Inbido | 2018ko Irailaren 06a

Maurice Ravel Ziburutarra

Muslaria

Badu kasik 81 urte zendua dela (1937-ko abendoan hil zen) bainan Maurice Ravel musikagile famatuak badu beti ainitz eta ainitz aipaldi bazter guzietan! Eta nola ez gure eskualdean, bera Ziburun sortua zen-eta! Egia erran, sortu-eta hiru hilabeteren buruko familia joan zen Pariserat bainan bere bizi guzian bera beti atxikia egon zen, errotik atxikia, bai Zibururi eta bai Donibane Lohizuneri. Ez baitezpada haurra zelarik ez eta gazte hutsa, bainan hogoita-zonbait urtetarat heldu-eta, usu egonaldiak egiten zituen Donibanen eta Ziburun. Bere sort-herrian, kaia nagusiari haren izena emana diote, eta hori, hauxe da gauza arraroa, bera oraino bizi zelarik, 1930-ean. Donibanen, Pergola aldeko plaza bati bai eta herriko lizeoari. Gainerat, hor kokaturik dago Ravel akade mia, bere ikastaldi eta kontzertuekin handizki ospatzen duena zernahi obra balios utziak daizkigun musikagile arraro hori. Ziburutarra beraz, ama horkoa baitzuen, Maria Huarte edo Delouart, eta ama horrek nahi ukan baitzuen bere herrirat berriz jin haur ukaiteko tenorea hurbiltzearekin... Nola keinka huntan bete-betean den gaitzeko festibala, Ravel handiaren izena daukana preseski, iduritu zait keinka egokia ditakeela doi bat oroitarazteko nor ginuen Ravel. Artetan gai hortaz jadanik ere arizanak gira astekari huntan bainan noiztenka bederen on da suiet beraz zerbait idaztea...

"Euskalduna naiz..."

Zernahi liburu badira agertuak Ravel musikagilearen biziaz eta obraz. Askok xeheki aztertuak dituzte haren urrats guziak. Liburu baliosenetarik batto, bereziki gutarteko jendearentzat, Etienne Rousseau-Plotto erakasle ezagutuak plazaratua du 2004-an eta berriz agertua da, aitzina aberastua izanik, handik zonbait urteren buruan. Biziki lan ederra zinez! Bainan gogoan dut ere beste liburu bat, Pierre Narbaitz kalonjeak atera zuena 1975-ean, heldu baita Ravel zenak ehun urte ukanen zituen urtean. Liburu argia eta mamitsua. Zointan azpimarratua izan baita Ravel nehork uste baino euskaldunagoa zela, euskara ere polliki mintzo. Eta hortaz lekukotasun balios batzu sartuz. Oroitaraziz konparazione nola mintzo zen Ravel bere adixkide batzuri, "ni euskalduna naiz" aski garbiki erranez. Ravel zenaren aita Saboiakoa zen motaz, familia Suisan kokatua lehenik eta gero Parisen. Izena ere nolazpait kanbiatua izana naski, Ravez eta Ravet ere agertuak izanik familia beraren paper batzutan... Ama ziburutarra beraz, elizatik zonbait urratsetan sortua. 1873-an, 33 urte zituelarik, Madrilerat joan zen emazte aberats baten segitzaile eta laguntzaile bezala, sehi nolazpait, eta han batere funtsik gabe ezagutu zuen Joseph Ravel, Espainiako burdin-bide berrien egiten ari zena injeniur edo inginadore bezala...

"Boléro" eta beste

Ez dut egun kondatuko Ravelen bizia. Doi-doia oroitaraziko 14- ko gerlan ere parte hartu zuela, gerlatokietarik hein bat urrun haatik, osagarriak ez baitzuen laguntzen eta ez baitzuen aski pisu (zonbait kilo eskas omen). Berak galdeturik, soldado nahi zuela izan errepikatuz, puskaketa ari ziren kamiun batzutarat igorri zuten bainan laster eritu zen eta armadatik libratua izan zen... Gerlatik landa ere, arrangurak ukan zituen osasunaren aldetik. Gainerat, 1932-an, Parisen, bideko errekontru batean kolpatua izan zen eta lanak ukan zituen gaina ezin hartuz ondoko hilabetetan. Gehiago dena, 1933-an gaitzeko buruko minak ukan zituen eta hola senditu zuen handik lau urteren buruko heriotzea ekarri zion gaitz iluna... 62 urte zituen hil zelarik. Ez dut ere kondatuko nolako obra ederrak plazaratu zituen, oroitaraziko bakarrik badela hor altxor bat miresgarria. Oroz gainetik orobat "Boléro" delakoa, mundu guzian famatua dena, bainan berak, denen buru, zazi zu zendako, ez omen zuena hain gustukoa, ez segurik gustukoena. Obra hori 1928-an moldatua, duela beraz xuxen 90 urte, español giro bat gogoan, bere adixkidetarik zuen Ida Rubinstein erruso edo errusiar dantzari famatuak galdeturik ikusgarri batentzat...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3464. zbk

Ar beti ikas eta ikas sekulan hil behar ez bazinu bezala.

Gandhi

Gure Hitza | 2018/09/06

IZANA ETA IZENA

Jean-Louis Harignordoquy

Xalbador zenak sortetxeari eskaini bertsu sailetik bat honela bururatzen da: "munduko leku maitena, zuri zor dautzut naizena: izana eta izena."

Ukan dohainari edo jendartearen alde egin lan baliosari esker, presuna anitzen izena sort-herritik urrutiago hedatzen da. Joan den mendean frango hiritartuak, gaur ez ditugu baitezpada auzokoen ofizio, bizimodu eta gustu berak. Halere, euskalduna bere erroer atxikia da orokorki, bizitzera sor lekutik urrun joana dena barne. Bainan ohargabean kontra-erran batzu onartzen ditu, bereziki eskoletan erakatsi ez daukuten gure herriaren historia zuzena ez baldin badu bestalde ikasi. Agorrilaren 15ean, Orreagan eta Ibañetan antolatuak izan diren ekitaldietan 778ko gertakariez egia kondatu du Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko zuzendariak. Damugarri zaio Luzaide deitzea Valcarlos eta Errolani oroit-harri bat eskaintzea; hots, Iruñea suntsiturik lurralde guzia konkistatu nahi zuten gerlarien izenak goraipatzea. 1978ko Andredena Mari egunez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016