ziren. Ondotik, dantzariek lekukoa hartu zieten pilotariei. Oñatz eta Oinak Arineko dantzari gazte airosak aldizka aritu ziren musikarien laguntzaz.

Ondoren 2 autobusak Beskoitzera itzuli ziren, eta Oñatin gelditu zirenek hango lagunekin pintxo-poteo ibilaldia egin zuten ostatuz ostatu, plazako elkartean afari eder batekin bukatuz egun aberats hori.

Biharamunean oraindik Oñatin ziren ikastolako 10 bat familiek Arrikrutzeko harpeak bisitatu zituzten, Araotz auzoko elkartean bazkaldu eta Beskoitzera itzuli aitzin.

Oñatin izan ziren guziek biziki baikorki baloratu zuten egonaldia. Oñatiko Elorza auzapezak azpimarratu zuen ordura arte bi ikastolen artean izan zen harremana zabaldu zela asteburu horretan, eta kultura eta euskara ardatz harturik harreman berri hori sakontzeko borondatea erakutsi zuen, nahiz eta onartu bi herriak desberdinak direla. Pascal Jocou Beskoitzeko auzapeza ere baikor agertu zen eta heldu den aldian oñatiarrak Beskoitzera gomitatu beharko zirela aipatu zuen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3795. zbk

Gure Hitza | 2025/05/08

Eta gero zer?

Ainhoa Etchenique

Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu sozial edota euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa egiteko proposamena da. Euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta Euskal Herri osora hedatuz. Aurtengo edizioa 4. izanen da, maiatzaren 15etik 25era iragaitekoa da, 11 egunez orotara.

11 egun horietan, herritarrek ahobizi edo belarriprest gisara parte hartuko dute. Ahobizi euskaraz hitz egiten dutenak izanen dira, euskaraz aritzea eta ingurukoak euskarara animatzea ukanen dute helburutzat. Belarriprest berriz, euskara ulertzen dutenak baina hitz egiteko ohitura ez dutenak izanen dira. Euskara entzun eta ulertzea ukanen dute helburutzat.

11 egun epe motza da, motzegia ohidurak osoki aldatzen lortzeko hain segur. Baina euskararen inguruko kontzien...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016