Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Azaroaren 12a
Senpere
San Martin eguna Inharrian:
Laugarren aldia da San Martinetan, Arbaso elkarteak Brigitten kudeantzarekin antolatzen duela Artisauen Besta, orain ohikoa bilakatzen ari dena egun berezi huntan. Beraz azaroaren 11n, 20 artisau-artistek, egun osoan beren obreen erakusketak proposatuko dituzte. Aitzineko urtetan bezala egitarau mamitsu bat eskainia zauku, denen gozatzeko xedearekin. Goizean (10:00-11:30) tailerrak haurrentzat, egurrezko jokoekin, urririk. Peru herrialdea hautatua da egun hunen lema bezala eta karia hortara (11:00) Warik aipatuko du bere Herria, argazki eta kantu batzuen laguntzarekin. Peruko bazkaria (13:30) sarreran atuneko "causa" (atuna abokata tomatea), ondotik urdearen artekia barazkiekin Peruko moduan, irris esnearekin arto krema, kafe eta arnoak barne, 17€etan helduentzat eta 10€etan haurrentzat, deitu lehenbailen Brigitte: 06-81-69- 20-46. Arratsaldez (15:30) Inti Wayrarekin kontzertua Andesetako musika xoragarriarekin, "Eguzki haize" izendatua. Egun goxo baten pasatzeko okasione ezin hobea. Xehetasun gehiagorentzat, so egizue: arbaso@orange.fr.
Armistizioaren ehungarren urtemuga:
Larunbatean hasiko dira ospakizunak Larreko kultur gunean (18:00). Hiru erakusketa aurkeztuak dira: bata deitua "La victoire en chantant", beste batean Senpereko ikasle batzuen obrak gerla handiari buruz presentatuak dira eta azkenik Biarritzeko Ostalari lizeoko obrak. 1918ko hegazkingintzaren inguruan, mintzaldi aipagarri bat Bernard Vivier koronelaren ahotik. Dantzaldi batek, izendatua "Bal de la victoire", bururatuko du larunbat arratsa (19:30) aperitifarekin; galdegina da partehartzaileeri XX.mende hastapeneko jantziekin beztiturik etortzea. Biharamunean, igandearekin (10:30) meza nagusia, hunen ondotik (11:30) hilen oroitarriaren aitzinean lore eskaintza, baita eskolako haurren omenaldia Senpereko garai hartako gerlarieri. Ondotik, zintzur bustitze bat eskainia da denendako Herriko Etxean.
Omiasainduko berri:
Aurten ez dugu hutsegin, zinez Omiasainduko aroa ginuen buru gainean, euritsua eta freskoa, haatik San Martinetako udak ere egin lezake agerraldi bat. Urriaren 31n arratsean, Hallowen tropela ttipi batek, beren bisita eskaini dauku, goxoki batzuen truk. Biharamunean, gure erretor berriak, Omiasainduko mezaren estreinaldia egin du eta kontent gelditu da segurki jendalde pollitak parte hartu duelakoan. Goizeko meza baita arratsaldeko bezperak ongi kantatuak kartsutasun handi batean iragan dira. Bezperatik landa prozesioan, denak bildu dira hilerrietan, han izendatu dira azken hamabi hilabeteetan hil diren herritarrak. Bururatzeko, partehartzaileak beren familietako hobirat hurbildu dira.
Abisuak:
Hilabete huntako lehen hamabostaldian, kadastra zuzenketa egiten arituko dira, hegazkin argazkien bidez. Karia hortara geometroek seinale batzuk lurrean ezarriak dituzte, galdegina da jendeeri ez hunkitzea.











