Han eta Hemen | 2023ko Azaroaren 23a
Herria astekariaren harpidetza eskaintza
Joan den astean Herriako administrazio kontseiluko kide batzuk, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) batera, prentsa gomitatua zuten harpidetza kanpaina baten berri emaiteko.
EEPren laguntza Herriari harpidetzeko
Maider Behoteguy EEPko presidenteak lehenik hitza hartu du. Erakundeak 2011n euskararen bultzatzeko, bai eta erabilera eremuak garatzeko hartu norabideak bide beretik segitzen duela oroitarazi du. Egungo eta etorkizuneko euskalduneri euskara entzuteko, irakurtzeko eta praktikatzeko aukeraren eskaintzea EEPren xedetan da. Hedabideek jendarte bizitzan garrantzi handia dutela adierazi du. "Hedabideak euskararen hedatzeko bektore estrategikoak dira. Euskararen erabilera soziala bermatzen laguntzen dute, lurraldeko biztanleek egunero euskara ikusi, irakurri eta entzuten dutela". Oroitarazi du lan horretan Kanaldude, Euskal Irratiak, Kazeta.eus, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria hedabideak saihestezinak direla, 2022ko inkesta soziolinguistikaren emaitzeri erreferentzia eginez.
Herriari dagokionez, EEPk 2019an Ipar Euskal Herriko hedabideen erabiltzeari buruz egin inkestan, irakurlegoaren kopurua doi bat emendatu dela azpimarratu du. Maider Behoteguyk zioen Herriaren irakurleen kopurua emendatzen ahal dela, harpidetzak hartuz toki publikoetan (Herriko Etxe, Elkargoko poloetan, ikastetxeetan...), bai eta saltegi, komertzio, zahar-etxe... eta beste hainbat tokitan. EEPko presidentearen hitzetan: "Badakigu euskarazko paperezko hedabideen irakurlegoaren emendatzea beharrezkoa dela, alde batetik harpidedunen kopurua goratuz eta bestetik hedabidea ikusgai eta eskuragarri jarriz".
Herriako arduradunen mezua
Peio Jorajuria Herria elkarteko presidenteak, oroitarazi du Piarres Lafitte zenak 1944an sortu zuen astekariak, kasik 80 urte beteko dituen kazetak, astero euskal familia anitzetara heltzen segitzen duela. Euskaraz pentsatzeko, euskararen maila hobetzeko ala euskaldun bilakatzeko, euskaraz irakurtzeak garrantzi handia du. Euskaradun orok euskaraz irakur dezake, bai eta mintzatzeko trebe ez direnek ere. "Uztaritzeko Landagoienen ditugu gure bulegoak. Bi langile dauzkagu eta astekaria Baionan inprimatua da. Herriak laguntzen du euskara atxikitzen gaur-egun mehatxatua den garai honetan. Horretarako, iduritzen zaigu gure astekariak merezi duela jende gehiagorengandik irakurria izaitea". Jean-Louis Harignordoquyk Herria nola osatua den gogorarazi du, 16 orrialdetako astekaria artikulu anitzez osatua eta gaurko biziari egokitua. Ipar Euskal Herriko herri anitzen berriak, diasporakoak, kronikak eta mundu zabalekoak, 50 bat bolondreseri esker idatziak dira. "Herrian agertzen diren artikuluek balio dute literatura aldetik, herrietako berriketari bakoitzak bere tokiko hizkeran kontatzen baititu. Horrez gain, ikastetxeen lan pollit batzuk argitaratzen ditugu. Badira ere atal berezi batzuk, irakurleari gogoeten egiteko gutizia sortzen diotenak. Ahantzi gabe bertsueri ere lekua emana dela".
Bururatzean Monika Legarto elkarteko diruzainak hitza hartu du, elkarteak finantza aldetik irauten badu, harpidedun guzien beharra duela bizirauteko adierazten zuen. Edozein paperezko prentsak bizitzen duen egoera kontutan hartuz, Herria ere bide beretik doa, horretarako EEPk ekarri laguntza baitezpadakoa da. EEPk abiatu duen ekimenarentzat eskertua izan da.
Urte bateko harpidetza eskaintza berezia
Orain hasirik eta 2024ko ekaina arte iraunen duen kanpainak, harpidedun berrien atzemaiteko EEPk diru-laguntza plantan jarri du. Herriako ordezkariek zioten: "Gorago azpimarratu ditugu euskaraz irakurtzearen balioa eta irakurle gehiagoren ukaiteko beharra. Suertea dugu Euskararen Erakunde Publikoa bat datorrela gure astekaria jende gehiagotara helarazteko xedearekin. Oraindanik harpidedun berriek lehen urtean biziki prezio apalean eskuratzen ahalko dute. Urteko 70€ ordaintzeko ordez, bakarrik 17,5€ ordaintzea proposatua zaie, gaineratekoa EEPk ordainduko baitu (52,5€). Erran gabe doa, laguntza molde hori gain gainetik interesgarria dela, Herriarentzat bezala harpidetzeko nahia luketenentzat. Epea bururatzera utzi gabe, aski goiz berri on hau lau haizetara zabaldu nahi genuke. Herria sar dadila euskaldun sentitzen diren familietara, ikastetxetara, saltegietara, ostatuetara... eta Herriko Etxeetara.
Harpidetza merke honetaz interesatuek argitasun gehiagorentzat deitu dezatela zenbaki hontara: 05-59-25-62-85 edo mezu bat igor herria@wanadoo.fr.












