Egun eta bihar | 2023ko Otsailaren 02a
Aterabide bat
J-B D
Zenbaki huntan, ez dugu kondatzen ahal nola iragan diren asteartean beharrak ziren manifestaldiak. Erretretak gogoan eta gobernuaren xedeak ezin onartuz, astekari hau ere egun berean moldatzen-eta. Dakiguna da aitzineko egunetan zernahi dei zabalduak izanak zirela jende anitz eta anitz biltzeko! Jadanik elgarretaratze frango izanak xede horien kontra, lekuka grebak ere ba.
Gobernuak ez du deus gisaz ere aditu nahi doi bat bederen, bi urtez bainan emeki-emeki bospasei urte barne, gibelatzea erretretaren hartzeko adina, erretreta kutxek ez dutela bestenaz ihardukitzen ahalko! Gehiagoko argitasunik eman gabe haatik arrazoinamendu gisa hortaz. Aitzina sinetsarazi ere nahi daukute, joan den astean ginion bezala, Emmanuel Macron berriz hautetsia izanik auzia jadanik xuritua izana dela! Sindikatuek aldiz deblauki diote ez girela hortan, delako kutxa horiek ez direla hain egoera txarrean bainan heiek ere garbitasun handirik eman gabe. Azkarki azpimarratuz haatik ez dutela barkatuko partida irabazi arte, hots gobernuak ez dueno gibelera egiten! Norbaitek onez onean ateratzen ahal ote lituzke kondu xuxenak? Bitxi da gutarteko jendeak ez hobeki jakitea nun zoin diren arras makur joaiteko irriskuak.
Alta, holako saltsak ez du alde bat irauten ahal eta nolazpait beharko da aterabide bat kausitu. Batzu eta besteak artzen ahal dira dena espantukeria, beste biderik beharko da hartu!











