Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2018ko Martxoaren 29a
2019ko kalbakadaren prestatzeko, Aihertarrak ados!
Joan den ortzirale arratsean bazen mugimendu Denen Etxean.
Joan den ortzirale arratsean bazen mugimendu Denen Etxean. Belzuntze elkartearen inguruan bildurik, herritar multxo batek herritar guzieri bilkurarateko gomita igorria zien, 2019an kabalkada Aiherran antolatzeko xedea aurkeztu nahiz. Dezagun erran proiektuak jendea interesatzen duela, 110 bat herritar bilkurara hurbildu baitzen. Bat bestearen ondotik hitza hartu zuten J-Mixel, Samuel, Kattalin, Xabina eta Mikelek, proiektuaren aurkezteko, proiektua noiz eta hunen helburuak zer diren, kabalkada zer den xuxen eta proiektuaren bururaino eremaiteko zein diren beharrak xeheki azaltzeko: dantzariak, antzerkilariak, musikariak, dendariak, makilariak, zaldunak eta beste. Kabalkadan emanen diren dantzak erakutsiko dituen Latitia Lartigue Urkoitarrak ere hitza hartu du oroitaraziz deia dantzan ari diren edo berdin dantzak ikasteko gogoa duten guzieri dantzak erakutsiko zizkigula. Musikariak Xabi Etcheverry jaunak ditu kudeatuko. Antzerkiaren aldetik, herritar batzuen ideiak bildu ondoan, Samuel Biscay herritarrak du testuen idaztea segurtatuko. Irisarri, Lekorne eta Bidarraiko kabalkadetan parte hartu zuten auzo herritar batzuek ere azpimarratu dute nahiz eta lan handia izan, holako proiektuak giro on bat ekartzen zuela herriari, eta herritarren artean lokarrien sortzen laguntzen. Film baten medioz, publikoak begiratu ditu azken urtetan Sara, Bidarrai, Irisarri eta Makeako kabalkadetan hartu irudiak, horrela denentzat argi agertu baita proiektuaren bururaino eremaiteak zer lan suposatzen duen. Xedea liteke Aiherrako kabalkada 2019ko buruilaren 22 eta 29an emaitea. Dantza ikastaldiak orain beretik hasiko dira apirilaren 14an. Hor denen artean ikusiko da noiz egokiena izanen den errepikak egitea (larunbat goiza, ortzirale arratsa, talde ezberdinetan?). Antzerki errepikak, aldiz, buruiletik goiti eginen dira. Publikoak egin galdeeri arrapostuak eman ondoan, dantzari, antzerkilari eta dendarien zerrendak berehala bete zituzten herritarrek. Halere, bilkuran ez ziren herritarrek izena Herriko Etxean emaiten ahalko dute, 05 59 29 64 02ra deituz. Bilkura euskaraz egin zen, euskara konprenitzen ez zuten herritarrentzat bat bateko itzulpena segurtatua baitzen, EEPk prestatu kaskoei eta Eñaut Elosegiren itzulpenari esker. Arratsa denen artean trago bat hartuz bururatu zen, giro onean..284215.jpg)










