Herriz Herri - Donaixti-Ibarre (NB) | 2024ko Agorrilaren 29a
Dolu - Oztibarre eguna
Guziz herriko bestak histu dituen berria izan zen Pierre Agirre zendu zelakoa. 74 urte zituen Pierrek, hemengo egoitza gorenean sortua, Harmakiñan, haur denboran jakin zuken mendialdeko bizitza neketsua nolakoa zen eta lagun on baten galtzeak penatu gaitu.
Oztibarre eguna
Duela bi urte Izuran hasirik, hau da agorril erditsuan oztibartarrek apailatzen duten egun berezia ibarraren ezagutarazteko jendalde zabalari. Aldi hontakoa agorrilaren 17an egin da eta ezin hobeki, aro ederra lagun joan da eguna. Hain programa zabala eskaini zaio anitzek ez baitute dena gozatu ahal izan. Ikusi da kabale ederrik, artisau lan eta etxeko ekoizpen hainbeste eskuratzen ahal ziren, erakusketak ere hor: oztibartar artistena bere aniztasunarekin, gaurko eta lehengo argazkiak lehengoen mintzoarekin, artzainak ere ikusi dira zuzenean gasna egiten, artzaintzari ere lotua xakur xapelketak ere ukan du merezi zuen arrakasta, hots, hemengo bizinahiaren indarra ikusi ahal izan da. Herriko ostatuekin batera bazen jateko eta edateko manera egun guzian, ahantzi gabe hainbat ikuskizun dantza, kantu eta musikaren inguruan...
Gisa guziz egun ederra gozatu dugu eta eskertzekoa da egun horren kudeaten arizan den jendea.










