Azalekoa | 2020eko Martxoaren 19a

Herriko bozen lehen itzulia

M.O.

Herriko%20bozen%20lehen%20itzulia

Pentsatzekoa da denak oroituko girela 2020ko herriko hauteskundeetaz, koronabirusa dela eta, Herriko Etxe guzietan baldintza zorrotzak ezarriak izan baitira boza emaiterakoan. Zenbait egun aitzin, izan dira galdegin dutenak hauteskundeen gibelatzea, ez baitziren iraganen behar diren baldintzetan.

Parte hartzea Birusa hedatzen ari dela, bozkazaleen parte hartzea apaldu da, zenbaitzuk beldurra zutela. Hain segur horren ondorioz emaitza apalagoak eskuratu dituzte zenbaitzuk, beren hauteslegoa etxen egon delakoz. Departamenduan, arratsaldeko 5:00etan hautesleen %52,17 bozkatzen ibiliak ziren, 2014an %59,94 zirelarik. Bezperan lehen ministroak adierazi duelarik ostatu eta jatetxe guziek hetsia egon behar zutela, ez duke bultzatu herritarrak bozkatzera joaitera. Hala ere apaltze horretan ohartzen ahal dira herri ttipietan ez dela abstentzio hori berdin senditu hirieri konparatuz. Lehen itzulitik partida irabazia Hauteskunde guzietan bezala eta bereziki herriko bozetan sorpresa batzuk agertzen dira. Hemen aipatuko ditugu zerrenda osoak bozkatu behar ziren herriak. Horietan, Donapaleun Barthélèmy Aguerre, Lukuzeko herria utzirik, Amikuzeko hiri nagusian presentatu da baina ukaldia ez du erreusitu, Charles Massondoren zerrenda garaile atera baita %63,3 lortuz. Donibane Garazin, Laurent Inchauspek lehen lekua hartu du, Xabi Larrek eramaiten zuen zerrendak ere aitzineko hauteskundeetarik boz kopurua irabazi du, 2 hautetsietarik 4tara pasatuz. Lapurdira buruz joanez, Ezpeletako herrian aldaketarik ez da izanen, Jean-Marie Iputcharen zerrendak eraman du %64,52 lortuz, parean Yannick Jaureguyren listak %35,48 egiten zuela. Donibane Lohizunen, aldi bat gehiago ez da bigarren itzulirik izanen, Jean-François Irigoyen gaurko auzapezak, doi doietarik bada ere, %50,55 lortuz, Manuel de Larak %23,84 eta Paxkal Laffitek %23,11, bien artean hurbil zirelarik. Bidarten ere ez da berriz bozkatzera joan beharko, Emmanuel Alzurik %65,72rekin lortu baitu auzapez kargua, parean Isabelle Charrittonek (%17,10) eta Michel Lamarquek (%17,46) ez dute bigarren itzulira eraman ahal izan. Angelun ere Claude Olive auzapez denak ez du inarrosaldi handirik ukan, %67,85ekin garaile ateratzen baita, parean zituen Sandrine Dervillek (PS) %25,98 eta Sandra Pereira-Ostanelek (PC) %6,18 eskuratu dute. Biriatun sorpresa izan da, Michel Hiriart oraiko auzapeza gutiengoan izanen baita, Solange Demarcq-Egigurenek lekua hartu baitako %50,49 eginez, 6 bozek dute egin diferentzia. Hazparnen ere sorpresa, Inchauspe Beñat-ek %35,55ekin beharko baitu bere auzapez aulkia utzi Isabelle Pargaderi, hunek %54,56rekin lehen itzulitik pasatzen da, abertzaleen zerrenda Kristian Etchettok eramaiten zuenak %9,98. Kanbon Christian Devezek irabazi du %53,04rekin, Argitxu Hiriart-Urrutyren zerrendak %46,96 eginez. Aturri eskualdean ez da sorpresa handirik izan, Hiriburun Alain Iriart-en zerrenda bakarra izanez, berdin Mugerren Roland Hirigoyenek ez zuen trabarik. Lehuntzen, Guillemontoniak lekua utziz bi zerrenda lehian abiatu dira, David Huglak %64,07 eta Jean-François Saussék %35,92. Bigarren jokaldirako Lerro hauek idazterakoan, koronabirusa dela eta frantses gobernamenduak ez du erabakia hartua ea 2. itzulia atxikia izanen den ala ez. Funtsean entzuten ahal zen ere igande arratsean zerrendaburu batzuk beren kezka adierazten zutela. Maule herrian bazterrak pil-pilean izanen dira, Louis Labadot ezkertiarra da lehen agertu, %37,61, Michel Etchebest gaurko auzapezak %33,45 eta Beñat Elkegarayk %28,92. Lapurdin ere, Biarritzen sorpresarik gabe, 7 zerrenda hautagai izanez, berriz bozkatzera joan beharko dute, Veunac gaurko auzapeza kenka txarrean utziz, 5. baita %12,22rekin. Maider Arrosteguy da lehen agertzen %31,47rekin, Guillaume Barrucq %16,22, Nathalie Motch %14,24, Brice Morin %12,34, Jean Benoît Saint-Cricq %10,59 eta Karim Guerdane %2,93. Bigarren itzuliko negoziazioak laster abiatu dira, astelehen goizean Michel Veunac- ek Arrosteguyrekin biltzeko asmoa adierazi du. Hendaian ez da sorpresa handirik izan, Kotte Ecenaro lehen ateratzen baita %41,08rekin, Pascal Destruhaut %32,71, Laeticia Navarron %18,37, Laurent Tariol %7,82. Aitzineko hauteskundeetan Ecenarroren zerrendak aliantza egin zuen abertzaleekin, pentsatzekoa da Navarron zerrendak berretsiko duela aurten ere. Ziburun da sorpresa izan, Guy Poulouren karguaren uzteak kartak berriz mahain gainean emanez. Eneko Aldana-Douat abertzale gazteak %44,6 eginez, lehen ateratzen da, Isabelle Dubarbier-Gorostidi %17,16, Henri Hirigoyemberry %13,60, Joseph Aramburu %12,30, Dominique Duguet %12,26. Hemen ere ez da deus irabazia, zerrenda batzuen arteko tratu batzuk izaiten ahal baitira. Bruno Carrere posizio onean abiatzen da 2. itzulira %45,23 eginez, Jean-Claude Saint-Jean %22,43, Bruno Cendres %19,70, Dominique Lesbats %12,65. Azken hunek igande arratsean aipatu du Bruno Cendres-ekin prest zela bateratzeko. Urruñan, Filipe Aramendi, %40,83 eginez, 2. itzulirako postura onean da, oraiko auzapezaren segida hartu duen Francis Gavilan %29,79 eta Sébastien Etchebarne %29,37. Azkainen ere bazen hauta, Jean- Louis Fournier gaurko auzapeza lehen agertu da, %29,07, Bénédicte Luberriaga Departamenduko Kontseilariak %19,30 egiten du, Gorka Tabernak %18,91, Pierre Clausellek %17,59 eta Jean-Louis Laduchek %15,10. Herri huntan ere hain segur izanen dira eztabaida eta tratu entseguak. Baionan ere berriz bozkatu beharko dute, gaurko auzapeza den Jean-René Etchegarayk %40,33rekin lehen itzulirako lidergoa hartua badu, ezkertiar zerrendak bateratuz auzapez aulkitik kanporatzen ahal lukete, Henri Etchetok %29,77, Jean-Claude Iriartek %13,12 eta Mathieu Bergék %11,21, gehiengoa lort bailezakete. Pascal Lesellier eskuin muturrekoaren zerrendak pixka bat trabatu badu Etchegaray, ez du lortu beste hauteskunde batzutan egiten duten emaitza, %5,58 eskuratu baitu. Hauteskundeak bururaino joanen? Astelehen goiz huntan, artikulu hau idazterakoan, zurrumurru batzuk entzuten ziren, igandean iragan behar diren bigarren bozak gibelatuak izaiten ahal direla. Horrela gertaten balitz galdera anitz pausatuak dira: lehen itzuliko hauteskundeek balio ote dute, bereziki hautatuak izan direnek? Bigarren itzulira segitu behar diren zerrendek bere kanpainako propagandak astearte goizean pausatu behar dituzte, gastuak eraginez. Hots 2020ko herriko bozak, bururaino joaten baldin badira edo ez, segur dena denek gure memorioan atxikiko ditugula.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3940. zbk

