Inbido | 2020eko Martxoaren 19a

Haur ttipi baten historia

Gilen Bacho

Muslariak joan den astean bota du azken inbidoa. Urte luzetan eraman du Inbido sail aberatsa, gure irakurle askok gain gainetik preziatzen zutena. Bihotz bihotzetik eskertzen dugu Muslariaren luma goxo eta emankorra. Eta orain hara beste luma bat agertzen zaikula, Gilen Bacho amikuztar gaztearena. Inbidoari iduki ozena botarik, "Ba ote dakixu?" saila astez aste onduko du. Ongi etorri, adiskide, eta jo aitzin

1940a, luzaz urte hori Frantziako historiatik kasik kendua izan da, ahantzia amets txar bat bezala. Liberazioaz geroztik, nehork ez zuen mintzatu nahi gerlaz, okupazioaz, kolaborazioaz, eta hori dena hasi zen 1940an. Urte txar hartan zen sortu Pierre Birnbaum, uztailaren 19an. Aste bat lehenago, Petain-ek podere guziak hartu zituen. Lurdan sortua, bere aitaamak, hiru aste aitzin han bertaratu zirelako, Parisetik asilo bat atzemaiteko. Ruth amak eta Jacob aitak, ez zakiten oraino, lau urte luzez, “Estatu Frantsesak” jazarriko zuela hunen familia eta sustut heien haur ttipiak (Pierre eta bere arreba Yvonne, 3 urte justu eginak). Historia pertsonal hori kontatzen du Pierre Birnbaumek, soziologo eta historialari ezagutuak, La leçon de Vichy bere azken liburuan. Kontatzen dauzkigu bere biziko lehen momentuak eta segidan ulertzen dugu zer giro txarra sortzen den juduentzat Lurdako hospizio batean. Serora batek hartzen du eskuetan, erakusten du zauritu eta erieri, eta erraiten die “Ze haur pollita, zer domaia judu dela”. Oraino egun, Pierre Birbaumek galdera pausatzen du. Zer erran nahi zuen? Domaia judu izaitea arriskuak ikusirik haur pollit hunentzat? Edo domaia judu izaitea eta ez giristino? Edo oraino domaia ikustea haur pollitt bat baina judua dena, eta ondorioz ez duena bere lekua mundu huntan? Bere amak, zinez akitua, ukan du halere indarra arrapostu zinez pollit eta azkar hori emaiteko, “Nire serora, judu amek ere ahal dituzte ukan haur ederrak”. Omex, gordelekua 1942an, arriskuak handiegiak bilakatzen zirelarik (Vel d’Hiv-eko sarekadaz geroz), Jacob eta Ruth-ek atzemaiten dute familia bat beren haurrak errezebitzeko eta gordetzeko, Lurda ondoko herri ttipi batean, Omex-en. Bi urtez, etxaldeko biztanleek (Maria, bere senarra Fabien eta bere ama adintsua, Félicie) bi haurtxoak babestuko dituzte. Jende ez aberatsa baina bihotz handikoa (Justuen %28 laborariak dira, eta anitz Pirinioetan). Egun batez,1943an, urrian, soldadu aleman bat sartzen da Maria eta Fabienen etxean. Soldadua Pierren ohetik hurbiltzen da, haurtxoa altxatzen du ikusteko ez denez armarik matalaz pean eta, geroxeago, galdegiten du Mariari bere mutikoa denez. Mariak baietz erraiten du dudarik gabe. Arrisku handi bat zen gezur hori erraitea. Soldaduak informazioa egiaztatzen ahal zuen eta dena fini zen. Zer kuraia ukan duen emazte hunek! Azkenean, soldaduak Pierre pausatzen du eta joaiten da. Bere liburuan, Pierre Birnbaum-ek lekukotasun izigarri azkarra emaiten dauku baina ere pentsaketak zinez interesantak Vichyko erregimenari buruz (adibidez erakusten duelarik Vichy hor zela Vichy aitzin ikusiz ber gizonek zerbitzatu dutela hirugarren Errepublika eta Vichyko erregimena problemarik gabe). Pierre Birnbaum ezaguna da estatu azkarraren defendatzaile bezala eta ez du debadio hori saihesten. Estatu azkarrak babesten ditu gutiengoak edo arma bat da haien kontra? Autorea lehen baieztapenarekin ados da baina erakusten du ere beste ikusmolde bat defendatzen ahal dela, sustut Vichyren esperientzia ikusiz. Segur, balio du leitzea La leçon de Vichy, intelektualaren pentsaketen ezagutzeko baina sustut haur ttipi baten historia deskubritzeko.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3940. zbk

Presuna bakar bat falta eta zuri iduritzen nihun nehor ez dela

Lamartine

Gure Hitza | 2020/03/19

Gerezi loreak

Jean-Louis Harignordoquy

Martxo-apirilean zer da begientzat gerezi ondoak lilitan baino miresgarriagorik? Berantxago gerezi pikorrak ateratzekotan, Jainkoak beira baratzizkor erauntsi bortitzek edo gau hotz bateko karroinak harrapatzetik! Ontzeko tenorean ere ez dagoke pikorrak arrailtzen dituen euri soberakinen arriskutik kanpo. Beharrik badira mota goixtiarrak eta berankorragoak, mota batekin ez bada, bestearekin kausitzeko xantza utziz zuhaitzen jabeeri. Bai freskoan, bai eta urtean barna kontserbuetatik ateraz, ahotik ezin utzia den Itsasuko gereziak fama handia dauka. Halaber harekin egin erreximenta bixkotxa egileen ganik preziatua da. Ospea beti handitzen ari zaio Xapata elkarteak deraman lan baliosari esker. Euskal Herrian berean eta berdin urrunago aise gehiago sal ditaike, hiritarrak gustu oneko gerezien jastatzen hasten baldin badira. Hortarako, beharko da ekoizpena emendatu, jendeak bultzatu beren lurretan gerezi ondoen landatzera. Nekerik gabe deus ez baita, gerezi biltzea l...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016