Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2018ko Abenduaren 13a
Amikuze
"Tokiko": etxaldetako mozkinen saltzeko saltoki berria Donapaleun
Duela hamabost egun aipatzen ginuen bezala, etxaldetako mozkinen saltzeko denda berri bat ideki da Donapaleun joan den ostiralean, abenduaren 7an. "Tokiko" deitzen da eta inguruko herrietarik heldu diren bederatzi laborarik muntatua dute. Anitzek espero zuten holako saltoki bat eta lehen egunean berean, jendea nonbre handian jin da lehen erosketen egitera. Marka ona hori. Saltegi hortan laborantxa biologikoan ekoiztu elikagaiak atzemaiten dira hala nola baratzeki fresko, fruta, irin, ezti, sagar jus, erreximenta, arroltze, ogi, xerriki, esne, gurin, gasna (behi, ahuntz, ardi), kontserba, haragi fresko, tisana eta landare nahasketa ugari, arno... Saltegi hau, Saint-James etorbideko 13an kokatua da, Ospitalearen azpikaldean. Astean lau egunez zabalik izanen da: astearte eta asteazkenetan (16:00-19:00); ostiraletan (10:00-13:00 eta 16:00-19:00); ibiakoitzetan (10:00-13:00).
Lur Berri kooperatibaren biltzar nagusia
Lur Berrik, urteko biltzar nagusia joanden ostegunean egin du Aiziritzen. Bi urte konplikatuak ukan ondoan ahatearen krisia dela eta, erran denaz postura hobea atzeman du aurten. Bere estrategia kanpoari begira segitu du. Loire Atlantique departamenduan, ahate sailean lan egiten duen enpresa bat (Alain François) erosi du eta beti merkatuak zabaldu nahiz, Estatu Batuetan eta Txinan prospekzioak segitu ditu. Laborantzan plantatzen diren laborari gazteen sustengatzeko, diru laguntzak plantan ezartzekoak dituzte 2019an. Bi hitzez, Lur Berrik 5 000 laborari biltzen ditu eta 460 langile (6 400 grupa osoan). Bere urteko negozio zenbatekoa 1,417 miliarrekoa da, hauetan miliar bat Labeyrie Fine Foods enpresan egina. 4130 hektarea arto hazitako egiten ditu.
Besteak beste...
Korrika, 2019ko apirilaren 7an iraganen da Iparraldean! Horri buruz, jauntzien salmenta eginen da Donapaleuko Gau Eskolan, abenduaren 10etik 14ra, (17:00-19:00). Amikuzeko genealogia elkartearen ondoko hitzordua, abenduaren 14an, ostiralean, izanen da zerbitzu publikoen etxean (14:30). "Olentzero" erakusketa Amikuzeko mediatekan abenduaren 29a arte. Euskal kultur erakundeak eta Lauburu elkarteak Olentzero ikazkinaren leienda hobeki ezagutzera gonbidatzen zaituztete sei panel elebidunez osatu erakusketa ibiltariaren bitartez. 'Àƒ'œda batez' dantza ikusgarria, urtarrilaren 25 eta 26an Saint Louis gelan emana izanen da. Lekuak aitzinetik atxikitzen ahal dira turismo bulegoan. Topaketa eta izenpetze eskaintza: Clémence Itssaga gazteriarendako liburu ilustratzaileak, Gwénola Morizur-ek idatzi duen "Aldo, bakar bakarrik/tout seul" liburua presentatuko du abenduaren 15ean (10.30) Amikuzeko mediatekan. Hiru urtetik goiti duten haurrentzat da. "Jainkoak ez dit barkatzen" dokumentala, astearte huntan, abenduaren 11n presentatua izan da Donapaleuko Saint- Louis zinegelan. Josu Martinez, dokumental hunen egileak parte hartu du hor izan den debatean.











