Mundu zabalean | 2018ko Azaroaren 19a

Mundu zabala

Mundu%20zabala

Azaroa zenduez oroitzeko hilabetea

2017an 606.000 heriotze kondatu ditu INSEE erakundeak Frantzian. 2016ko zenbakia 12.000az gainditua izan da. 2007ko zenbakiekin parekatuz emendioa %14koa da. Emendio hori ez da harrigarria, adituen arabera, 2017ko neguko gripeak 67.000 heriotze ekarri baitzituen. Iaz zendu zirenen adina bana bestean 83 urte izan da emaztentzat, eta 76 urte gizonentzat. Heriotzeen erdiaren kasuan emaztek 87 urte pasatzen zituzten, eta gizonek 79 urte.

Gure xaharren menpekotasunaren kostua

INSEE etxeak egiaztatu duenez ba ziren iaz hexagonian 2,1 milioi 85 urteak pasatuak dituztenak. Hori izanki eta EHPAD xahar etxe medikalizatuen publikoa. Sud Ouest egunkariak plazaratu kalkuluen arabera, 64 departamenduan EHPAD batean hilabete bat egoitea 2285 euro gostatzen da bana bestean. Faktura horren eztitzeko botere publikoek 457 euro ekartzen dituzte. Heldu baita xahar menpekoatuak behar dituela 1818 euro ekarri bere erretretatik, eta hauxe apalago denean xaharraren familiakoek osatu behar dute falta den partea. Bi elementu ba dira mugikorrak: xaharraren menpekotasuna handiago eta laguntza publikoa ere hupatzen dela. Eta bigarrenik xahar ezinduek hunkitzen duten erretreta-saria arras desberdina dela batetik bestera. Alsazia kolektibitatetzeko bidean Bas-Rhin (67) eta Haut-Rhin (68) departamenduek biez bat eginen dute 2021eko urtarrilaren lehenean. Bi departamenduetako buruzagiek, “Grand Est” lurraldekoek eta frantses gobernuak baimendu zuten entitate berria joan den urriaren 29an Parisen. Departamendu hitza ez sobera modan izanki gehiago, entitate berria “Alsaziako Kolektibitate Europearra” deituko da. Hara izenburu bat garaikidea eta irekia. Alsaziarrek argi dute ordea 2013 arte lurralde estatutua ba zutela, horri doazkien gaitasun politiko guziekin, beste hiru departamendurekin indarrez bateratuak izan arte “Grand Est” orain deitua den lurraldean. Haatik azken bi urte luzetan ezagutzen zaien sentrotasunez eta pazientziaz borrokaturik, kausitzen dute orain entitate bat, lurraldeek baino gutxiago baina departamenduak baino gaitasun gehiago ukanen duena. Negoziaketak irekiak dituzte Alsaziako Kolektibitate Europearrari gutxienez hiru gaitasun gehitzeko: mugaz gaineko harremanak, garraio egiturak eta (aleman/alsaziar) hizkuntzak.

A.E.B.: Trump gaztek auziperatzen

Ameriketako Estatu Batuetako gobernua auzitan emana dute 21 gaztek, Oregon estatuko auzitegiaren aitzinean. Gobernu amerikarrari hauxe leporatzen diote, presidenteak arriskutan ezartzen dituela biharko amerikar gizaldien bizia, askatasuna eta ontasunak. Gazteak Ameriketako lege nagusian bermatzen dira: honek baitio amerikarren askatasuna bizia eta jabetasuna gobernu federalak zaindu behar dituela. Zehazki, 14 urtetik 25 arte duten gaztek gobernuari eskatzen diote muga dezan CO2 gasaren atmosferora airatzea 350eko marran, joan den urrian gas ihesketa 400 arte hupatu dela erakusten baitute adituek. Auziperatzailek argi daukate gas ihesketa soberakin horrek alde bat errepikatua izaitearekin, lanjerean ezartzen dituela amerikarren bizia, askatasuna eta ontasunak. Auzitegiak gazten alde erabakitzen ba du hain segur gobernuak dei eginen du eta prozedurak luze iraunen du, baina denaren buruan gobernua kondenatua baldin bada, Donald Trumpek uste gabeko ukaldia hartuko du Pariseko ingurumen hitzarmenetik atera delakoz. Munduan barna beste lau auzitegiek hartuak dituzte jada klima hunkitzen duten erabakiak. Iazko otsailean Austriako auzitegi batek Viena hiri nagusiko aireportuaren handitzea debekatu du, CO2 gas ihesaren emendatzerat ez uzteko. Pakistanen laborari batek eskaturik, epaileek gobernua behartu dute klimabatzorde baten sortzerat. Joan den apirilean Kolonbian, 25 gaztek eskaturik, auzitegi gorenak gobernua kondenatu du Amazoniako oihanak suntsitzearen kontra ekintza plan bat pikoan emaiterat, eta hori bost hilabete barne. Azkenik joan den hilabetean Herri Beheretan, Hagako dei gorteak gobernua kondenatu du CO2 ihesketak %25ean apaltzerat bi urte barne.

Isun eskaera larriak UBS bankuaren kontra

Iragan ostegunean ihurzuria hurbil sentitu zuen bere teilatu gainean UBS Suitzako bankuak. Pariseko auzitegian finantza publikoen prokuradoreak 3,7 miliar euroko isuna eskatu zuen munduko diruetxe handienetarikoaren kontra. Bestalde banku horren sei buruzagiren kontra 50.000tik 500.000 euro artinoko isun pertsonalak eskatu zituen. Frantses estatuari gordea zaion diruaren zuritzea, hara zein den prokuradorearen nahikundea. Ordea susmo horren argumentuak aurkitzea ez da hain erraza. Orduan prokuradoreak zehaztu du UBS ba dabilela Frantzian bezeroen bila, frantses ez diren diru-etxei horixe debekatua zaielarik. Nola hori ote? UBSaren egiteko moldea arras abila eta tronpakorra da prokuradorearen arabera. UBSak izen bereko bankua sortua du Frantzian, eta bezero bilatzaileak ofizialki sekzio horrentzat ari dira. Baina praktikan, bezeroek ba dakite arras ongi kapital hori Suitzako UBSen sartuko dela, Frantziako fiskalitateari gordetzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3474. zbk

Oroit gauza frango behar direla ahantzi

Nietzsche

Gure Hitza | 2018/11/19

Mort pour la patrie!

Menane Oxandabaratz

Egun hauetan anitz aipu da duela 100 urte iragan Gerla Handia, pertsonalki oroit niz ene bi Attattek gerla hori egin zutela. Gogoan dut ere azaroaren 11n egiten ziren oroitzarreak egun ospetsuak zirela heientzat, nola ez bakoitzari hain segur berriz burura heldu baitzitzaizkion gerla hortan jasan zituen barneko zauriak. Ez zuten gauza handirik kondatzen, dudan oroitzapena haurra nintzala, galdegin nuela etxeko Attattari zergatik ez zituen baratzean egin beterrabak jaten, erantzun zautan gerlan janak zituela eta orain lapinentzat baizik ez zirela onak! Hola kondaturik anekdota bat baizik ez bada, adierazgarria da janari batek urteak berantago berriz gogorazten ziola bizi izan gertakari bat. Aitzineko astean Irisarri Ospitalean erakusketa biziki interesantea ikusgai zen, Les Amis de la Veille Navarrek antolaturik. Lehengo Iholdiko kantonamenduko herrietan ibili euskaldun semeen gutunak ikusgai baitziren, lekukotasun hunkigarriak, orduetako garaia ongi ulertzeko. Ohartzekoa da zenbat f...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016