Jainkoa bizia jendea | 2018ko Apirilaren 19a

Batasun unibertsala

Mandio fedeola.eus

Aita Sainduak publikatu duen Laudato si entziklika arras preziatua da mundu giristinotik haraindi ere. Munduaren eta gizakiaren bizi iraupenerako bide sendo bat erakusten du. Batasun unibertsala aipatzen du bigarren kapitulan. Testu osoa aurki daiteke interneten. Itzultzailea nor den ez da ezarria, aise ohartuko zare, irakurle, ez dela Iparraldekoa. Italikoz Aita Sainduak diona.

Ttikitan entzuten genuen “Egon prestuki! Jesusek denak ikusten ditu!” Eta bertze erranaldi hau ere, zerbeit gaizki egin ondoan suertez edo kulpabilizazioak eraginik min hartzen bagenuen, “Jainkoak punitua!” Gauza horiek gogora heldu zaizkit gure zakur ibiltariari mintzo natzaiolarik: “Kasu ‘mak, Otso, etxetik sobera urruntzen bahaiz G.P.S.ak ikusiko hau eta deskargatxo bat hartuko duk!” Nere zakurraren jaun eta jabe sentitzen naiz. Alta hauxe dio Aita Sainduak: Mundu honetako izakiak ez dira jaberik gabeko ondasun gisa hartu behar: “Zureak dira, Jauna, bizia maite duzun horrenak... munduko izaki guztiak baturik gaude lotura ikusezinen bidez eta familia unibertsal moduko bat osatzen dugu... Gogorarazi nahi dut Jainkoak hain hertsiki uztartu gaituela inguratzen gaituen munduarekin, lur-zorua basamortu bihurtzea gaixotasun bat bezala da bakoitzarentzako, eta deitora dezakegu espezie baten desagertzea geure “zango-moztea” balitz bezala.

Horrek ez du esan nahi izaki bizidun guztiak berdinean uztea eta gizakiari balio berezi hori kentzea… Ez du esan nahi lurra jainkotzea ere… Batzuetan, gizakiaren lehentasuna ukatzeko obsesioa nabari dugu, beste espezie batzuen aldeko borrokan hasten gara… Egia da saiatu beharra daukagula beste izaki bizidunak arduragabeki tratatuak izan ez daitezen. Baina benetan honek akitu behar gaitu: gure artean diren desberdintasun ikaragarriak… Batzuk besteak baino giza maila handiagokoak direla onartzen ari gara, praktikan, eskubide gehiago eta handiagoekin jaio izan balira bezala.

Ez daiteke erreala izan gainerako izakiekin batasun intimoan lotzen gaituelako sentimendua, baldin eta, aldi berean, bihotzean ez badago samurtasun, erruki eta kezkarik gizakiaganako…

Bestalde, bihotza zinez irekia dagoenean, komunio unibertsalerako prest, ez inor eta ezer dago baztertua anaitasun horretatik. Ondorioz, egia da, era berean, mundu honetako gainerako izakienganako axolagabekeria edo krudelkeria, onartzen bada, azkenean, gizaki batzuei ere antzeko tratua ematen hasiko gara. Bihotza bakarra da, eta animalia bati tratu txarrak ematera bultzatzen gaituen miseriak ez du askorik irauten pertsonei eraso egin gabe. Izaki bati egiten zaion edozein basakeria “giza duintasunaren kontrakoa da”. …“Bakea, justizia eta kreazioaren kontserbazioa, noski, hiru gai bata besteari oso lotuak, bakarka tratatzeko bereiz ez daitezkeenak… Dena erlazionaturik dago, eta gizaki guztiok elkarrekin gaude anai-arreba moduan, erromesaldi liluragarri batean, Jainkoak izaki bakoitzari dion maitasunean uztarturik; eta horrek, era berean, eguzki, ilargi eta ibaia anai-arrebekin eta ama lurrarekin uztartzen gaitu, samurtasun handi eta amultsuan.

Zinez aberatsa Aita Sainduaren gogoeta.

Galde bat airean gelditzen dena hala ere: Gizakiak krudelkeria baztertu? Bai, bai! Bainan zer erran abereenaz? Izurde maite politarenaz? Izakiekin batasun intimoa badukete menturaz. Bihotz samurtasunik ez haatik. Ikus Blue film zoragarria.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3446. zbk

Herrak iluntzen du bizia, maitasunak argitzen

Martin Luther King

Gure Hitza | 2018/04/19

Milesker!

Janbattitt Dirassar

Behialakoak ziona, gertatzen ez denik ez da!

Behialakoak ziona, gertatzen ez denik ez da! Eta gutien ustean bada ustegabeko zerbait! Barkatu otoi bainan aste huntan nihauren buruaz sartu nahi ditut lehenik zonbait lerro. Lorietan nindagon "Herria" astekari hunen biltzar nagusia Xuberoan behar ginuela, eta gainerat Muskildin, euskal nortasunari zoin atxikia den azkar erakusten duen herri batean. Azkenik oraino aurtengo maskarada airosa aski ederki muntatuz... Bainan ez nintzen biltzar nagusian, ezinbestean bada ezinbestean, bortxatua bezala etxen egoiterat... Artetik erraiteko, ez dut usu huts egin hitzordu hori, bi aldiz naski, aurten eta duela sei urte, Donibane Garazin iragan zelarik, eta orduan ere ezinbestean... Alta, usaian bezala nahiko nintuen agurtu eta eskertu Herria astekari hunen lankide, berriketari eta laguntzaile kartsuak. Nahiko nioten milesker handi bat erran bihotzaren zolazolatik. Erran zoin baliosak zaizkitan batzuk eta bestek akulatzen dituzten urratsak. Alde bat kanbiatuz doan mundu huntan eta "Herria" ber...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016