Euskal diaspora | 2024ko Agorrilaren 29a
Mikelune, Buffalo, SFO eta Chinoko agorrileko bestak
Joseba Etxarri
CHINO, KALIFORNIA. Programak ez dira batere gelditu, eta segitu dute agorrilean Ipar Ameriketan udako euskal piknik eta bestek. Arrakastaz egin ziren Saint Pierre eta Mikelunen eta Wyomingeko Buffalon (hondarreko huntan geroztik sute handiak ukan badituzte ere herria inguratzen duten larre eta pentzetan), baita azken asteburuan ere San Frantziskon, Gure Euskal Etxearen "Udako Besta"-rekin. Izan ere Kalifornian dabil oraino Euskal Herriko pilota espedizioa, iragan asteburuan San Frantziskon, aste huntan Bakersfielden, eta ondoko asteburuan Chinon arituko dena, Chinoko Euskal Bestak baitira agorrilaren 31n eta irailaren 1-2an, ebiakoitz eta igande-astelehenez Chinoko Euskal Etxea antolatzaile (astelehena "Labor Day" da Estatu Batuetan).
Kalifornian barna ari den Euskal Herriko pilota espedizio hortan partaide dira pilotari, Iker Espinal, Mikaël Darmendrail, Pierre Etcheverry, Luis Sanchez, Andoni Iphar eta Ellande Orhategaray, heien trebatzaile Michel Etcheverry kantariarekin, Lauak Sport-eko babesle JM Charritton dutela. Hiru herritan jokatuko dute, Kaliforniako euskal komunitateetan anitz diren euskal pilotazaleen gozamenerako eta Michel Etcheverry kantuz ere arizanen da. Aurtengo agorrilean Diasporan zinez ezagutu eta maitatuak diren bi lagun ere ari dira musikari aipatu euskal komunitate kaliforniarretan:Jean Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy, jendea gogoz dantzarazten.
Baina Euskal Herritik gomitaturik heldu diren pilotariak aipatu ditugula, ez ditugu batere ahantziko Chinon jokatuko duten bertako pilotariak. Hor izanen dira Jesse Aramburu, Marcos Medina, Michael Pereira, Alberto Reyes, Joshua Tellez, Tony Huarte eta Luis Almazan. Mila esker handi bat heieri eta euskal pilotaren suia urte osoan Kalifornian, Chinon, San Frantziskon, Bakersfielden, Boisen eta gure Diaspora osoan atxikitzen duten pilotari eta pilotazale guzieri!











