Gure Hitza | 2018ko Azaroaren 08a
Gaztainak eta arno xorta bat
Janbattitt Dirassar
Helduden igandean, azaroak 11, ospatzen da Jondoni Martine. Luzaz eta luzaz bestaburu handia izana laugarren mendeko apezpiku famatu baten ohoretan. Orai, Europan gaindi bereziki, beste gertakari aipagarri bat lotua zaio egun horri berari, 14-ko gerla izigarriaren bururatzea. Aurten oraino handizkiago ospatuko dena, mendeburua izanki alabainan... Gogoan ditugu bixtan da gerla luze hartan bizia galdu zutenak. Bainan gogoetatuak gaude bestalde ezin onetsiz Europa zahar huntako herrialdeak, eta bereziki herrialdeburuak, nola hortaratu ziren! Nola piztu zen holako gerla eta nola iraun zuen lau urte. Dena den, adin batetarat helduak girenok gogoan dugu haatik bestalde ere Martine egun hori munta handikoa zela lehen gure baserrietan. Etxez kanbiatze gehienak Martinekari egiten ziren eta usaia hori hain barna sartua zen nun etxez kanbiatzea deitzen baitzen preseski Martine egitea... Eta etxez kanbiatze frango bazen denbora batez. Etxetiar batzu beren nagusiek aise kanporat igortzen zituzten, eta etxetiarrak umil umila joan behar... Hori beraz laborarien mundu hortan gehienik. Erran behar da Martine eguna etzela ustegabetarik hautatua etxez kanbiatzeko. Keinka asurtia izaiten zela, artoak bilduak bainan ogi edo garia ez oraino ereina. Frantzia behere hortan ere bazen ohidura frango eta frango Martine egunari lotuak. Funtsean, ohidura horiek ez dira denetan arras galduak... Ainitz tokitan, mahastiak badirenetan, urteko arno berria, ordu arte pausatzerat utzia, Martine egunean behar zen jastatu. Asko tokitan gaztainak janez, gaztaina egosiak edo erreak... Alemanian eta hor gaindi ere, baziren ohidura bereziak, han ere jendea biziki atxikia Jondoni Martineri. Hala nola bazkari gaitzak egiten ziren (lekuka oraino egiten ere) antzara zonbait janez. Kondaira xahar batek dionaz - sinetsi behar den ala ez, bakoitxak ikusi behar du À¢'€'" huna nola hasi omen ziren antzara-jate horiek. Behin, Jondoni Martine predikuan ari zen eliza batean, atea norbaitek idekia utzia dudarik gabe, antzara batzu sartu omen ziren, orga zahar batzu bezala tirahala karrankan ari, nehork ez untsa aditzen ahal predikariak zer zion... Gizon batzu xutitu omen ziren eta antzara guziak harrapatu omen zituzten. Eta han ziren guzien artean erabakia izan zen denak hilen zituztela bai eta denen artean janen ere! Bai, hola sortu bide zen Martinekari antzarakiz asetzeko ohidura! Gisa batez bitxia kausi ditakeena jakinaren gainean Jondoni Martine bera arrunt xuhurki bizi zela... Guti janez eta penitzentzia asko eginez... Antzara ixtorio hori ez da haatik Jondoni Martine gogoan gehienik aipatzen dena. Gehiago kondatzen da beti nola hotz pizkorra zen egun batez bere soinekoaren erdia eman zion hotzak hila zagon eskale bati... Girixtino batentzat hori dela eginbide premiatsua, pobre eta behartsuen sokorritzea, gose denari jaterat emaitea, jauntzi guti duenari beztitzeko zerbait, nehorat biltzerik ez duenari aterbeño bat nihundik ahalaz... Artetik erraiteko, zer erran ote lezake Jondoni Martinek, eta zer egin, ikusiz gaurko egunean zonbat etorkin baden, arrunt galduak ibilki, frangotan ez jakin norat joan? Hoinbeste migrante edo migratzaile, hoinbeste miseria beraz, jende gaixo horiek ere nunbait bizi behar alta, bainan nehorat ez tira handirik... Europa-maileko hauteskundeak hurbiltzen ari baitira, etorkin ixtorio horiek usu solasgai izanen omen dira. Europak bere ateak zabalago idekitzen ahal ote luzke? Ala gaina hartuko ote dute ateak arrunt zerratu nahi luzketeen horiek? Eta zer bilakatuko dira ateari joka ari direnak?










