Mundu zabalean | 2018ko Irailaren 06a

Mundu Zabalean

M.L.

Eskola sartzea

Joan den astelehenean ikasturte berria abiatu duten ikasleak 12,4 milioi dira frantses estatuan. Horien erditsua ama eskola eta lehen mailekoetan, 3,37 milioi nerabe kolegioetan, eta 2,28 milioi gazte lizeoetan bigarrenetik haste. Horien artean kokatzen dira 441.500 enbalditu ekarriak. Gaztetan badira ere 270.000 aprendizgoan hasi direnak. Ikasle eta aprendizen hartzeko 62.250 ikastegik ateak ireki zituzten. Ikasle eta aprendiz horien eskolatzeko gobernuak 881.400 irakasle pagatzen ditu. Enbaldituek hartze duten laguntzarentzat gobernuak 3.584 sustatzaile lanpostu oso hitzemanak ditu. Ikastolen kasuan ordea hogei bat irakasle posturen eskasa salatu dute burasoek sartze egunean ikastolak okupatuz goizeko 8etatik 10etara. Vincent Peillon ministroaren gidaritzapean duela bost urte sortzen hasiak ziren lau egun eta erdiko eskola asteen esperientzia abandonatu dute 6,74 milioi ikaslek, hamar ikastegitatik zortzik alegia. Karia horretara arratsaldez eskolan berean burutzen zituzten aktibitate guziak adio! FCPE familien elkarteak pena du ikustearekin esperientzia hori gelditzen, PEEP beste buraso elkarteak ere aitortu du pedagogia aldetik asteazken goizean eskolarik ez izaitea ez dela on. Lehen mailan hiru berrikuntza sartzen hasten dira irail honetan: sei eta zazpi urte dituzten 200.000 ikasle hamabi ikasleko klasetan sartu dira. Adin horretako haurrei hilabete ondarrean neurtuko zaie frantsesean eta matematiketan duten maila. Azkenik egunoroz diktaketa bat izanen dute. Lizeoetan bigarrenean sartu diren ikasleei neurtuko zaie frantsesean eta matematiketan duten maila, eta ikasturtean 54 oreneko erreserba bat ukanen dute ikasketak bururatu eta zeri buruz abiatuko diren ikusteko. Kolegioko nerabeentzat erabaki gogorra, ez dute sakelako telefonorik haizu klase denboran, atzemanak izanen direnean sakelakoa konfiskatua izanen zaie. Familiak agorrilaren 17az geroztik hasiak dira eskola sartzeko laguntzaren eskuratzen. Aurten 6-10 urteko haurren kasuan laguntza publikoa 367,7 eurotara heltzen da haurkal. 11-14 urteko nerabearentzat 388,02 eurokoa da laguntza; lizeotarrentzat 401,47 eurokoa da sustengu publikoa.

Aberatsak aberatsen arnogintzari esker

Uda honetan ateraia den "Challenges" ekonomia aldizkariak Frantziako 500 fortuna handienak sailkatu ditu. Horietan 80 arnogintza mundukoak dira. Hauetan 50 kapital parte bat erranahitsua Bordeleko arnoetan ezarririk. Horrenbestez jada aberats zirenak aberatsenen zerrendan sartu dira. 50 horietatik bat Pierre Castel zortzigarren tokian datorkigu 12,5 miliarreko fortunarekin. Bordeleko arnotegietan sortua, eta nola handitua. Anitz dira ordea Bordelera jin aitzin beste arnotegietan jada fortuna eta izen entzutetsuak bildu dituztenak. Hala nola Gerard Perse, supermerkatuak Parise aldean sortzearekin atera duen dirua Saint Emilion mahastietan ezarri duena. 219garren tokian kokatzen da 410 milioiko fortunarekin. Xanpainako mahastietan marka ezagunak dituen Thienot familiak (zerrendan 292garrena) han irabazi dirua biderkatu du Bordeleko arnoarekin "quitte ou double" jokoaren gisara. Rouzaud familiak oraino irabazi hobea atera du Xanpainari Bordeleko arnoa gehituz, 114garren tokian da 800 milioiko fortunarekin. Bardinet etxeak romarekin ezagutuak ere Bordeleko arnora jauzi egiten jakin izan du, berdin Whisky, Porto Cruz eta Vodka Poliakov edarietan dabiltzanek. Funtsean, mugimendu horiek hainbeste huparazi dute Bordeleko mahastien balio ekonomikoa, non arnotegiko segida hartzen duen bordeles jabe gazteak ontasunaren parte bat saldu behar izaiten duen bere haurridei etxe-partearen pagatzeko. Aberats kontuaren ondorio piltzarra. Arrunt beste nonbait dirua irabazten dutenak ere hasiak dira Bordeleko mahastien erosten beren fortunaren ontzeko. Hala nola Perrodo familia, petrolioan ari dena. Petrolioaren roaialtiak hunki bezain laster, eskuak garbiturik, petrolio laneko jantziak kendurik eta usain sumagarriak zapuzturik, Bordeleko Margaux mahastien erosten hasi dira. Fortuna emendatu dute "Challenges" zerrendan hamargarren tokira heltzeraino 8,5 miliarreko kapitalarekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3464. zbk

Ar beti ikas eta ikas sekulan hil behar ez bazinu bezala.

Gandhi

Gure Hitza | 2018/09/06

IZANA ETA IZENA

Jean-Louis Harignordoquy

Xalbador zenak sortetxeari eskaini bertsu sailetik bat honela bururatzen da: "munduko leku maitena, zuri zor dautzut naizena: izana eta izena."

Ukan dohainari edo jendartearen alde egin lan baliosari esker, presuna anitzen izena sort-herritik urrutiago hedatzen da. Joan den mendean frango hiritartuak, gaur ez ditugu baitezpada auzokoen ofizio, bizimodu eta gustu berak. Halere, euskalduna bere erroer atxikia da orokorki, bizitzera sor lekutik urrun joana dena barne. Bainan ohargabean kontra-erran batzu onartzen ditu, bereziki eskoletan erakatsi ez daukuten gure herriaren historia zuzena ez baldin badu bestalde ikasi. Agorrilaren 15ean, Orreagan eta Ibañetan antolatuak izan diren ekitaldietan 778ko gertakariez egia kondatu du Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko zuzendariak. Damugarri zaio Luzaide deitzea Valcarlos eta Errolani oroit-harri bat eskaintzea; hots, Iruñea suntsiturik lurralde guzia konkistatu nahi zuten gerlarien izenak goraipatzea. 1978ko Andredena Mari egunez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016