Azalekoa | 2023ko Otsailaren 02a
Bagira prozesua: mugimendu abertzalearen topagunea
M.O.
Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzaleak 1963an Itsasun bere lehen harria pausatu zuen, 60 urteen karietara eremu guzietatik etorri abertzale talde batek gogoeta ziklo bat abiatu du, mintzatu gira Txomin Poveda boz-eramailearekin.
Bagira prozesua: abertzale mugimendu zabalari begira
Enbata lehen mugimendu abertzalea sortu zenetik 60 urte pasa dira. Txomin Povedak azaltzen zuen urtez-urte mugimendu abertzalea sektore desberdinez osatu dela, izan euskara arloan, sindikalismoan, ingurumenean, komunikazioan, kulturan, politikan eta instituzioetan. Mugimendu abertzalea fronte politiko eta instituzional batean garatu da, baina erakunde politikatik haratago hedatu da. Hainbat urtez, jendartearekin batera, abertzale mugimenduak ere aldaketak ezagutu ditu. Txomin Povedak aipatzen zuen hamarkadetan Ipar Euskal Herrian abertzaletasunak instituzio alorrean leku bat hartu duela, egitura publikoetan hautetsiek karguak hartuz.
Urteurrenaren aitzakian puntu baten egiteko beharra sentitu da, galdera baten inguruan: "gaur egun abertzale izaitea zer da?" Sektore desberdinetako ordezkariak 9 hilabetez bildu dira, abertzale mugimendu orokorra kontutan hartuz, eztabaidatzeko xedearekin. Horretarik sortu da Bagira deitu prozesua, otsail hastapen huntan hasiko dena eta 2024ko Aberri Eguna arte iraunen duena.
Prozesuaren helburuak
Mugimendu abertzaleak gogoeta bateratuak egiteko espazio eta denbora eskasa ukan du, bultzada berri bat lortzeko eta erabaki indartsuak gauzatzeko. Erronka haueri erantzuteko da Bagira prozesua abiatu, Ipar Euskal Herriko lurraldeak kontutan hartuz, belaunaldi desberdinak, bakoitzaren ibilbideak eta sektore guziak bilduz. Prozesu hori lau helburutan finkatua da.
Lehen erronka da Itsasuko agiriaz geroztik izan diren aldaketak kontutan hartzea, oinarri ideologikoak gaurkotuz. Txomin Povedak zioen abertzale izaite definizioa berriz pausatu behar dela, mugimenduarekin hurbil sentitzen direnek usu abertzale diren galdera pausatzen dute.
Epe ertainean elkarrekin finkatu nahi diren helburuak eta urratsak identifikatzeko helburua du. Mugimenduen artean, bide orri partekatu baten osatzeko xedea da. Helburua ez da estrategia bakar baten adostea, baina abertzale mugimendu zabalaren artean lan ardatzak finkatzea.
Helburu berdinarekin mugimendu gisa antolatu, 60 urtez izan aldaketak kontutan hartuz, oinarri ideologikoa egungo egoerari egokitzeko asmoa du.
Azkenik belaunaldien arteko lotura bultzatzeaz gain, publiko zabal bati idekitzeko xedea du. Urrats politikoan jauzi kantitatezkoak eta kalitatezkoak egiteko asmoa da.
Prozesuaren egutegia
Larunbat huntan otsailaren 4an, Itsasuko Sanoki gelan (9:00) gogoeta prozesua transmisio historikoarekin hasiko da. Mugimendu abertzaleko eragileek Euskal Herriaren eraikuntzan egin ekarpena oroitaraziko dute. Apirilaren 8 eta 9an Itsasun iraganen den Aberri Egunaren kari, bi eguneko egitaraua finkatuko da. Eztabaidak, manifestazio eta kontzertuak antolatuak izanen dira, Txomin Povedak zioen abertzale "familia" guzia biltzeko gisan. Apiriletik uda arte diagnostikoaren garaia izanen da, abertzale mugimenduaren gaur-egungo egoera eta biharko erronkak aztertuko dira. Horretarako leku desberdinetan bilkura tematikoak antolatuak izanen dira. Hunekin batean galdeketa masiboa plantan jarriko da, abertzale guziek erantzuten ahalko dutena.
Azken fasea irailetik 2024ko apiril arte iraganen da, galdera hauen inguruan gogoetatuko da: "Gaurko munduan zer da abertzale izaitea? Zer lortu nahi dugu? Nolako mugimendua osatu nahi da? Nola antolatu eta artikulatu helburu horiek kausitzeko?".
Prozesuan parte hartzekowww.bagira.euswebgunearen bidez egin daiteke.











