Inbido | 2018ko Abenduaren 13a

Auzo ttipi baten kasu berezia

Muslaria

Line anderea bere etxe aitzinean. Orai arte, etxe hortako gela batzu herri batean ziren eta beste batzu bestean
Line%20anderea%20bere%20etxe%20aitzinean.%20Orai%20arte_%20etxe%20hortako%20gela%20batzu%20herri%20batean%20ziren%20eta%20beste%20batzu%20bestean

Behin, sail huntan berean aipatu ginuen Frantzia eta Suisaren arteko mugaren gainean den etxe bat, hotel bat aterbetzen duena jatetxe batekin. Arrunt mugaren gainean. Gela batzu Frantzian eta beste batzu Suisan. Gainerat, lo-gela batean etzaten ahal zira burua Frantzian eta zangoak Suisan. Muga pasatzen da gelaren erdizerdi... Ixtorio hori berriz gogorat jin zait ikusiz zer gertatzen den Frantzia behere hortan, La Lamberdais deitzen den auzo ttipitto batean. Etxegune ttipi bat. Eskuin eta ezker bada holako frango bainan hauxe da horko berezitasuna: herrien arteko mugak finkatu zirenean, Iraultza handiaren denbora hartan edo hola, zazi zu zer zuten burutan bainan gaitza egin zuten, bi herriren arteko muga ezarri zuten etxegune ttipi horren erdiz-erdi. Bi herriak izanki Grand-Fougeray eta Mouais. Aipatzen dugun auzo hortan, hamar etxe dira orotarat, zazpi eskualde batean eta hiru bestean. Nola ez diren denak herri berean beraz bi pietun jiten zaizkiote, zikin-biltzaleak ere bi eskualdetarik heldu. Gainerat, bada etxe bat mugaren gainean. Han bizi den emaztea, Line deitzen dena, sukaldean afaltzen da eta bi urrats eginez bere ganbararat joaiten denean herriz kanbiatzen da! Berdin omen zaio, ez da ohartzen ere herriz kanbiatzen dela! Bada beste etxe bat, etxea bera herri batean bainan baratzea, arrunt ondo-ondoan duena, beste herrian izanki. Urde hazteari emana den laborari batek etxea eskualde batean du eta xerriak bestean! Joko horrekin, badira ere etxe-zergak bi herritan pagatzen dituztenak! Paper batzuen egiteko ere, traba zerbait kausitzen gutien ustean!

Nardagarri

Nahiz jendea jarria den bizi horri, ainitzek nardagarria kausitzen dute halere. Azen ontzeko, hauxe gertatzen da. Auzoa bi herritan zatikatua da beraz bainan bi herri horiek ez dira departamendu berean! Grand-Fougeray Ille-et-Vilaine departamenduan da, Bretainian beraz, Mouais aldiz Loire-Atlantique departamenduan. Gainerat, bi departamendu horiek ez dira lurralde berean, batto Bretainiaren kondu baita eta bestea Loire eskualdeari lotua. Bainan denen buru zergatik mintzo gira orai kasu berezian den auzo hortaz? Zereneta gauzak aldatu baitira urte bat baino gehiago zernahi bilkura eginik bai tokian berean eta bai Parisen ere, hango legezain askorekin solas eta solas egonik. Erabaki da beraz La Lamberdais auzo hori dena herri berean izanen dela, Grand-Fougeray herrian. Hunek beraz hiru etxe gehiago ukanen ditu eta zortzi biztanle gehiago. Tratua egina, gobernuak ere onartua. Mouais herrian nehork ez uste ukaiteko herri hori galtzale dela, bi herrien arteko muga kanbiatzearekin, hiru etxe beren lurrekin sartuz Bretainian, lur peza bat, hektara laurden baten heinekoa, landa gisa baliatua, kentzen diote Grand-Fougeray herriari eta emaiten han berean den Mouais herriari. Hunek zortzi lagun galtzen ditu bainan eremuz doi bat handitzen da denbora berean. Eta jendeak zer dio? La Lamberdais auzoan bizi diren guziak ados omen, aspaldian berantetsia ere zutela auzoaren hola batetaratzea, trakasu gutiago ukanen dutela gisa guziz. Hemendik goiti bretoina izanen den gizon batek garbiki hauxe erran du: "enetzat, ez du horrek deus kanbiatzen, jadanik ere bihotzez bretoina nintzen eta bretoin segituko dut atseginekin". Dena den afera alde bat trenkatua dea? Eta bai, paper guziak eginak eta auzo guziak bat egitea legezlege gauzatuko Urtatskari, 2019- ko lehenbiziko egunean...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3478. zbk

Gure Hitza | 2018/12/13

Beste mundu bat posible ote da?

Menane Oxandabaratz

Azken hamarkada hauetan usu entzun dugu manifestazio edota mobilizazio desberdinetan: "beste mundu bat posible da". Bide bazterretan ikusten diren "palto horiek" ez dakit hori duten galdegiten, segur dena azken denbora hauetan egunez egun zalaparta handiak sortu dituztela Pariseko jauntto eta andere horieri irriak sarraraziz. Iduritzen zaut, bakoitzak bere kexua baduela, segur dena populazio bat sumindura handi batean dela.

Alta azken urte hauetan izan dira erreforma batzuk langileen lan baldintzak zorrozten zirela, erretretak ttipitzen, zerga batzuk emendatzen, lizeo eta unibertsitateetan gazteen ikasketak segitzeko zailtasunak... Manifestazioak izan dira, jendetsuak zenbait aldiz, beste batzutan gutti karriketan. Mobilizazio horiek guziek ez dute sortu lurrikararik, orain ikusten dugun bezala. Ez dugu senditu gobernamendu bat gibelera egiten. Alta orduetan ere aldarrikatzen ziren gaiak eguneroko langile, ikasle, erretretadunen beharreri lotuak ziren! Egia "palto hori"-en...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016