Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2023ko Azaroaren 23a
Heriotze - Michel Oronos - Antoine Mesnier - Hazkurri Bankua - Klase bazkaria
Heriotze
Anitz urtez Baigorrin bizi izan zen Jeannot Isteque zendu da 85 urtetan. Gure herriko elizan ziren ehorzketak, joan den ibiakoitzean. Doluminak Serge eta Josiane seme-alaberi eta familia guziari.
Anne Marie Golofit, Iharour sortua, hurbilekoek Ana Lamota deitzen zutena, pausatu da 84 urtetan. Doluminak familiari.
Michel Oronos
Berriki utzi gaituen baigorriarra bere lagunek omenduko dute azaroaren 26an, igandean (15:00), Belokeko beneditanoen kaperan. Michel zenak idatzi olerki eta testu batzu irakurriko dira, adiskideen lekukotasunak entzunen, Jean-Louis Laka herritarraren bertsuak, orgina soinua, Peio Ospital eta Lagun Alai koruaren kantuak. Oren bat t'erdiko emanaldia.
Harat joaiteko autobusa abiatuko da Herriko Etxeko aparkalekutik (13:30). Zerbitzu hori baliatu nahi duenak zenbaki huntarat deitu dezala: 06-77-43-90-23.
Antoine Mesnier
Baigorriar lagunek Antton deitzen dutena! Bere mediku bizia Bordele aldean eremanik, gure herrirat erretiratua da eta zoritxarrez, gorputza emeki-emeki paralizatzen duen eta barkatzen omen ez duen eritasun batek joa du. Hortaz "Bon anniversaire Antoine" tituluarekin idatzia duen liburua azaroaren 27an, astelehenez, izenpetuko du Herriko Etxean (19.00). Horrekin batean, konferentzia bat ere iraganen da bizi bururapenari buruzko lege xedeaz.
Hazkurri Bankua
Euskal Herriko Hazkurri Bankuak janari bilketa eginen du Spar Oronos saltegian, ortzirale, ibiakoitz eta igande huntan. Gure elkartasunaren baitan kondatzen dute antolatzaileek.
Zuzenketa
Kaseta huntan, aitzineko astean ginion Olivier Cazenave saristatua izan zela Pariseko xokolet saloinean. Ez zen egia! Zuen berriketaria informazio iturri txar bati fidatu da. Huts hortaz barkatua izaiteko, hitzemaiten du ez duela xokoletarik janen bi egunez!
Klase bazkaria
1978an sortuak diren, hots aurten 45 urte betetzen dituzten baigorriar eta auzo herritarrak klaseko bazkarira gomitatuak dira, heldu den abenduaren 9an, Arrosako Katinainean. Oroitaraziko dugu izenak azaro hondarreko eman behar laizke berantenaz, zenbaki huntarat deituz: 06 32 37 01 46.











