Herriz Herri - Azkaine (L) | 2022ko Agorrilaren 04a
Azkaingo bestak - Suteak saihestu
Azkaingo bestak
Herriko bestak iraganen dira abuztuaren 11tik 15era. Besta komiteak, herriko bertze hainbat elkarterekin egitarau aberatsa antolatu du, bortz egunez herria alaitzeko.
Ostegun arratsean mus txapelketa izanen da Bil Tokin (19:00).
Ostiralean, plazan besten idekitze ofiziala eginen da (19:00). Azkaindarren afaria izanen da Kuxkuxtu taldeak alaiturik (21:00). Menuan: zerrikia, zikiroa, gasna eta euskal pastiza, kafea eta arnoa barne. Tokiak Xoko Ona eta Plazan ostatuetan hartzen ahal dira, abuztuaren 4a aitzin, 22 eurotan.
Larunbatean, erromaniko zubian urteroko presoen aldeko bazkaria izanen da. Ondotik Kilika gaztetxeak uda guzian antolatu Puntifut txapelketaren finalak jokatuko dira (16:30). Gauean kontzertuak plazan: De Grands Enfants, Kakolak, Skakeitan eta Koloka.
Igandean, Larrungo lasterketa izanen da (9:00). Baionako Orai Bat taldeko joaldunak ibiliko dira herrian (19:00) eta suzko zezena izanen da plazan (23:30). Igandeko kontzertuak: Gezi, McOnak eta Les Z'anonymes.
Astelehenean bukatuko dira festak, Andre Mari egunez. Festetako meza izanen da (10:30). Jérôme Laduche pilota torneoko finala jokatuko da (12:30). Bertsu poteo feminista antolatua da (13:00). Patxi Perezek plazan denak dantzan emanen ditu (18:00). Azken gaua, Burrunba elektrotxarangak alaituko du.
Pandemiaren gora-beheren ondotik, azkaindarrak eta ingurukoak, bai eta urrunekoak aurten berriz elkartzeko aukera izanen da. Besta on deneri!
Suteak saihestu
Gure Mendiak, mugaz gaindiko lankidetza programaren baitan biltzen dira Bidasoa aldeko dozena bat herri hiruhilean behin. 2021. urteko otsaileko suteen ondotik elkar lan bat eramaki dute mendiaren kudeaketa egokia lortzeko. Hauen ondoan prefetak bere ekarpena egin nahi ukan du. Oihanak erretzea saihesteko hartuko diren neurriak aurkeztera etorri da, joan den ortzegunean Azkainera. Hauek izan dira: norberak bere lurretako sasiak garbitzea, udazkenerako zehaztuak izanen diren tokietan, erretzea, pipatzea, barbakoa egitea debekatzea. Suhiltzaileentzako materiala diruztatzea (1,5 milioi euro) eta landaredia desberdintzea beroaldiei aurre egiten dieten zuhaitzak landatuz.
Desagertu diren laborarien lana agerian gelditzen da!











