Han eta Hemen | 2017ko Abenduaren 14a
"Olentzero Kantuz" obra bikoitz ederra (CD eta DVD)
2017ko abenduaren 11n kontzertu miresgarria eskainia izan zen Baionan, Lauga gelan
2017ko abenduaren 11n kontzertu miresgarria eskainia izan zen Baionan, Lauga gelan: Olentzero Kantuz, jalgi hadi Baionara. Olentzeroren Lagunak elkarteak gomitatu zituen irakaskuntzako hiru saretako (Seaska, Euskal Haziak, Ikas Bi/Biga Bai) ikasleak, koru batzuk eta dantzariak ere kantu eta dantza bidez Olentzeroren ospatzera. 220 haurrek, 80 koru-kantarik (Baionan Kantuz, Haiz'Egoa, Buhaminak), Noaingo San Migel eskolako haur koruak, Iruña aldeko Lau Urrats dantzari taldeak eta musikari talde batek zuten ikusgarria eskaini, publiko zabala bilduz, bi milako bat lagun. Sekulako lana izan zen ikusgarri horren prestatzen, horretan jo eta ke ari izan zirela Aitzol Salaberria kudeatzaile orokorra, Maialen Errotabehere kudeatzaile artistikoa eta Watson musika kudeatzailea. Hiru urteko prestakuntza, partaidetzak segurtatuz, hala nola Baionako Cassin lizeoko ikasleak (ikus-entzunezko sailekoak) pantaila erraldoiak muntatzeko eta ikusgarria filmatzeko, hor zaudela ere bestalde Baionako Villa Pia eta Etxepare lizeoetako antzerkilari batzuk. Hori guzia ez zitekeela horretan utz, ikusgarri horretatik CD bat eta DVD bat ditu Olentzeroren Lagunak elkarteak gaur argitaratzen. Diskoan aurkitzen dira 14 kantu eta 7 instrumental. DVDak, bere aldetik, lau zati dauzka: argazki bilduma, momentu bereziak, antzerkitxoak eta zenbait kantu. 3000 aletan plazaratzen den obra zinez eder hori 15 eurotan salgai da (eskoletan prezio apalagotan egin da aitzin-salmenta) eta saltegi desberdinetan aurki daiteke (Elkar Baiona, Lurra Hazparne, Xibero Bio Maule, Pagola Donapaleu, prentsa bulegoa Sohüta, Kukuxka D. Garazi, Pagola Ezpeleta, Leclerc Urruña, Eki Miarritze, Les Musardises Kanbo eta menturaz beste sal-puntu batzuetan ere).












