Mundu zabalean | 2020eko Martxoaren 19a

Koronabirusa etxean dugu

Koronabirusa%20etxean%20dugu

Ez da gehiago Txinaren eta Asiako zonbait herrien afera. Idazten ari naizen momentuan, munduko 110 herri dira infektatuak eta baliteke oraino gehiago izaitea lerro hauek irakurriko dituzuelarik. Afrikan, Sahara hegoaldeko herriak ere hunkituak dira eta harritzekoa da, Europan berean, zoin zalutasunarekin hedatzen ari den koronabirusa. OMS edo Munduko Osagarri Erakundeak pandemia edo mundu zabalean hedatua den epidemia deklaratu du martxoaren 11n eta neurri gogorrak hartuak izan dira, Txinan bezala, beste herri anitzetan. Europan, Italia izan da lehena, eritasunaren garapenaz fite gainditua izan baita: material eta leku eskasa ospitaleetan eta baditeke bide beretik joan gintaizkela Frantzian eta Espainian, Euskal Herriko eremu guziak ere hunkituak direlarik. Neurri zorrotzak hartuak izan dira eta ondorioak senditzen ditugu eguneroko bizian: eskolak hetsiak, adineko jendeeri bisitak mugatuak ez direlarik debekatuak, kirol eta kultura saileko manifestazioak ezeztatuak, bidaiak mugatuak, komertzioak eta enpresak joak, aipatu gabe finantza sektorearen ikara izigarria. Osagarri krisiari buru egiteko mobilizazioa ez da dudan ezartzeko momentua, hala ere psikosia edo beldur ikara kolektiboan ez erortzeko zenbaki zonbait oroitaraztea on da: koronabirusak harrapatuak dituen ehun jendeetarik 80entzat lanjerik ez da, 15entzat ondorio seriosak dira eta 5entzat grabeak dira. Negu guziez agertzen den gripea baino bi aldiz fiteago hedatzen da eta hamar aldiz usuago hiltzen ahal du, bainan Txinatik heldu diren zenbakiek erakusten dute haurrak ez direla hiltzen eta 50 urte arte hiltze arriskua ttipia dela. Adineko jendeeri buruzko prebentzio neurriak konpreni errexak dira eta eritasunaren propagazioa trabatzeko neurri sinpleek badute inportantzia handia, norberarentzat eta are gehiago besteentzat. Ihardukitzea kolektiboa baizik ez da izaiten ahal eta damugarri da gobernu batzuen jokamolde berekoia ikustea, horietan lehena Estatu Batuetako presidentea den Donald Trumpek plazaratu duen erabakia: muga guziak europarreri hestea, ingeleseri salbu. Gaztigu politiko bat dudarik gabe, holako berexketa batek ez baitu zentzu mikorik osagarriaren aldetik, Bretania Handian ere, Europako beste herri guzietan bezala, koronabirusa sartua baita. Frango fite behartua izan da zentzurik gabeko berexketa hori ezeztatzea. Beharrik ez dira egin molde guziak berdinak eta goraipatzekoa da Txinak egin duen jestua, behar gorrian ziren Italiako ospitaleeri hatsa hartzen laguntzeko tresnak eskainiz. Inoxenta izan gabe eta kalkulu politikoak baino haratago joanez, txalotzekoa da osagarri zerbitzuetako ikerlari eta langile guzien inplikazio izigarria bai Txinan eta bai hemen. Zailtasun guzien gainetik, desafio handi bati erantzuten ari dira, orenak kondatu gabe, erizain eta osagarri saileko langile eta laguntzaile guziak. Zor diegun errespetua ez dadila ahantzia izan eta merezi dituzten lan baldintza eta hilabetesari plantakoak ukan ditzatela oraiko krisia pasatu ondoan.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Mundu zabalean | 2020/03/19

Erakaspenak atera

JB

“Krisia hortarik ateratzean erakaspenak atera beharko ditugu. Azken hamarkadetan segitu dugun garapen modeloak baditu hutsuneak eta berrikusi beharko ditugu. Osagarri zerbitzuak deneri eskaintzea ez da karga bat bainan baitezpadako ontasun kolektiboa. Janaria, osagarriko artatzeak, inguramena, hots zerbitzuak eta ontasun kolektiboak merkatu legetik kanpo ezarri behar dira.” Ez dira ezker muturreko edo ekologista buru berotu baten erranak bainan koronabirusaren hedapen azkarrari buru egiteko neurriak aipatzerakoan Frantses Presidentak berak, joan den astean, egin dituen deklarazioak. Lanjer handiaren ondoan dira egiak ateratzen. Lanjeratik ateratzean ez ditela ahantziak izan!

Irakurri segida

Mundu zabalean | 2020/03/19

FIJAIT fitxategia

JB

FIJAIT fitxategian bere helbide berria ez emaiteagatik 500 euroko isuna baten pagatzerat kondenatua izan da Peio Irigoien Beskoiztarra. FIJAIT fitxategi hori plantan ezartzea erabaki zen 2015ean, Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatutik landa, kondenatuak izan ziren islamista erradikalen segipena egiteko. Bainan fitxategia erabilia da, denbora berean, Korsikar eta Euskaldun preso ohien segitzeko. Auzitegiko erabaki horrekin, betiko terrorista bezala kontsideratua izaitea kondenatzen dute Peio Irigoien. Anitz urtez lankidea izan dut, Seaskan, eta plazer handi bat izan da holako gizon idekia, argia eta zerbitzu egile batekin ibiltzea. Haren borroka dorpea bezain zuzena da. Hura bezala, beste euskal preso ohi guziak mendekatuak izan diten ezin onartua da, egin-ahal guziak egiten direlarik, Euskal Herrian, bake bideak idekitzeko.

Irakurri segida

3940. zbk

Presuna bakar bat falta eta zuri iduritzen nihun nehor ez dela

Lamartine

Gure Hitza | 2020/03/19

Gerezi loreak

Jean-Louis Harignordoquy

Martxo-apirilean zer da begientzat gerezi ondoak lilitan baino miresgarriagorik? Berantxago gerezi pikorrak ateratzekotan, Jainkoak beira baratzizkor erauntsi bortitzek edo gau hotz bateko karroinak harrapatzetik! Ontzeko tenorean ere ez dagoke pikorrak arrailtzen dituen euri soberakinen arriskutik kanpo. Beharrik badira mota goixtiarrak eta berankorragoak, mota batekin ez bada, bestearekin kausitzeko xantza utziz zuhaitzen jabeeri. Bai freskoan, bai eta urtean barna kontserbuetatik ateraz, ahotik ezin utzia den Itsasuko gereziak fama handia dauka. Halaber harekin egin erreximenta bixkotxa egileen ganik preziatua da. Ospea beti handitzen ari zaio Xapata elkarteak deraman lan baliosari esker. Euskal Herrian berean eta berdin urrunago aise gehiago sal ditaike, hiritarrak gustu oneko gerezien jastatzen hasten baldin badira. Hortarako, beharko da ekoizpena emendatu, jendeak bultzatu beren lurretan gerezi ondoen landatzera. Nekerik gabe deus ez baita, gerezi biltzea l...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016