Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2018ko Azaroaren 12a
Uztaritze
1914-1918-ko gerla bururatze mendeurrena
Mendeurren hori ospatzeko Uztaritzeko herriak antolatzen ditu zonbait mintzaldi Lapurdi gelan gai hunekin: ''14-18ko gerla, arte eta kultura ikuspegitik''. Huna mintzaldi horien egitaraua: ortzegun huntan, 8an, 14-18ko gerla marrazki bizidunetan barna; (20:00) Francis Michelenarenganik Chiquito Kanboko granadariaren aipamena; (20:30) Markoren mintzaldia ''Behaezazu, marraztua da'' gaiaz, garai bateko dokumentu eta gauza batzuk lekuko. Ortziralean, 9an (20:00) ''Euskal kantu eta kultura alemanen preso kanpamenduetan'', Euskal Kultur Erakundeko Maite Deliart-en medianiztun mintzaldia. Erabiliko duen ''Maitia nun zira'' dokumentala 2016an saristatua izan zen Eusko Ikaskuntza eta Baionako hiriarenganik. Hamar euskaldun presoren ahotsak dira grabatuak. Larunbatean, 10ean, (17:00) Jean Louis Requenaren zine-mintzaldia. Gerlaren oroitarazte bat proposatuko du 1920tik gaur arte filmografia batean. Egun oroz mintzaldietan gerlako argazki eta dokumentu batzuen erakusketa idekia izanen da. Igandean, 11n (10:30) oroitzapeneko meza Jondoni Bixintxo elizan; (11:45) hilen oroitarrian ospakizuna Labourdins elkarteko soinulariekin eta ikastetxetako haurrekin; (13:00) bazkaria Jatsun Pourteau ostatuan. Uztaritzeko jendea gomitatua da handizki ekitaldi guzietara.
Tailer berri
CCAS edo herriko laguntza sozialen zentroak antolatzen du tailer berri bat bi egunez tauleta numerikoen aurkikuntzarako eta baliatzen ikasteko. Lagunen Etxean iraganen diren ikastaldi horiek izanen dira azaroaren 15 eta 23an, tenoreak goizetan (10:00 - 12:00) eta aratsaldetan (13:30 - 17:30). Erakutsia izanen da administrazio ibilera, argazki ber-hunkitzea, Interneten ikerketak (horietan sukaldaritza eta beste...). Tauleta horiek tailer tokian aurkituko dira eta banatuak izanen. Parte hartzeko izenak eman ditaizke telefono huntara: 05-59-93-38-91.
Formakuntza
SDIS 64 suhiltzaile erakundearen aginduetara Herriko Etxeak antolatzen du formakuntza goiz bat elkarteetako ordezkarientzat, jakiteko nola jokatu eta zer egin suaren presentzian elkarteek erabiltzen dituzten gela eta aterbeetan. Formakuntza hori baitezpadakoa da. Gastu guziak Herriko Etxeak hartzen ditu bere gain. Lehen goiza finkatua da abenduaren 1ean (9:00-11:00) Mailiarena gelan. Tokiak mugatuak izanez, izenak eman behar dira Herriko Etxean azaroaren 16ko berantenaz. Uste baino parte hartzaile gehiago balitz bigarren txanda bat antolatua izaiten ahal da ondoko hilabeteetan.
Antzerkia
Azaroaren 11n Ur Begik antolaturik Pantzo Hirigarayren ''Mitxelina'' antzerkia emana izanen da Bilgune gelan (16:00). Aspaldian talendu handia erakutsia duen Aldudeko ''Larrazkeneko loreak'' taldeak antzeztuko du Baionatik Garazira joaiten den treinaren historia eta hain segur umorearekin lagundua dela. Jean Louis Negueloua izanen dute taula zuzendari. Sartzea 10 eurotan finkatua da. Memento goxo baten pasatzeko parada baita ongi etorri deneri.











