Azken egun horietan, eta bereziki iragan asteburuan,
pottokak ukan du zernahi aipaldi! Ezpeletako
feriak ziren alabainan eta han izaiten da preseski
gaitzeko pottoka-feria. Nahiz besterik ere
izaiten den gure eskualdeko feria handienetarik
dugun hortan.
Lehen baino pottoka gutiago dela hor gaindi eta
gure baserrietan aise gutiago baliatzen direla
kanpo lanetako, pottokak bere tokia badauka
halere eta gauza ona da hori ere. Pottokak gureak
ditugu alabainan eta on da artetan bederen
oroitaraztea iragan mende hortan nolako indarra
akulatu zen pottokaren alde, gisa hortako sustatzaileak
agerturik eta bermaturik, hala nola Paul
Dutournier zena, Sarako auzapez ginuena.
Artetik erraiteko, ez dut behin ere jakin nola pottoka
hitz hori lekuka segurik sartua dugun soberaxko
edana duen norbaitez ari girelarik. "Pottoka
pollita bildua dik", edo "bazian pottoka ederra".
Kasu, pottoka pollitarekin moxkorra zira, pottoka
ederrarekin aldiz mozkorra. Eta jakin behar da
ere moxkorra eta mozkorra azkenean ez dela
arras
gauza bera! Moxkorrari anitz gauza barkatzen
ahal zaizkio. Mozkorrarentzat aiseago erraiten
da itsuski dabilan norbait dela, zentzu guti
duen norbait!
Iragan asteburu hortan berean, pottokak ukan
badu aipaldi, arratoin edo garratoinak ere ba ez
idurika. Joan den larunbatean Urtats zen alabainan
xinatarrentzat eta urte berria, xerriarena
bururaturik, garratoinarena izanki. Hamabi urtetarik
hola izaiten da. Lehen, eta ez hain aspaldi
oraino, gure eskualdetan xinatarren urte berriaz
nehork etzuen axola mikorik. Hor ere gauzak
kanbiatu dira. Orai Frantzia guzian ere, gehienik
hiri handietan, zernahi ospakizun izaiten da. Gaitzeko
besta koloretsuak ibilaldi airos batzuekin.
Egunkari, irrati eta telebista, eta internet bestalde,
karraskan
artzen dira erran eta erran, konda eta
konda, xinatarren urte berria nun nola iragan
den.
Xinak bestalde ere badu bat-batean aipaldi frango,
horiek ustegabekoak. Han nunbait agertu baita
gaitz berri bat, orai arte batere ezagutua etzen
birus batek hedatzen duena. Guziz kutsakorra
gainerat, ez baita beraz harritzeko halako beldur
batek hartzen ari baditu bazter guziak. Gaitzeko
sukarra emaiten du eta lanak dituzu hatsa ezin
hartuz. Diotenaz gaitz hori abiatua da duela zonbait
aste Xina barneko merkatugune handi batetarik.
Nola sortu den hori nehork ez jakinki xuxen
erraiteko. Dena den, gaitz horrengatik Xinan berean
beren urte berriko ospakizun berezi frango
ez dira batere egin, gauza harrigarria
hori ere!
Hobe gaitz hori ez bada sobera hedatzen bainan
jadanik badira kasu zonbait Parisen eta Bordelen.
Gu, dena den, berriz ere bestak gogoan
gabiltza halere. Bixintxoak iraganak, Ihauteriak
hor ditugu alabainan. Edo ihaute-bestak, edo
ihauteak. Ondoko astetan, nun nahi izanen da
zernahi hitzordu alegera. Hartza iratzarturik edo
norbaitek pollikiño iratzarrarazirik. Gaixo hartza,
zonbait hilabetez lo egona eta orai zernahi itzuli
egin behar duena.
Ihauteria gogoan beraz bainan gogoan ere, eta
nola ez, herriko bozak. Alde batetik, Iduzkilore
taldeak eskaintzen duen antzerkia, izen hori
daukana, "Herriko bozak" beraz, bainan bestetik
martxoko hauteskunde horiek. Hautagai zerrendak
hasiak dira agertzen. Batzu eta besteen xede
nagusiak ere ba. Denak joan ditela ahal bezen
lañoki, jendetasunari emanez zoin-gehiahoka
horietan ere hartze duen lehentasun guzia. Agian
ez dugu ikusiko gure herrietan Parisen eta hor
gaindi jadanik ikusi diren jestu tzar itsusi horietarik,
hautagai asko azkarki mehatxatuak, zernahi
trufa eta mendekio jasan behar, untsa molde hitsak
horiek oro, zinez ezin onetsiak.