Herriz Herri - Kanbo (L) | 2024ko Maiatzaren 16a
"Artzain soil" filma - Arnagan festibala - Gerla ene begietatik - Mobilizazio egun bateratua
"Artzain soil" filma
Maiatzaren 23an (20:30), L'Aiglon zinegelan "Artzain soil"filma ikusgai izanen da, Lucie Francini eta Sabina Hourcade egileekin. Maina artzaintsaren istorioa kontatua da, erabakia hartzen du ondoko neguan ez gehiago artzain soil izaitea. Akabo bere bizimodu ibiltaria, etengabean bizitoki berria bilatzea. Maina instalatzen da, bere lurraldean sustraitzeko asmoz eta berak nahi duen laborantza mota eramaiteko. Ideiak argi baditu, instalazioan zehar hainbat sorpresa gertatuko zaizkio.
Arnagan festibal musikala
Maiatzaren 17tik 20a arte, Arnagan 8. aldikoz iraganen den gertakaria da. Maiatzaren 17an (15:15) Michel Forrier historialariak hitzaldia emanen du "Rosemonde Gérard et les dames de la Belle Époque". Ondotik (16:30) Marie Curie zientifikoari buruzko hitzaldia Dominique Berget erakasleak aurkeztuko du. Bururatzeko Arnagako gela handian literatura saria emana izanen da.
Gerla ene begietatik
Xalbador kolegioko 3. mailako ikasleek muntatu erakusketa mediatekan ikusgai da, maiatzaren 22a arte.
Mobilizazio egun bateratua
Laborantza lurren artifizializazioa gelditzeko borrokan, Marienia afera enblematikoa bilakatua da. PLU eta eraikitzeko baimenari buruzko jujearen erabakiaren zain, bitartean laborarien mobilizazio burrunbatsuak eta auzapezaren ustekabetariko erorikoak piztu duten beroaldi politiko-mediatikoaren ondotik, borroka horretan inplikatuak diren CADE, ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta OSTIA egiturek mobilizazio eguna antolatzen dute. Maiatzaren 25ean, larunbatez iraganen da, "Marienia elgarrekin irabaz dezagun" lelopean. Informatu eta inplikatu nahi duten guzieri gomita zabaldua da, tailer praktikoak, esku lanak, ibilaldia eta animazioak 12 orduz iraganen dira (10:00-22:00).





