Azalekoa | 2018ko Uztailaren 12a

Euskara jalgi hadi Euskal Elkargora!

M.O.

Sébastien Castet, Euskal Konfederazioko ordezkaria bulegoan.
Sebastien%20Castet_%20Euskal%20Konfederazioko%20ordezkaria%20bulegoan.

Azken Euskal Elkargoaren bilkura orokorrean, euskarari buruzko bi delibero bozkatu dira gehiengo handiz: euskara elkargoaren eremuko lurralde hizkuntza gisa ofizialki aitortzea eta euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua abiaraztea. Egon gira Euskal Konfederazioko Sébastien Castet ordezkariarekin, jakiteko zer balorapen egiten zuen hainbat urtetan euskararen arloan ari den elkarteak

Euskararen aitortza ofiziala

2016an, Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak plazaratu zuten elgarrekin adierazpen bat, euskararen ezagupen ofizialaren beharra Ipar Euskal Herrian. Euskal Konfederazioarentzat "hartua izan den erabakia begi-onez hartu dugu, lehen aldia delakoz Ipar Euskal Herri mailako instituzio batek bozkatzen duela euskara lurralde huntan ezagutua izan dadin". "Bestalde, delibero horrek Euskal Elkargoak euskararen aldeko hizkuntza politika ausarta eramaiteko duen borondatea berresten eta sendotzen du nolazpait" zion Euskal Konfederazioak.

Hizkuntza politika proiektua

Hizkuntza politika proiektuari buruz, hain zuzen, egokia eta mamitsua iruditzen zaio. Izan ere, gaur-egun euskararen alde emaiten ari diren pausuak euskalgintzak urte luzaz egindako lanari esker dela oroitarazi ondoren, eremuka finkatu helburu eta neurri anbiziotsuetaz gain beste hainbat puntu interesgarri bezain garrantzitsuak agertzen direla dokumentuan. Euskal Konfederazioko kideak azpimarratzen zuen, "hizkuntza politika proiektua ausarta bada ere, frantses legedian mugatua gelditzen dela". Baliabide juridikoak mobilizatuz gaur-egungo blokatzeak gainditzeko nahiarekin Euskal Elkargoak horrelako lan baten abiatzea behar-beharrezkoa du. Txalogarria da esperimentazioaren bidez lege koadroa aldatzeko griña hori ikustea, euskararen garapenean urrunago joateko, koofizialtasuna onartarazteko.

Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) akulatzaile

Hizkuntza politikaren eskumena instituzio maila desberdinen artean partekatua bada ere, Euskal Konfederazioak azpimarratu izan zuen norbaitek oldar politikoa eman behar ziola. Beraz herriak laguntzeaz gain EEPren baitan akulatzaile eta bultzatzaile rola nahi izatea, beste instituzioek -Estatua, Eskualdea, Departamendua- Ipar Euskal Herrian dituzten zerbitzuetan eta azpiegituretan euskararen presentzia eta erabilera hobetu ditzaten, begi onez ikusten du Euskal Konfederazioak.

Euskal Konfederazio laguntzeko prest

Sébastien Castet-entzat: "Bi delibero horien edukia kontuan hartuz, oinarri sendoa dugu Ipar Euskal Herrian jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emaiteko euskararen aldeko hizkuntza politikan". Orain arte egin bezala hizkuntza politika proiektua eraikitzen laguntzerakoan, Euskal Konfederazioa elkarlanerako prest da, bakoitza den lekutik eta duen funtzioa gogoan harturik, lan handi horretan denek baitugu zer ekarri eta zer proposatu. "Orain euskara Ipar Euskal Herriko hizkuntza gisa ofizialki aitortua dela, behar eta merezi duen bezalako hizkuntza politika eskain diezaiogun!"

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3458. zbk

Xahartzen hasten zira ez duzularik gehiago zerbaiten ikasten artzeko gogorik

(Arturo Graf)

Gure Hitza | 2018/07/12

Esperantzak hitzemaiten, ez beti emaiten

Menane Oxandabaratz

Joan den uztailaren 1ean Simone Veil Panthéon monumentu historikora ekarri dute. Hil zelarik hunkitua izan nintzan berria entzutean. Badira hola pertsonalitate batzuk adostasun osoa dutena jendarte handi batenganik. Simone Veil horietarik bat da, emazte borrokalaria, leiala bere engaiamenduetan. Emazte nortasun handikoa, bere lekuaren hartzen, fermuki eta kartsuki jakin izan duena "gizon mundu" batean. Bere borroka handienetarik bat izan da IVG (Interruption Volontaire de Grossesse) legea onartaraztea, kalapita handiak sortuz. 1974an Frantses Parlamentuan behar izan zuen abortuaren legea ekarri deputatu andana bat kontra zelarik, jasan zituen mehatxuak eta hitz gogorrak. Emazte hunen temari esker, beste emazte anitzek edo bizia salbatua izan dute, anitz hiltzen zirelakoz, edota beste bizi libreago bat eraman izan ahal dute, askatasun bat lortzen zutela. Lege proiektu horrez gain, erakutsi du emazteek ere leku bat ukaiten ahal dutela politika munduan, Europar Parlamentuko lehen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016