Azalekoa | 2022ko Azaroaren 10a
Nafar Gazte: Garazi-Baigorriko gazteen zerbitzurako
M.O.
Jean-Paul Martinon Garazi-Baigorrira erretore etorri zelarik, gazte pastoraltza garatu nahi ukan zuen. 2007an Garazi-Baigorriko gazteak elkartzeko Nafar Gazte elkartea sortu zen. Iñaki Erramouspe elkarteko koordinatzailearekin bildu gira, Donibane Garazin duen egoitzan.
Elkarrekin bizitzen eta gogoetatzen ikasi
Elkarteak Garazi-Baigorriko nerabeentzat animazio sozio-hezitzaileak antolatzea du helburu, aktibitate ludikoak, gogoetak eta memento espiritualak proposatuz. Bere egitasmoan alor desberdinak hunkitzen ditu. Horietan elizari lotu jarduera espirituala. Iñaki Errasmouspek kontatzen zaukun, gaur egun mezan ibiltzea ez dela gazte horientzat gauza aproposena. Gazteen arteko solasaldien bidez, fedea beste manera batez bizitzen dute. Nafar Gaztek eramaiten duen beste ardatza, aisialdiak antolatuz, jendarteko gaien aipatzea da. Gehienak hartuak dira kirol edo(ta) kultura aktibitateen inguruan, elkarrekin gogoeta denbora hartuz, beren arrangurak eta galderak agerrarazteko parada emana zaie. Aurten jorratuko dituzten gaiak kulturaren definizioa, munduaren etorkizuna, teknologia berriak, moda, alkohola... eta neska-mutilen arteko harremanak izanen dira. Memento horiek modu ludikoan antolatuak dira, giro lasai batean mintzatzea errexago baita. Bestalde, taldean bizitzea eskainia zaie. Udan hamabost eguneko egonaldiak antolatuak dira, elkarrekin bizitzen ikasten dute. Egonaldiek ahalbidetzen dute, gazteen artean, 15/20 pertsonako taldea izanez, beren baitan konfiantza lortzen eta besteekin bizitzen.
Urtean zehar antolatuak diren aktibitateen prestakuntzarako partaide izaitea proposatua zaie. Egitaraua hautatu, gau-beiletan animatzaile ardura hartu... baxerak egin, hots elkarrekin arduradun izan.
Garazi-Baigorriko lurraldeko gazteria
Ikasturte huntan Garazi-Baigorriko 21 herrietatik 45 gaztek parte hartzen dute. Etortzen direnak eskola publikoko, pribatuko eta ikastolako gazteak dira. Anitzek bakantzetara joaiteko parada guti dute, Nafar Gazte elkarteari esker etxetik ateratzeko eta toki batzuen ezagutzeko parada emana zaie. Berrikitan Miarritzera egin dute ateraldia, deskubritu dute Napoleon III.ak eraiki Hotel du Palais famatua. Euskal Herritik haratago Bretainia, Tarn, Aude, Auvergne bezalako eskualdeetan eta uda huntan Cantal-en bidaiaz ibili dira.
Nafar Gaztek proiektuak bidean
Covid garaian, denetan bezala elkarteak geldialdia jasan behar ukan du, ez du ondorio handirik ukan. Animazio batzuk ez badira eginak izan, erabakia hartua izan zen udako egonaldia antolatzea.
Elkarteak bere bidea segitu du animazioak antolatuz. Laster, azaroaren 19an eta 20an, Duzunaritze herrian, bi eguneko egonaldia apailatua du. "Eta nik nola bizi dut besteen begirada" gaiaren inguruan solastatuko dira. Manera jostagarri eta atsegin baten bidez, desberdintasuna aipatzea du helburu. Otsailean Parisera buruz abiatzeko asmoa da, Nafar Gazte elkartea gazteekin batean egitaraua prestatzen ari da.
Lurdeko beilan ere gaztek parte hartzen dute, andazain gisa. Laguntza horri esker adinekoekin eta ezinduekin harremana sortzen da. Elizkizunetan parte hartzen dute, memento horiek estimatzen dituztela zioen elkarteko arduradunak, ebanjelio zati batzuk irakurriz gaurko jendarteari lotzen dituzte, isiltasun mementoak hartuz.
Ahal ttipiak... baina kementsu
Iñaki Erramouspek zioen elkarteak Garazi-Baigorriko Herriko Etxeengandik diru-laguntzak eskuratzen dituela. Horrez gain 4 parrokiatik dirutza bat lortzen da, Eguberriz egina den txokolate salmentak eta pertsona batzuk egin dohaintzak elkartea biziarazten dute. Elkartearen helburua da egonaldiak gazteentzat eginahala merke proposatzea (2 asterentzat 450€), aitamek gastu gutiago ukan dezaten.
Bururatzean elkarteko arduradunak zioen "Izigarriko xantza dugu, gauzak errexki egiten dira, gazte horiek urrezkoak dira. Gu aberasten gaituzte eta gazteak ere!"











