Hegoaldean | 2018ko Uztailaren 12a

Hegoaldean

Krisia Iruñeko udalgobernuan

Joseba Asironek Iruñeko udalgobernua berritzeko erabakia hartu du. Ondorioz, Izquierda- Ezkerra eta Aranzadi taldeetako hautetsiak karguetarik kendu ditu. Auzapezak erabaki hori hartu du inbertsio jasangarrien bozketan bi alderdi horiek izan duten jarrerarengatik haienganako konfiantza galdu duelako. Bozketa horretan, EH Bildu eta Geroa Bai alde atera dira baina Izquierda-Ezkerra eta Aranzadi taldeek abstenitzeko hautua egin dute. Horregatik, inbertsio jasangarriei buruzko proiektua gauzatu ezinik gelditu da. Bi talde horien jokamoldea biziki larria kausitu du Asironek, alabaina, udal-gobernua Iruñeko auzoak erreberritzeko sei milioi euro inbertitzeko ahalik gabe gelditu baita horien abstentzioaren ondorioz. Hala ere, mementoan deuseztatua izan den sei milioiko aurrekontua berreskuratzeko ahal duen guzia eginen duela adierazi du Asironek. Sail horretaz arduratzen diren hautetsiei galdegin die aterabide bat atzeman dezaten inbertsio horren zatirik handiena berreskuratzeko. Egoera honetan, auzapezak erran du aldaketak berehala plantan emanen direla eta jadanik izendatu dituela arduradun berriak. Sail kopurua ere murriztu du: orain arte hamar ziren, baina hemendik aitzina zazpi izanen dira. Berdintasun saila auzapezaren esku geldituko da eta Parte-hartze saila Mikel Armendariz hautetsiak kudeatuko du. Gizarte Ekintza, Komunitate Garapena eta Adinekoen sailak bateratu dituzte eta Esther Cremaes hautetsiak zuzenduko ditu. Aniztasunari lotuak diren eskumenak Kultura sailaren barne izanen dira, Maider Belokiren ardurapean. Hiri Ekologia eta Mugikortasun saila Hiri Bizigarri eta Etxebizitza departamentuarekin lotuko dute, Joxe Abaurrearen zuzendaritzapean. Haatik, Asironek eskua luzatu die Ezkerra eta Aranzadiko zinegotziei, karguak utzirik ere, aldaketaren alde lanean segitzeko.

Migratzaileei harrera

Bilbon migratzaileak errezibitzeko larrialdi zentro bat eraikitzeko ados jarri dira euskal erakundeak. Hastapenean 40 leku izanen ditu eta bertze 40 gehituko dizkiote geroago. Halaber, migratzaileei laguntza eskaintzeko eta informazioa emateko zerbitzu bat sortuko dute. Gurutze Gorriak kudeatuko ditu biak. Bilbora heltzen diren etorkinei aterabide bat emateko plana gauzatzeko aurrekontua 150 000 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak 100 000 euro ezarriko ditu; Bizkaiko Foru Aldundiak 30 000 eta Bilboko Udalak 20 000 euro. Eusko Jaurlaritzaren xedea da bertze lurraldeetan ere gisa bereko neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegora heltzen diren etorkinen kopurua emendatu baita azkenaldian.

J. R. Lopez de Abetxuko libratua

Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoa libratu dute uztailaren 5ean, 29 urtez preso atxiki ondoan. Eri handi izanik ere, ez diote bere kartzela zigorra murriztu eta osoosorik bete du ETAko kide izateagatik ezarria zioten kondena.

