Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Maiatzaren 16a

Bildotsaren besta eguna - SPUC Kirolaken bazkaria - "Pot'âgé" baratzean birziklatzea - Bizikleta lasterketa - Mutxikoak - Kirol ekitaldia - Errgubian aitzin doatzi

Bildotsaren%20besta%20eguna%20-%20SPUC%20Kirolaken%20bazkaria%20-%20Potage%20baratzean%20birziklatzea%20-%20Bizikleta%20lasterketa%20%20-%20Mutxikoak%20-%20Kirol%20ekitaldia%20-%20Errgubian%20aitzin%20doatzi

Bildotsaren besta eguna

Hitz batez erraiteko bikaina izan da, eguraldia lagun arratsalde erditaraino, hemen galernak ekarri euri zaparradek giroari freskuraldi ederra eman dako. Zorionez, Xan Ithourria plazan eraiki xapito erraldoiak geriza segurua ekarri du. 600 bazkaltiar mahainetan, animazio ugari, Hats Berri abesbatza, Ur Begi danborrada, "Les Joyeux" musika banda eta nola ez aipa Kolpez Blaiko perkusionistak, hauek inarrosi dute xapitoaren barnea, gutitan ikusi eta entzun ez den modu berezian, harritzekoa. Gasna fabrikatze erakusketa Beñat eta Mirentxu Ezcurraren eskuetatik iragan da, aldiz ekaitzarengatik, Zirikolatz dantzarien ikuskizuna ezeztatua izan da.

SPUC Kirolaken bazkaria

Elkarte hunen besta handia kirol zelai bazterrean iraganen da, maiatzaren 19an, Mendekoste egunean. Herritar guziak gomitatuak gira, sustenguaren ekartzera, baita bazkari onaren partekatzera: bakalaoa arroltze-moletan, entrekosta patata frituekin, gasna, deserta, kafea, ondokoa eta arnoa, prezioa 25€, haurrendako 10€, gomeni litaike erreserbatzea sekzio bakoitzean edo turismo bulegoan.

"Pot'âgé" baratzean birziklatzea

Herriko zerbitzu sozialak (CCAS), adinekoen elkartearekin antolatzen du maiatzaren 18an, larunbat goizarekin, birziklatze eguna. Bil ta Garbi sindikatuko kideek, formakuntza eta konpostagailuen banaketa eginen dute. Baratzeko tresneria ttipien trukaketa egiten ahalko da. Azoka ttipian, artisau eta tokiko ekoizleen birziklatzen ahal diren produktuak salgai izanen dira, Utsaldeko zubiari hurbil.

Bizikleta lasterketa

Maiatzaren 19an iragan beharra da ohiko bizikleta lasterketa, traba batzu sor litaizke herria zeharkatzean, egon zuhur.

Mutxikoak igandean

Hilabetero dantzatzen diren mutxikoak, Xan Ithourria plazan iragarriak dira, maiatzaren 19an (11:00-12:30), ondoko ekitaldia ekainaren 16an.

Kirol ekitaldia "Triadons"ostiralean

Arretxeko kolegioko 3.ko 75 ikasleek parte hartuko dute, binazka eginen diren 3 kirol jardueretan, aintziraren inguruan, maiatzaren 17an. Proba horietan "stand paddle" ur gaineko taula xutik erabiliz, "bike and run" bizikleta eta oinez lasterketa, baita gudarien ibilbidea. Bordeleko unibertsitateko ikasle multxo batek proiektua antolatzen du, diru sarrerak Goxa Leku egituraren alde izanen dira. Nola traba batzu sortuko diren, horretarako Parlement de Navarre ibilbidea ostiralean hetsia izanen da

Salbatore eguna

Meza nagusian, sekulako jendetza bildu da, aitortu behar da parropia guziko komunionea ospatzen zela. 49 haurrek beren lehen komunionea aurkitu dute, kartsutasun eta giro ongi kantatu batean. Kanita-Urrats ekitaldiak ere, pilota plazara publiko handia ekarrarazi du, betiko ikusmina sortzen dute artisauen eskulanek, bereziki arotzaren lana, ingude eta ola baliatuz.

Errugbian aitzina doatzi

Nola gure gazteak dinamika onean sartuak diren, Frantziako txapelketako 32. finalean ari ziren Urruñako kirol zelaian. 67/31 nagusitu dira Ramonvilleko taldearen kontra, heldu den igandean bertze erronka bat, ea berri onekin segitzen dugun!

Email Facebook Twitter LinkedIn

3738. zbk

Gure Hitza | 2024/05/16

Demokrazia parte hartzailea

Menane Oxandabaratz

Laster europar hauteskundeetarako bozkatzera deituak izanen gira. Ikusten da bozketa bakoitzean abstentzioa emendatzen ari dela. Ekainaren 9an iragan beharrekoek ere ez dute holako karra handirik sortzen, alta Europako Parlamentuan bozkatzen diren neurriek gure egunerokotasunean zerikusia dute.

Duela zenbait urte hauteskundeak zirelarik jendartea pil-pilean jartzen zen, hedabide handietan eztabaida politikoak kartsuki segituak ziren, biharamunean komentatuak zirela. Gauzak aldatu dira, urrun da garaia nun parte-hartze demokratikoa ikuspegi instituzionaletik bakarrik ikusia zen.

Jendarte parte batek hauteskundeentzat interesa guti baldin badu, besteak bozka paperari lehentasuna eman orde herritar mugimenduak sortu ditu. Institutuetan mandatu berezirik ez duten pertsona horiek, eremu politikoan influentzia ukaiten entseatzen dira. Mobilizazioetan plazaratuak diren aldarrikapenak,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016