Azalekoa | 2024ko Agorrilaren 29a
Ezintasunak gaindituz, ametsak betetzen
A.E.
"Hegoak Mendian" deitu elkartea elbarrituak diren pertsonak mendi kaskoetara eramateko xedea du. Iazko abenduan lehen orri bat egin ginuen Nepalera joateko proiektuaz. Jean Mixel Dirassar elkarteko kidearekin berriz ere bildu gira, aldi huntan bidaiaren berri eman dezan.
Txistea botatzetik... desafioa gauzatzera
"Hegoak Mendian" elkartea 2020an sortu zen, ezintasunean diren pertsonak mendi tontorrera eramaten ditu.
Elkarteko kide batek familia Nepalen duenez, Himalaiara joateko desafioa bota zuen. Hasieran jukutria zela pentsatu bazuten ere, azkenean egitea erabaki zuten. Komertsant batzuek bidaia finantzatzen lagundu dute.
Bidaia aurtengo apiril hondarrean eta maiatz hasieran egin dute, orotara 14 egunez iraun duena. Trek deitu altitude handiko ibilaldiak 8 egunez iraun du. "Hegoak Mendian" elkarteko 12 kide joan dira Nepalera, haiekin Bastien paralisi zerebrala duen gaztea, kaskoz-kasko "joëlette" deitu gurpil aulki egokituan eraman dutena. Bastien-ek hankak biziki ahulak ditu, baina kirolaria da, mental azkarra duela erran digu Jean Mixel Dirassar-ek. 12 kide horietan, Bastien-en anaia bazen. Beren laguntzeko, Nepaleko gida nagusi bat bazuten, 3 laguntzaile zituenak. Beste 6 zaku eramaile baziren, baina Jean Mixel Dirassar-ek erran digu guttiago ikusi zituztela, beren aitzinetik partitzen baitziren. Pertsona horiek egunean bertan euskaldunek erabiliko ez zituzten puskak eramaten zituzten. Sherpak gizon ttikiak dira, baina biziki indartsuak. Kaskoz kasko 80 eta 100 kiloren arteko kargak eramateko gai dira, batere egokiak ez diren jantzi eta materialarekin.
Gida nagusiak frantsesa bazekien, euskaldunek besteekin ingelesez komunikatzen zuten.
Urratsez urrats... Kaskoz kasko
Bidaiaren lehen bi egunak Katmandun pasa zituzten. Jean Mixel Dirassar-ek erran digu zinez harrituak izan zirela ikusiz herrian zein nolako miseria bazen. Zeruan kutsadura laino handia ikusten zela eta errekak plastikoz beteak zirela kondatzen zuen. Arrunt beste mundu batean bizi dira, bertako jendea biziki gisakoa omen da, beste mentalitatearekin bizi dena.
Bi egun horiek pasa eta, 9 orenez autobusa hartu zuten Syabrubesira joateko. Gaua 1.300 metrotan pasa zuten, eta biharamunean trek-a hasi. Lehen etapa izigarri gogorra izan zela erran digu Jean Mixel Dirassar-ek. Patarra harriz betea zen, elkarteko kideak fisikoki biziki unatuak ziren eta hatsa hartzeko zailtasunak ukan zituzten. Egun batean 1.700 metroko desnibela igan zuten. Biharamunean mendiko minarekin egon ziren, izigarri akituak eta ahulduak ziren, gehienak buruko minarekin, hatsa hartzeko zailtasunekin eta haietako batek goiti bota zuen. Egoera ikusirik, aklimatazio egun bat hartzea erabaki zuten. Pausa horrek pixkortu zituen eta ondoko eguna hobeki bizi ukan zutela erran digu elkarteko kideak. Kyanjin herrira arribatzea lortu zuten, 3.800 metrotan dena. Maluruski, eguraldi txarra aitzinikusia zenez, gidak proposatu zien aitzinera segitzea, eguraldiak noraino igaiten utziko zituen ikusiz. Patarrak izigarri zutak ziren eta "joëlette"-arekin aitzinatzea ezinezkoa bilakatu zen. Beraz, sherpek Bastien bizkar gainean eraman zuten, goizean berek eraiki zuten "doko" deitu saskian. Jean Mixel Dirassar-ek erran digu sherpa horiek gabe ez zutela aitzinera segitzen ahalko. 4.500 metrotan den Kyanjin Ri gailurrera arribatzea lortu zuten, emozio handia izan zen, irrintzina bota eta kantatzen hasi ziren. "Hegoak Mendian" elkarteak bere ametsa bete zuen: Bastien ahalik eta goren eramatea. Jean Mixel Dirassar-ek erran digu beren helburua ez zela gailurra, baizik eta ezinezkoa iduri zuen hori elkartasunaren bidez lortu ahal izatea. Euskal Herriko bandera eta "Hegoak Mendian" elkartearen banderak mendi gailurrean lotu zituzten. Sherpa batek Euskal Herriko bandera anitz maitatu zuenez, Jean Mixel Dirassar-ek bat eskaini zion.
Ondotik, gailurretik berriz jautsi ziren, euri eta kazkabarrarekin. Jaustean "joëlette"-aren gurpila lehertu zen, beraz errotarik gabe soka batzuekin Bastien zintzilikatuz eraman zuten.
(Segida 3.orrian)