Autogobernua

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek Estatutu berriaren Eskubide eta Betebeharrei buruzko atala adostu dute. Horrela, eskubide sozialak autogobernuaren "erdigunean" jarri dituzte, "herria egituratzeko ardatz" gisa. Joan den ostiralean finkatu duten dokumentua Autogobernu lantaldean hiru alderdien artean erdiesten den lehenbiziko adostasuna da. Hiru alderdiek finkatu duten hitzarmen horrek eskubide sozialak segurtatzeko neurriak proposatzen ditu. Adibidez, bizitza duina izateko gutieneko dirusarrerak eskuratzeko eskubidea aipatzen du. Halaber, hezkuntza "publikoa, inklusiboa eta kalitatezkoa" ukaiteko eskubidea, osagarri sistema "unibertsal, doakoa eta kalitatezkoa" ukaiteko eskubidea, lan duin baten eskubidea, "etxebizitza duin eta eskuragarri" baten erdiesteko eskubidea eta ingurumen "osasungarri" baterako eskubidea ere onartu dituzte. Gainera, emazteen eskubideei buruzko atal berezi bat sortzea ere hitzartu dute, sexuen egiazko berdintasunera heltzeko xedez. Bestalde, EAJk eta EH Bilduk bertze hitzarmen bat adostu dute. Azken hau Europako eta nazioarteko harremanei buruzkoa da. Zehazki, Estatutu berriak Euskadik nazioarteko erakundeetan "esku hartze zuzena" izatea bermatu nahi dute eta Europako hauteskundeetarako euskal barrutia sortzea ere aldarrikatu dute.

Seigarren euskara plana

Euskararen erabilpena normalizatzeko seigarren plana egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabalen arabera, oraingoa plantan ezartzeko, parte hartze prozesu bat egin dute langileekin. Sindikatuekin eta arduradun politikoekin ere bildu dira. Bere aldetik, Markel Olano ahal dun nagusiak adierazi du euskara "bidegurutzean" dagoela eta oraingo eginkizun nagusia erabilpena sustatzea dela. Helburu horrekin, lan munduan indar berezia egin nahi dute. Olanok dio bortz langiletatik lau baino gehiago direla hizkuntza maila egokia dutenak, eta esperantza du ondoko urteetan, belaunaldi berriari esker, denak euskaldunak izanen direla. Errealitate horretaz oharturik baieztatu du: "Euskaraz funtzionatuko duen aldundia nahi dugu". Planaren oinarria hau da: "Euskaraz egin daitekeena euskaraz egingo da". Aitzineko euskara planean euskara "lehenestea" aipatu zuten. Oraingoan bertze kontzeptu batzuk gehitu dizkiote horri, hala nola berdintasuna, euskararen eta gazteleraren arteko oreka lortzeko beharra, eta horretarako euskarari leku handiagoa egitea.

Artea eta mitoa

Mitologia klasikoak mendez mende artearen historian izan duen eraginari buruzko erakusketa zabaldu dute uztailaren 7an, Donostiako San Telmo museoan. Hor ikusgai izanen dira Madrilgo Prado museoak San Telmoren esku utzi dituen zenbait obra: Rubens, Zurbaran, Jose de Ribera, Michel-Ange Houasse, Francesco Albani eta bertze artista zenbaiten 31 margolan eta 17 eskultura. Urriaren 28ra arte ikusi ahalko da "Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak" erakusketa. Greziako eta Erromako mitologian gizaki itxura hartzen duten jainko eta heroien istorioen gainean artistek egin interpretazioen "begirada zabala" eskaintzen du erakusketak.

Nola erakarri jendea Arabako baserrialdera?