Presuna bakar bat falta eta zuri iduritzen nihun nehor ez dela

Lamartine

Gure Hitza | 2020/03/19

Gerezi loreak

Jean-Louis Harignordoquy

Martxo-apirilean zer da begientzat gerezi ondoak lilitan baino miresgarriagorik? Berantxago gerezi pikorrak ateratzekotan, Jainkoak beira baratzizkor erauntsi bortitzek edo gau hotz bateko karroinak harrapatzetik! Ontzeko tenorean ere ez dagoke pikorrak arrailtzen dituen euri soberakinen arriskutik kanpo. Beharrik badira mota goixtiarrak eta berankorragoak, mota batekin ez bada, bestearekin kausitzeko xantza utziz zuhaitzen jabeeri. Bai freskoan, bai eta urtean barna kontserbuetatik ateraz, ahotik ezin utzia den Itsasuko gereziak fama handia dauka. Halaber harekin egin erreximenta bixkotxa egileen ganik preziatua da. Ospea beti handitzen ari zaio Xapata elkarteak deraman lan baliosari esker. Euskal Herrian berean eta berdin urrunago aise gehiago sal ditaike, hiritarrak gustu oneko gerezien jastatzen hasten baldin badira. Hortarako, beharko da ekoizpena emendatu, jendeak bultzatu beren lurretan gerezi ondoen landatzera. Nekerik gabe deus ez baita, gerezi biltzea l...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016