Herriz Herri - Azkaine (L) | 2023ko Azaroaren 23a
Bollendorf-Azkaine - Asteburuan animazio desberdinak
Bollendorf-Azkaine
Bollendorfeko hogoita hamar bat lagun urriaren 14an, larunbatarekin, Azkainera etorri dira. Talde hortan baziren kide berriak, haurrak, gazteak eta etortzeko ohitura dutenak. Alemanak herriko plazan azkaindarrekin elkarretaratu ziren, atsegin handiarekin.
Aberasgarriak diren gauza anitz egiteko parada ukan dute: igandeko mezaren ondotik, erromanoen zubian piknika batean parte hartu dute, umore zinez onean. Urruñako Airoski dantza taldeak Euskal Herriko dantzak eskaini zituen, lehen topaketa hori bururatzeko.
Biharamunean, Aturri ibaian barna ibili ziren "Le Coursic" itsas untzian. Hazparnen bazkaldu eta, taldea hupatu zen duela guti berritua izan den Bihotz Sakratuaren kaperara. Asteartean, Donibane Lohizuneko hiri barnea bisitatu zuten eta biharamunean hego haize indartsua lagun zutela, Chalosse eskualdera gan ziren Gaujacq herriko gaztelua bisitatzera. Gaur egungo jabeek, Casedevant familiak, beren egoitzaren ateak ideki zituzten, 18. mendeko erakustokia da. Arratsaldean aldiz, Brassempouy aitzin historiako gunea bisitatu zuten.
Ortzegunean Larrun mendira hupatu eta, Bollendorfeko lagunak Dantxarinea ikusi eta Zugarramurdin bazkaldu zuten. Sorginen museoa bisitatzeko parada ukan zuten ere. Ortzirale eguerditan, beren bidaia bururatu zen agurtzeko bazkariarekin, momentu goxoak eta topaketa berriak denen gogoan zirela.
Asteburuan animazio desberdinak
Azaroaren 25-26ko asteburuan, Azkainen iraganen dira animazio desberdinak.
Azaroaren 25ean, larunbata, ipuin gaualdia "Eclats de mots" elkartearekin (20:00), San Inazio VVF opor zentroan. Familiei hitzordua proposatua da, kontalariak munduan zehar bidaiatzeko istorio poetikoen bidez, desiraz eta askatasunaz maiteminduak. Iraupena 50 minutu, 8 urtez goiti, frantsesez, sartzeak salgai egunean bertan edo erreserba Herriko Etxean 05-59-54-66-89.
Azaroaren 26an, igandea, Eguberriko Krea'Merkatua plazan (10:00-18:00), sortzaile kreatzaileek proposatuko dituzte: margolanak, beirazko sorkuntzak, zakuak, larrukiak, artisau bitxiak, zeramika, xaboiak eta zurezko dekorazioak Eguberriren gaiarekin.
Aperitifa denboran Trikitxaga taldeak merkatua animatuko du. Azkaingo 3 eskolak egunean zehar janari eta edariak proposatuko dituzte.