Arabako landa eremuak jendez husteari buruzko azterketa aurkeztu dute AKE Arabako Kontzejuen Elkarteak, Arabako Foru Aldundiak eta EH Bilduk. Azterketak erakusten du baliabide eskasiagatik, gero eta zailago dela baserrialdeko herri ttipietan bizitzea. Arazo horri buru egiteko, landa eremuetan enplegua sortzea eta etxebizitzak eskuragarri ezartzea baitezpadakoak direla ondorioztatu dute azterketa eraman dutenek. Horretarako, enpresen elkarlana proposatu dute, hurbileko herrietako langileak har ditzaten. Bestalde, hirigintza eredua baserrialdera egokitzeko beharra agerian utzi dute. Mementoan, anitz eraikin hutsik daude. Jendea horietan bizitzeko, erreberritu behar lirateke, baina hori anitz gostatzen da. Azterketaren emaitzek egiaztatu dute Arabako herrietan sortze baino heriotza gehiago badela. Gainera, horko biztanleria zaharra izanez, ez da gehiago haurrik sortzen. Herritik hirira joateko joera ere aipatu dute. AKEko lehendakariak azaldu du baserrialdera bizitzera joaten direnek hiriko zerbitzu berberak igurikatzen dituztela, eta hori ez dela horrela gertatzen ikusten dutelarik, bizpahiru urteren buruan berriz hirira itzultzen direla. Herrietan agertzen diren kezka eta proposamenak erdigunean eman behar direla azpimarratu dute aztertzaileek. Jendegabetzeari buru egiteko, herrietan berean bizitzeko errextasunak eman behar direla ohartu dira. Ondoko urratsa izanen da baserrialdean hezkuntza eskuragarri ezartzea, eta garraio publikoaren bidez Arabako herriak lotzea. Laguntza ekonomiko eta juridikoak baitezpadakoak izanen dira, herrietan jarduera soziokulturalak sustatzeko.

Sanferminak 2018: bi urtemuga

Aurtengo Sanferminen karietara, bi gertakari lazgarriren urtemugak oroitarazi dira. Uztailaren 7an bete dira 10 urte Irungo Nagore Laffage hil zuela Diego Yllanesek, harekin sexuharremanak ukaitea errefusatu zuelako. Bortxatzailea auzipetua izan zelarik, epaileak zigorra arindu zion, gertakarien mementoan edana zelako, eta beraz, ez osoki bere buruaren jabe. Nagoreren omenez, joan den larunbatean Irungo Herriko Etxean pankarta bat zabaldu dute eta Iruñeko udala ubelez argiztatua izan da. Bere aldetik, Asun Casasola, Nagoreren ama, sinadura biltzen ari da alkohola ez dadin gehiago "aringarri" bezala hartua izan bortxaketa kasuetan. Lehenbiziko bi egunetan, jadanik, 150 000 sinadura bildu ditu. Uztailaren 8an, aldiz, 40 urte bete dira poliziak German Rodriguez tiroz hil zuela. Haren omenezko ekitaldi jendetsua egin dute igandean. Inpunitateari stop leloarekin, jendetza ibili da karrikaz karrika, zezen plazatik abiatu eta Orreaga etorbideraino. Aitzineko egunetan pausatua zuten oroitarriaren aitzinean lore eskaintza egin dute eta Iker Tubiak aurreskua dantzatu du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3458. zbk

Xahartzen hasten zira ez duzularik gehiago zerbaiten ikasten artzeko gogorik

(Arturo Graf)

Gure Hitza | 2018/07/12

Esperantzak hitzemaiten, ez beti emaiten

Menane Oxandabaratz

Joan den uztailaren 1ean Simone Veil Panthéon monumentu historikora ekarri dute. Hil zelarik hunkitua izan nintzan berria entzutean. Badira hola pertsonalitate batzuk adostasun osoa dutena jendarte handi batenganik. Simone Veil horietarik bat da, emazte borrokalaria, leiala bere engaiamenduetan. Emazte nortasun handikoa, bere lekuaren hartzen, fermuki eta kartsuki jakin izan duena "gizon mundu" batean. Bere borroka handienetarik bat izan da IVG (Interruption Volontaire de Grossesse) legea onartaraztea, kalapita handiak sortuz. 1974an Frantses Parlamentuan behar izan zuen abortuaren legea ekarri deputatu andana bat kontra zelarik, jasan zituen mehatxuak eta hitz gogorrak. Emazte hunen temari esker, beste emazte anitzek edo bizia salbatua izan dute, anitz hiltzen zirelakoz, edota beste bizi libreago bat eraman izan ahal dute, askatasun bat lortzen zutela. Lege proiektu horrez gain, erakutsi du emazteek ere leku bat ukaiten ahal dutela politika munduan, Europar Parlamentuko lehen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016