Gure Hitza | 2018ko Azaroaren 19a
Mort pour la patrie!
Menane Oxandabaratz
Egun hauetan anitz aipu da duela 100 urte iragan Gerla Handia, pertsonalki oroit niz ene bi Attattek gerla hori egin zutela. Gogoan dut ere azaroaren 11n egiten ziren oroitzarreak egun ospetsuak zirela heientzat, nola ez bakoitzari hain segur berriz burura heldu baitzitzaizkion gerla hortan jasan zituen barneko zauriak. Ez zuten gauza handirik kondatzen, dudan oroitzapena haurra nintzala, galdegin nuela etxeko Attattari zergatik ez zituen baratzean egin beterrabak jaten, erantzun zautan gerlan janak zituela eta orain lapinentzat baizik ez zirela onak! Hola kondaturik anekdota bat baizik ez bada, adierazgarria da janari batek urteak berantago berriz gogorazten ziola bizi izan gertakari bat. Aitzineko astean Irisarri Ospitalean erakusketa biziki interesantea ikusgai zen, Les Amis de la Veille Navarrek antolaturik. Lehengo Iholdiko kantonamenduko herrietan ibili euskaldun semeen gutunak ikusgai baitziren, lekukotasun hunkigarriak, orduetako garaia ongi ulertzeko. Ohartzekoa da zenbat familia hunkiak izan ziren, familia batzuetan bi edo hiru seme galtzen zituztela. Soldado horien gutunek erakusten dute ere etxekoeri berriak igortzen zituztelarik ez zutela erakutsi nahi bizi zuten egoera dorpea zenik. Alta hitzen gibelean sendi da herriaren eta familikoen eskasa, nola ez!
Ez da ahantzi behar ere Euskal Herrian zenbaitzuk hautua egin zutela desertore edo intsumitu bidea hartzeko, ez bada gauza berdina ere, bi kasuetan jasaiteko zigor handiak hartzen zituzten. Euskaldun senditzen zirelako? Mugari hurbil izanez errexago zela eskapatzea? Pentsatzekoa da beldurra eta norat buruz abian ziren ezezaguna ere bazela. Joanden larunbatean " Itzaletik Argira" ikusgarrian gogoratuak izan dira, merezi zuten hauek ere mendeurren huntan gogoratuak izaitea. Gutitan aipatzen da emazteek ukan zuten ardura, gizonak gerlarat joanik behar izan zituzten segurtatu etxaldeetako lanak, lan dorpeaz gain kasu batzuetan ere haurren altxatzeko bakarrik zirelarik. Beste batzuk enpresetan sartu ziren langile bezala, hauek gizonek hunkitzen zuten soldata baino gutiago eskuratuz. Gerla bururatu eta, soldaduak herrira itzultzean, laster berriz etxera buruz igorriak izan ziren, esker gutirekin. Anitz alarguntsa gelditu ziren, pentsatzekoa da bihotzeko penaz gain, zenbat borroka behar izan zuten ereman haurren altxateko eta bi sos egiteko. Urteurren huntan, gutitan aipatu da emazteen lekua zer izan zen, alta hauek ere merezi ukanen zuten ohoratuak izaitea. Gerla Handiak utzi zauriak ez dira ikasbide izan, frango laster historia berriz errepikatu baitzen eta baita. Munduan zehar gerlak beti hor dira, bertan bizi diren herritarrak sufrikarioan utziz, zauri handiak sortuz. Agintari totalitario edo faxista batzuengatik behartuak baitira eskapatzera, froga hemen berean dugu azken denbora hauetan migranteen kasuak direla eta.










