Inbido | 2018ko Azaroaren 12a
Kreta ugartean gaindi
Muslaria
Duela bi aste sail huntan berean aipatu dugu Ikaria, Greziaren konduko ekarria den ugarte bat, zointan ainitz jende - jendetzaren %30-ez goiti - heltzen baita 90 urtetarat. Doi-doia aipatu ginuen Kreta, eskualde bereko beste ugarte bat, hor ere banabeste batean jendea beste nihun baino gehiago xahartzen-eta. Egun preseski Kreta ugarte horri emaiten diogu behako bat... Greziaren hegoaldean kokatzen da. Eremuz Nafarroa baino ttipixagoa da. 630.000 biztanle orotarat, jendetza guziaren laurdena nunbait han Heraklion hirinagusian. Ugartea frango luzea da (255 kilometro) bainan arras hertxia (55 kilometro zabalenean). Heldu da itsasoa ez dela nihundik ere biziki urrun. Bainan badira ere mendiak, batzu hein bat gora direnak. Gorena, Ida deitzen dena, heltzen da 2456 metrotarat
Jatekoari biziki kasu eginez
Usu egiten den galdea: zergatik bada jendea hoinbeste xahartzen den han gaindi. Berek diotenaz, janak ainitz egiten du. Denetarik jan behar da, bainan oroz gainetik eta egun guziz nahi bezenbat fruitu eta baratzeki. Arrainkia astean aldi bat edo bietan, haragia astean aldi bat, ez gehiago. Hobe haragi xuritik balinbada. Erabili behar den olio bakarra olibak lehertuz egiten dena. Funtsean, ez dira olio mota horren eskasean aise gertatuko, ugartean gaindi oliba ondoak badira 35 miliun segurik. Bestalde, ainitz ur edaten dute. Arno guti bainan jende gehienek egunean baso bat edo bi halere... Gorputzarentzat biziki on dela arno xorta bat, izari hori atxikitzekotan... Beren ustez, polliki xahartzen dira jatekoari eta edatekoari biziki kasu egiten dutelakotz.
Historia mugimendutsua
Duela sei edo zazpi mila urte jadanik, Kreta ezagutua zen eta bazuen erresuma azkar baten fama. Lehengo kondairetan ukana du ainitz aipaldi. Greziako mitologia bereziaren konduko gertakari larri asko han iragan zirela, usu kondatu da hori eta oraino ere kondatzen funtsean. Duela bost mila urte edo holako zerbait gaitzeko hiria bazen ere muntatua, denbora heietako handienetarik eta ederrenetarik omen, Knossos deitua. Nolazpait lurperatua izan zen hiri horren lehen aztarnak kausitu ziren 1878an, gero eta gehiago ondoko urteetan. Hori, oraiko hirinagusitik hurbilhurbilean. Mendeak jin eta mendeak joan, gora-behera ainitz izana da han gaindi. Azkenik, biziki luzaz gainerat, ugartea Turkoen legepean egona da. 1913an herritarrak jazarri ziren eta ugartea lotu zen Greziari. 1941ean gaitzeko guduka bortitzak izan ziren, hilak milaka, Alemanak etorririk ugartea beretu behar zutela. Orai, bazterrak lasai daude. Kretak badu bere mintzaira, Greziakoaren eite handia duena. Baditu ere ohidura bereziak, gehienik dantza eta musikaren alorretan. Erlisionez, jende gehienak girixtino ortodokzo delakoetarik dira bainan ez Greziako Elizari lotuak, Turkiakoari, beti hala izanak direla-eta.










