Han eta Hemen | 2020eko Urtarrilaren 30a

Hedabideen kontsumoa Ipar Euskal Herrian

P. J.

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) inkesta bat eginarazi dio COHDA institutuari galdera nagusi hunen inguruan: "Zein da Ipar Euskal Herriko biztanleen hedabideen kontsumoa, euskaraz edo bestela?". EEP-k 2006an jadanik egin zuen mota bereko inkesta bat, orduan IPSOS institutuarekin partzuergoan. Geroztik gauzak aldatu dira, gure euskal lurraldearen jendetza emendatu da eta erdaldundu. 2016an egin den inkesta soziolinguistikoak erakustera ematen du Ipar Euskal Herrian (16 urtetik goiti), euskaldunen kopurua 51.000koa dela (%20,5), elebidun hartzaileena, erran nahi baita euskara guti edo aski konprenitzen dutenena 23.000koa (%9,3) eta erdaldunena 175.000koa (%70,1). Ez da sorgina izan behar ikusteko euskarak zailtasun handienak ukan ditzazkeela ingurumen hortan bizirauteko. 2019ko ekainaren 5etik uztailaren 11ra egin den inkesta berri hortan, 13 urtez goitiko 1.600 jende galdezkatuak izan dira, horietan %29 euskaldun edo elebidun hartzaile (464 lagun) eta, beraz, %71 erdaldun (1.136 lagun). Eta inkesta hori egin da, aldi berean, adina kondutan hartuz (13-17 urte, 18-34 urte, 35-49 urte, 50-64 urte eta 65 urtetik gora), bai eta lurraldea (BAB, Hego kostaldea, Lapurdi barnealdea, Nafarroa Beherea eta Zuberoa), generoa (emazte/gizon) eta lan aktibitatea (langile, langabe, erretretadun). EEPk 188 orrialdeko dokumentu gotorra argitaratu du inkesta horren emaitza guziekin. Hain dira emaitza horiek xeheki erakutsiak nun ez zaigun posible hemen denen agertzea. Pundu nagusi batzuk agertuko ditugu. Hedabideen kontsumoa aipatzen delarik, da telebistarena, irratiena, prentsa idatziarena (egunkariak eta astekariak bereiziz) eta web aldizkariena. 1.600 inkestatu horietan, huna ipar euskal-herritarren kontsumo orokorra, hartuz aldi berean estatu mailako (Frantzia) eta tokiko hedabideak: telebista %90, irratiak %84, egunkariak %56, astekariak %29 eta web egunkariak %36. Hartuz bakarrik tokiko hedabideak: telebista %62 (hala nola TVPI %53, FR3 Euskal Herri %51, ETB1 %24, Kanaldude %14), irratiak %53 (hala nola France Bleu Pays Basque %43, Euskal Irratiak %27, Gaztea %8, Euskadi Irratia %6, Mendililia %6, Lapurdi Irratia %3, Radio Kultura %2), egunkariak %52 (Sud-Ouest %51, La République des Pyrénées %5, Berria %4), astekariak %14 (La Semaine du Pays Basque %11, Mediabask %4, Herria %3, IEHko Hitza eta Argia %1) eta web egunkariak %29 (Sud-Ouest.fr %27, Mediabask. eus %8, Berria.eus %3, Kazeta.eus %2 eta IEHko Hitza %1). 1.600 galdezkatu horietan hartzen baditugu bakarrik euskaldunak eta elebidun hartzaileak, tokiko hedabideen kontsumoari begira, emaitzak goratzen dira: telebista %77, irratiak %78, egunkariak %60, astekariak %27 eta web egunkariak %28. Goazen orain euskal hedabideeri buruzko kontsumoaren behatzera. Euskaldunen eta euskaldun hartzaileen kontsumoa hauexe da: telebista %61 (Kanaldude, ETB1, ETB3), irratiak %66 (Euskal Irratiak, Gaztea, Euskadi Irratia), egunkariak %14 (Berria), astekariak %12 (Herria, Ipar Euskal Herriko Hitza) eta web egunkariak %12 (Iparraldekohitza.eus, Kazeta.eus, Berria.eus). Zenbaki horiek guziak, haatik, ñabardura askorekin irakurtu behar dira, ikusiz adibidez kontsumitzailearen erregulartasuna edo noizbehinkakotasuna, zenbat orenez egunean edo astean, zer behatzen, entzuten edo irakurtzen den, eta abar, horiek oro inkestak xeheki ematen dituen argitasun interesgarriak. Herria astekari hunen kasuan, badira zenbaki interesgarriak. Herriaren kontsumoa %3koa baldin bada ere jendetza orokorra hartuz, gorago ikusi dugun bezala, euskaldunen artean %12koa da "astean bat edo bi aldiz" eta "noizbehinka" irakurtzen dutenen kopuruak gehituz, erran nahi baita 51.000 euskaldunetan 6.120 irakurle badituela Ipar Euskal Herrian, lurraldeka hartuz gehienak Baxenafarroan. Pentsatzen ahal da guti dela, baina euskararen egoera orokorra ikusiz, ez da menturaz hain gaizki. Barnago behatuz, ikusten dugu irakurleen %89ak irudi oneko edo arras onekoa aurkitzen duela Herria, eta %11k irudi ertainekoa.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3533. zbk

Larderia soberakina denentzat kaltegarri da bera larderiatsu denarentzat ere

Oscar Wilde

Gure Hitza | 2020/01/30

Pottoken ondotik

Janbattitt Dirassar

Azken egun horietan, eta bereziki iragan asteburuan, pottokak ukan du zernahi aipaldi! Ezpeletako feriak ziren alabainan eta han izaiten da preseski gaitzeko pottoka-feria. Nahiz besterik ere izaiten den gure eskualdeko feria handienetarik dugun hortan. Lehen baino pottoka gutiago dela hor gaindi eta gure baserrietan aise gutiago baliatzen direla kanpo lanetako, pottokak bere tokia badauka halere eta gauza ona da hori ere. Pottokak gureak ditugu alabainan eta on da artetan bederen oroitaraztea iragan mende hortan nolako indarra akulatu zen pottokaren alde, gisa hortako sustatzaileak agerturik eta bermaturik, hala nola Paul Dutournier zena, Sarako auzapez ginuena. Artetik erraiteko, ez dut behin ere jakin nola pottoka hitz hori lekuka segurik sartua dugun soberaxko edana duen norbaitez ari girelarik. "Pottoka pollita bildua dik", edo "bazian pottoka ederra". Kasu, pottoka pollitarekin moxkorra zira, pottoka ederrarekin aldiz mozkorra. Eta jakin behar da ere...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016