Orotarik | 2024ko Agorrilaren 29a
kukumarro
Xarles Videgain
Inguma
Agian inguma zer den gure irakurle guziek ez dute molde berean hartzen. Iduri luke haatik basa-ihizi gaiztoa dela eta beti ere gauaz jendea ez duela lo egitera uzten.
Leku frankotan haren kontrako ondoko formula edo otoitza erraiten zen ere:
Inguma, ez nauk hire beldur,
Zeruan izar, lurrean belar, itsas bazterrean hariña-mokor,
Ez hadila hona ager hoik oro kontatu gabe.
Ez da harritzekoa beraz zeruko izarrak, lurreko belarrak eta itsasoko hariña-mokorrak kontatzeak berak denbora puska bat hartzen ziola: eta itzultzen zelarik delako jendea lokarturik atzemaiten zuen gure ingumak.
Inguma hori euskaraz mintzatzen zaio euskalduna baita baina hatsarrean latinezko hitza bazen aski ezaguna; incubus deitzen zen latinez eta amets gaiztoa ekartzen omen zuen, hots lo onik ez. Erran gabe doa Erromaren denboran ere gaizki ikusia zela amets gaiztoa. Frantsesak gauza bera adierazten du "cauchemar" delakoa aipatzen duelarik "cauche" hortan "galkatu, hertsitu, hatsa kendu, ito" ikusi behar da eta "mar" elementuak "fantoma" edo "mamu" erran nahi du. Ez fida beraz harekin!
Inguma honek, izatekotz, emazteari gehiago lotzen zaio gizonari baino. Eta bera gizatxar da, ar, ordots eta kotxo, ez da sekulan emaztekia, ez eme ez urriza. Gorago eman formulan "ez nauk beldur" erraten zaio, bera gizonezkoa delakotz dudarik gabe. Ez zaio "ez naun" erraiten. Hori erraten dut Inguma izena azken denboran alaba bati ematen dioten aitamak ba omen baitira.
Agian hori gertatzen da inguma baita pinpirina,k tximeletak, jinko-oiloak duten beste izena. Arin eta iduriz goxo den intsektu hau nola izan daiteke halere gauaz partida duguna eta nortasun gogorra duena?
Alabaina, mintzaira eta kultura anitzetan pinpirina eta jinko-oiloak ikusten dira arima balire bezala eta ezin hilak balira bezala. Gaitza, gaixotasuna, heriotza ez dute urrun. Grezian Psyche hitz ezagunak baditu bi erran nahi: lehenik "arima" eta gero "pinpirina". Irlandan lehenago sinesten zuten pinpirin xuriak arima garbi garbiak zirela eta Afrikako Kabilian gauza bera pentsatua izan da. Nork ez du entzun pinpirin-arima eskapatzen zela hiltzen ari zen jendeen ahotik? Euskaraz ere pinpirinak duen izenetarik bat atsoaren arima da beraz jende zaharraren arima, nahiz egia erran zonbaitek astoaren arima deitzen duten; atso ala atso baina haatik beti arima.
Mintzaira batzuetan pinpirinak hartzen du askazi edo senide baten izena eta euskaraz atxiamatxi, matxita, atixmutxita izen horietan uste dut "amatxi" izena ageri dela.
Bera ezin hila balin bada ere, erran bezala, pinpirinak eta ingumak heriotza markatzen dute. Eta heriotzarekin eritasunak ere. Badira euskaldunak pinpirinari ezkabia erraiten diotenak, agian pinpirinak halako hauts bezalako zerbait eskutan uzten baitute baina ezkabia larruzko eritasuna da. Beste egun batez aipatu beharko dut pinpirinak hegaletan duen hauts hori izan daitekeela goiko jainkoei eskaini behar zaien oparia, presenta eta ikusgarri. Baina bego hori beste behin ikusteko.
Inguma hitzarekin hasi gara, haren kontrako formulak aipatuz. Dudarik gabe haren inguruan eta pinpirinaren inguruan Europan gaindi izan dira sineste zaharrak eta sineste horien herexa ageri da pinpirinak dituen izendapenetan.











.274932.jpg)





