Euskal diaspora | 2018ko Urtarrilaren 18a

Danborrada munduan, Bordelen kantuz, Elko euskal musikari eta bertsularien bilgune

Joseba Etxarri

UDAKO BARNETEGIA. "Euskara Munduan" programako barnetegia ari dira egiten Argentinako Chacabucon, euskara irakasle izanen direneri formakuntza emanik, HABE, FEVA eta Chacabucoko Euskal Etxea antolatzaile (arg. Euskara Munduan-EuskalKultura.com
UDAKO%20BARNETEGIA.%20Euskara%20Munduan%20programako%20barnetegia%20ari%20dira%20egiten%20Argentinako%20Chacabucon_%20euskara%20irakasle%20izanen%20direneri%20formakuntza%20emanik_%20HABE_%20FEVA%20eta%20Chacabucoko%20Euskal%20Etxea%20antolatzaile%20(arg.%20Euskara%20Munduan-EuskalKultura.com

Urtarrilean sarturik, hemen dira - heldu den asteburu huntan izango - San Sebastian Eguna eta Danborrada.

DANBORRADA

Urtarrilean sarturik, hemen dira - heldu den asteburu huntan izango - San Sebastian Eguna eta Danborrada. Donostian, besta, bezperako afariarekin abiatu ohi da, gauerdian banderak igo eta 19. mendean Sarriegi musikariak urtarrilaren 20an jotzeko sortu aire-sortarekin, San Sebastian Martxa, lehena, "Bagera... Sebastian bat bada zeruan Donostia bat bakarra munduan" hitzak kantaturik. Errepikak eta danbor hotsak abenduan hasi ziren Donostiako hainbat elkarte, eskola eta lagunarteetan, eta Diasporan ere, usaiari jarraiki hala egin dute hainbat euskal etxek. Mexikoko Euskal Etxean, iragan astean egin ziren aurtengo lehenengo errepikak, eta beste zenbait lekutan ere ilusioz eta gogoz prestatu dute gero eta gehiago hedatzen ari den besta azantzatsua. Euskal etxeetan, ospatuko dute, konparazio, Madril, Bartzelona, Murtzia, Necochea, New York, Buenos Aires, Londres, Shanghai, Caracas, Paris eta leku gehiagoko euskal etxeetan. Argentinako Bahia Blanca eta Cañuelasko euskal etxeetako danborradak ere behar dira aipatu. Eta, euskal etxeetarik kanpo, donostiarrak, azpeitiarrak eta euskaldunak diren beste hainbat tokitan ere bat eginen dute jai ‘burrunbatsu’arekin.

BORDELE

Akitania Berriko hiriburuan, agian danborrada eta Donostiako besta ere gogoan, baina deialdia heldu den ortziralerako, kantuz aritzeko da. Hirian diren guziak dira komitatuak "Denak Kantuz" ekitaldira. Euskal kantuak atxikitzea du helburu ekitaldi hunek, ahal delarik buruz ikasiz. Eskusoinuz eta gitarraz lagundurik, kantu zahar eta berrien hitzak pantaila batean proiektatzen dira, ikastea errexturik eta liburuñoa ere bada. Hitzordua, 20:00etan. Nahi duenak hor afal dezake 10-12 euroko prezio apalean eta gero mahaiaren inguruan kantuz ari, Euskal Etxeko Bestalariak koraleko lagunak ere partaide direla. Kantuz maite baduzu, badakizu nora joaten ahal ziren 19an gauean! Eta 20an Pariseko Euskal Etxeko San Sebastian eguneko sagardotegira!

ELKO, NEVADA

Ber denboran gero eta gutiago geratzen da Elkon 2018ko "National Cowboy Poetry Gathering"-erako. Estatu Batuetako musikari eta olerkari herrikoiak, eta oro har kultura herrikoiko ordezkariak biltzen dituen ekitaldi bat da, aurten urtarrilaren 29tik otsailaren 3ra arte obratuko dena, euskaldunak protagonista berezi. Aipatuko dugu zehatzago, HERRIA ere hor izanen baita, baina euskal-amerikar musikarien artean, zenbait emanaldi eskainiko dituzte Jean Flesher eta "Amerikanuak" taldeak, Mercedes Mendive eta Melodikoa-k, eta David Romtvedt eta Caitlin Romtvedtek. Dantza talde gisa ari izanen dira Lamoilleko "Ardi Baltza"ko dantzariak eta Elko bereko "Ariñak"; eta bertsolari, Wyomingeko Martin Goicoechea eta Renoko Jesus Goñirekin batera, Euskal Herriko bi komitatu: Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran. Bestenaz, hitzaldi eta filmak emanen dira euskal-amerikar gaieri buruz. Guzi hori, Estatu Batu osoko country kantari, banda, olerkari eta landa-tradizio herrikoia lantzen duten hainbat artista eta eragileren bilgune den "National Cowboy Poetry Gathering" 2018 huntan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3433. zbk

Deusik ez dakiten ainitzek uste dute denak badakizkitela.

Aristoteles

Gure Hitza | 2018/01/18

Herri txikiak gogoan

Jean-Louis Harignordoquy

Ez da beti gauza bera, Urte batetik bestera [...]

Ez da beti gauza bera

Urte batetik bestera

Ustegabean alda ditaike gure egoera

Ez bedi joan txarrera

Izaitekotan hobera

Gure etxeak, herri txikiak ez utziz hustera.

Hau da Baigorriko elizan joan den Eguberri gauean “Mendi gainean bi pago” abesti ezagunaren doinuan kantatu bertsu bat. Sujet horrek mereziko zukeen gehiago barnatzea, baina galdatuak zizkidaten beste hiru bertsuen xedeak ez ziren gai berari lotuak. Hirietatik urrun dauden mendialdeko herri txikiak ikusten ditugu urtetik urtera bizilagunez husten ari. Ez beti bizitegi eskasez, etxe askok berritze on baten beharra balukete ere. Hain zuzen, bizitegi hetsiez ikerketa bat egin dute Banka, Aldude, Urepelen. Leihoak hetsirik ageri diren egoitzen jabeekin solastatuz, jabe batzuk sentiberatzen dira eta zonbait kasutan etxe arraberritze xedeak sortzen. Edozein proiektu beti itxaropen emaile da, pentsatuz gauzatzeko moduan izan daitekeela, araberako diru iturriak aurkituz geroz.

...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016