Han eta Hemen | 2024ko Agorrilaren 29a
Ezintasunak gaindituz, ametsak betetzen (1.orrian hasia)
A.E.
Esperientziak ekarritakoa
Hasieratik Sherpekin harreman berezia lortu zutela erran digu "Hegoak Mendian" elkarteko kideak. Kondatu digu herri ttikietan Bastien-ek harridura sortu zuela. Jendea biziki gisakoa izan da, zoriontasunezko lepokoak ematen zizkion gazteari, otoitzak egiten zituzten, eta loreak ileetan ematen zizkioten. Haurrak loriatuak omen ziren Bastien-ekin, bere "joëlette"-aren gainera igaiten ziren.
Jendea zinez eskuzabala izan da, duten gauza gutti hori emateko eta laguntzeko prest ziren. Gauza anitz partekatu zituzten elkarren artean, Jean Mixel Dirassar-ek erran digu sherpak ez zirela ohituratuak.
Bestalde, sherpei euskal hitzak eta kantuak erakatsi zizkieten. Hasieran, nepaldarrek uste zuten elkartea Frantziatik heldu zela, baina aski fite ulertu zuten ez zela arras hala. Bukaeran, sherpek gurutzatzen zituzten jendeei esplikatzen zien taldea Euskal Herritik heldu zela, eta herri hori Frantzia eta Espainia artean kokatzen dela.
Elkarteko kideak arrunt beste mundu batean bizi direla erran digu. Bizitzeko denbora hartzen dute guk ez bezala, batzuek egun oso bat hartzen dute ondoko herrira joan behar baitute zerbaiten erostera. Taldea bidaiatik aldaturik itzuli da, biziaren beste ikuspegi batekin. Eguneroko bizira itzultzea zaila izan zela kondatu digu "Hegoak Mendian" elkarteko kideak.
Jean Mixel Dirassar-ek azpimarratu nahi ukan du bidaian zehar sare sozialen bidez jendearen sustenguak indar handia eman diola taldeari. Esker onekoa agertu da.
Ideiak sekulan ez faltan
Gaur egun, "Hegoak Mendian" elkarteak ezintasunean diren pertsonak mendi kaskoetara eramaten segitzen du.
Nepaletik urrun badira ere, beren abenturaren parte izan diren sherpa batzuekin oraindik harremanetan dira Whatsapp eta Facebook-en bidez. Beren helburua sherpa batzuk Euskal Herrira ekarraraztea litzateke, deskubri ditzaten hemengo mendiak.
Horrez gain, elkarteak hartu dituen irudi eta bideoekin enpresa bati bideo muntaketa egitea eskatu dio. Film labur hunen bidez, proiektuan laguntza ekarri dituztenak eskertu nahi dituzte. Berantago, beren helburua film hori eskoletan erakustea litzateke, inklusioa eta integrazioa erakusteko. Irailetik goiti proiekzioa eginen dela erran digu Jean Mixel Dirassar-ek.
"Des ailes dans l'Himalaya, une joëlette au Népal Hegoak Mendian" deitu Facebook orrian, beren bidaian atera argazki eta bideoak ikus daitezke, eta nola ez, elkartearen berriak segitzen ahal dira.












