Azalekoa | 2018ko Azaroaren 19a
Gerla Handia, bake laburra
E.B.
Ehun urte bete dira Lehen Mundu Gerla bururatu zenetik. 1918ko azaroaren 11n jo zuten herrietako ezkilek, bakea ospatzeko. Lau urte eta hiru hilabete lehenago joan ziren milaka euskaldun gerlara, Europako beste milioika lagun bezala.
Ehun urte bete dira Lehen Mundu Gerla bururatu zenetik. 1918ko azaroaren 11n jo zuten herrietako ezkilek, bakea ospatzeko. Lau urte eta hiru hilabete lehenago joan ziren milaka euskaldun gerlara, Europako beste milioika lagun bezala. Denek uste zuten gerla laburra izanen zela, airez aire irabaziko zutela, eta egun guti barne etxera itzuliko zirela, hasiak zituzten soroetako lanak tenorez bukatu ahal izateko gisan. Denek dakigu, orain, orduko usteak ustelak zirela... Mundu osoan 18,6 milioi lagun hil ziren. Euskaldunen artean, 6.000. Bost urtez egon ziren etxetik kanpo (noizbehinka ematen zizkieten baimen bereziez aparte), 1919ko uztailaren 27an baizik ez baitziren itzuli. Gerlarik ez bazen ere, soldaduek bazterrak zaintzen egon behar izan zuten zenbait hilabetez, segurtatzeko Alemania ez zela berriz oldartuko.
Alemaniak gerla galdu zuen, jakina denez. Galdu baino gehiago, buru-makur utzi zuten. Bortizki hasia zen, egia erran, bere inguruko herrialdeak irentsiz (Belgika bereziki) eta indar handia erakutsiz. Errusiak eta Frantziak, eta baita Ingalaterrak ere, zailtasun handiak izan zituzten, nahiz eta beti sinetsarazi nahi zuten irabazten ari zirela. Lau urteko soka-tira gogorraren ondotik, "aliatuak" nagusitu ziren, bereziki Amerikako Estatu Batuak gerlan sartu izanak lagundurik. Errusiak gerla utzia zuen ordurako, 1917ko iraultza sobietarretik landa.
Memento batean alemanen presioaren pean zeuden Frantzia eta Erresuma Batua oilartu ziren, gerla irabaztean, amerikarrekin batean. Alemaniari ordainarazi zioten: zigor ekonomiko gogorrak, Alemaniako ibaiak nazioarteko ubide bihurtzea, Alemania ia armadarik gabe uztea... Umiliazio gisa bizi izan zuten. "La der des ders" izan behar omen zen. "Betirako bakea", hots. Jean Etxepare euskal idazleak begirada zorrotza zuen, eta ez zuen sinesten betiko bakerik etorriko zenik gerla haren ondotik. 21 urte ere ez ziren iragan mundua berriz sura joan zenerako. 21 urte zer dira pertsona baten bizian? Alemania nazia atera zen Lehen Mundu Gerlak utzi zituen errautsetatik. Herra oraino handiagoa. Eta hilak, lehen gerlan baino hiru edo lau aldiz gehiago (50 milioi eta 85 milioi artean). Munduko mapa aldatu zen gerla bururatzean. Herri frankok independentzia erdietsi zuten, eta estatu berriak sortu ziren. Beste herri batzuk independentzia gosearekin gelditu ziren, edo inperio berri batzuen menpe, Ukraina bezala. Otomandar inperioaren lurrak ingelesen eta frantsesen administrazio pera pasatu ziren, hala nola Libano, Siria, Palestina edota Irak. Leku estrategikoak ziren haiek, eta ehun urteren buruan, oraino gatazka gogorren lekuak dira. Palestina juduen lur bihurtzea ere duela ehun urteko asmoa izan zen, bereziki Bigarren Mundu Gerlaren ondotik obratu zena. Argi dena da ordurako aipatzen zela palestinarrak handik kanporatzea. 1918ko azaroaren 11n gerla bat bururatu zen. Eta gutienez beste ehun urtez barreiatu diren beste gerla batzuen hazia erein zen.











