Gure Hitza | 2018ko Martxoaren 29a
"Pazko goiz balitz..."
Janbattitt Dirassar
Joanden asteko "Herria"-n, sail huntan berean, Jean-Louis adixkideak biziki polliki oroitarazi dauku erran zahar bat arrunt sasoinekoa dena: "Pazko goiz balitz, martxoz ez balitz".
Joanden asteko "Herria"-n, sail huntan berean, Jean-Louis adixkideak biziki polliki oroitarazi dauku erran zahar bat arrunt sasoinekoa dena: "Pazko goiz balitz, martxoz ez balitz". Eni ere artikulu hunen idazteari plantatzean, gauza bera jin zaut gogorat... Gure arbasoek zergatik ote zuten hori hola nahi? Pazko, biziki mugikorra den besta-burua, goizik izaitea bainan ez halere goizegi, eta beraz ez martxoan... Nola aurten apirilaren lehenean izanen den, erran zahar hori berme erraiten ahal dugu egunik egokienean heldu zaukula, egokiagorik ezin izan... Horiek hola, Pazkokari beti kantu berak entzuten dira eta ez bakarrik elizetan... Nola ez denen buru? Kantu bat berehala gogorat heldu dena, eta gehiago preseski Pazko hein bat goixtiar delarik, udaberria hor dugula... Bazterra iratzartu dela edo iratzartzen ari segurik ba... Ardura hola izaiten da keinka huntan. Erran zahar batek dion bezala: "Andredena Maria martxoko, behiak larrean aseko". Eta Andredena Maria hori aipatzen baitugu, uste dut berrikitan ja arizanak girela hortaz, baserritar ainitz egun hortan hasten ziren aratsaldeko askariaren berriz egiten bai eta aratsalde hasteko pausaldiaren ere ba... Dena den, aurtengo negua ez dea doi bat bitxia izana? Otsail hastean ukan ditugu egun batzu biziki goxoak, kasik iduri jadanik maiatzean ginela! Otsailaren 28an aldiz uste gabeko elurtea, aspaldiko handiena, bainan iraupenik gabekoa, elurra gauaz jin eta biharamun aratseko urtua kasik denetan. Joanden aste hortan haatik berriz ere ikusi dugu elurra frango apal jautsia...
Pazkokari entzuten ginuen beste kantu bat arrunt galdu da haatik, ez beharbada denetan, bainan ainitz tokitan. Denboran, Pazko egunean estreinatzen ziren udako erosi beztitzeko berriak, Omiasainduz negukoak estreinatzen ziren bezala... Eta Pazkokari kasik familia guzietan, bazkaltzeko tenorean, bildoxkia zen jateko. Duela zonbait egun norbaitek erraiten zautan orai bildoxkia badela noiz nahi, ez dela gehiago Pazkori hainbat kasu egiten bildotx baten hiltzeko. Presuna bera harritua ikusiz xokolateak (edo xokoletak) nolako tokia hartzen duen orai Pazko aipatu orduko... Hauxe erraiteraino: "Badakizue zer den orai Pazko? Xokoletaren besta!"
Pazkoko beste usaia bat galduxea dena: luzaz, Donibane Lohizunen eta hor gaindi, "Bordelesak" À¢'€'" hola deitzen zituzten, hala ez baziren ere À¢'€'" jiten ziren udako tokien segurtatzerat. Orai, Internet eta gaineratikoekin, ez da holakorik izaiten, edo arras guti... Pazkoko kantu ederrena halere, fededunentzat behin, Elizaren besta-buru nagusi horrek entzun-arazten duena. Oroitaraziz Jesusen hiltzea lehenik eta gero haren piztea, bi gertakari elgarri lotuak, gure gogo-bihotzen altxagarri, gure bizia argitzen dutela eta esperantzaz betetzen... Beste kantu frango bada Pazkokari. Batzu biziki aspaldian hor ditugunak, Erdi-Arokotzat agertuak, eta beste batzu joanden mende hortan hor nunbait sartu direnak. Lehenetan, horra Baionako xingar-feria eta bizpahiru egunez mugimendu gaitza izaiten da feria horrekin. Geroztikakoetan, horra Aberri-Eguna, Euskaldunek gero eta euskaldunago nahi ginuekeelako mezua zabaltzen duena ahal bezen kartsuki. Horra ere Sarako Biltzarra, idazleen elgarretaratze baliosa, gure kulturaren aldeko hitzordu aipagarrienetarik batto... Ez dugu ere ahantzi behar muslarien eguna, guziz herrikoia hau ere...
Eta gero, aroa gisa hartakoa izaiten balinbada, nolako mugimendua ez da izaiten harat eta hunat ibiltzeko badiren errextasun guziekin... Bakoitxak bere gusturat ospa dezala beraz Pazko eta denentzat izan dadiela besta bat guziz goxoa...










