Gogoa hazi | 2022ko Azaroaren 10a

Duela 80 urte

Jean-Louis Davant

1942ko azaroan, munduko bigarren gerlan ginauden erdiz-erdi. Guretzat galdua zen. Ez genakien bihurgune handi baten bezpera hor genuela. Aleman armada jaun eta jabe zegoen Europan, Hendaiatik Leningradera, bere alde zituelarik Japonia eta Mussoliniren Italia. Eta hara non azaroaren 8an amerikar eta britainiar armadak lurreratzen diren Aljerian eta Marokon. Erreferan 11n alemanek Frantziako eskualde librea okupatzen dute, gure Zuberoa barne. Gainera 19an, Stalingrad kasik hartua zuten alemanen setiatzen hasten dira Sobiet Batasuneko armadak. Nazien propagandak ez du etsitzen, beti aitzina ari balira bezala, baina herritar guti batzuek BBC ingeles irratia entzuten dute isilka, eta horko berriak berehala hedatzen ditu "euskal telefono" maltzurrak. Zerbait aldatzen ari da munduan.

Gerla hau nola hasi zen? Munduko 1. gerlatik landa sorturiko Polonia berrian bazegoen aleman gutiengo bat, minoria bat, Dantzig delako portuan korralatua, autonomia batekin: horren libratzeko estakuruan munduko 2. gerla piztuko du Hitlerrek Polonia hartuz. 1939ko irailaren lehenean aleman armada Polonian sartzen da, eta berehala aitzina joaten. Ondoko 17an Sobiet Batasuneko armadak ber urratsa eginen du beste bazterretik, Hitlerrekin akortean, eta bien artean Polonia partekatuko dute.

Irailaren hiruan Britainia Handiak eta Frantziak Alemaniari gerla deklaratzen diote Poloniaren zaintzeko, baina gero ez dute gauza handirik eginen."Ligne Maginot" famatuaren gibelean trankil daude beren ustez. Haatik gotorleku lerro hori ez da itsasora heltzen, Belgikako muga hutsik uzten du: alemanak hortik sartuko dira 1940ko maiatzaren 10ean, eta berrogei bat egunez nagusituko. Frantziak armistizia sinatu behar du ekainaren 22an.

Aleman armadak Frantziako iparra okupatzen du, bai eta itsaso bazterra Hendaiaraino, Zuberoa eta Biarno bazter utziz. Pétain marexalak basa gobernu bat plantatzen du Vichy hirian. Kasik bi milioi frantses gudari presoner daude Alemanian.

Britainia Handia bakarrik geldituko da urte oso batez Hitlerri buruz, bestalde Afrikan Mussoliniren armadei buruz. Londresen aterpetzen ditu erresuma okupatuetako buruzagiak, haietan de Gaulle, eta Europako erresistentzia laguntzen du azkarki.

Gerla horretan lehenbiziko bihurgune handi bat gertatuko da 1941eko ekainaren 22an: Hitlerren armada Poloniatik Errusian sartzen da. Hor beste guduka bat hasten da, ezinago bortitza, batak edo besteak osoki galdu behar duena.

Beste erresuma handi bat oraino gerlatik bazter dago: ipar Amerika. 1941eko abenduaren zazpian Japoniako aire armadak horren itsas armada zafratzen du Hawai uharteetako Pearl Harbour portuan. Segidan Hitlerrek gerla deklaratzen die Amerikako Estatu Batu horier, Errusiarekin lanik aski ez balu bezala. Zer balentria! Laster gostako zaio. Baina guretzat hobe...

1941eko udan eta larrazkenean aleman armadak Errusian hedatu dira burrustan Moskuko ateetaraino. Hor abendu hastean izigarriko negu goiztiar eta bortitzak atzemanen ditu, eta ber denboran bigarren zepo bat burutik behera eroriko zaie: Siberiarik etorri armada berri baten ustekabeko erasoa, Moskutik urrunduko dituena eta kasik itoko ere!

1942an alemanek uda goaitatu beharko dute berriz aitzina abiatzeko, haatik beste bide batetik: hego aldetik, Ukrainatik harat. Stalingradera fite heltzen dira, irailean hartzen dute, haatik ez osoki. Tematzen dira eta higatzen. Arte horretan Stalin ari zaie beste zepo baten prestatzen bi hegaletarik.

Negu hortako arrats batez kusi auzo gazte bat etorri zitzaigun gerlako berriekin, irrati posta baitzuen etxean, eta laster aita gureak erran zion: "Napoleonek bezala eginen dik!". Gerla oraino luze joan beharra zen, baina jendeak senditu zuen ez zuela galdua. Esperantxa handi bat sortu zen. Zazpi urteak nituen. Eta orain, laurogei gehiagorekin, gerla berriz ikusi behar Europan, Poloniako mugan, Stalin famatuaren ondoko bati esker!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3664. zbk

Gure Hitza | 2022/11/10

PILOTA, EUSKAL JOKOA

Jean-Louis Harignordoquy

Ezagunak dira Barkoxeko Attuli kantu egilearen Pilotarien Biltzarra eta Etxahun Irurik moldatu bertze zonbait kantu. Halaber, Odolaren Mintzoa liburuan behin baino gehiagotan irakurtuak dituzkegu Pilota, Euskal Jokoa Xalbador zenaren hamalau bertsu miresgarriak, Urepeleko ezker paretako atarian agerian emanak. Bertsu hauetatik zonbait Erramun Martikorenak bere ahots ederrarekin aspaldian ezagutaraziak ditu Euskal Herri guzian eta euskal diasporan. Geroztik, Patrick Oçafrain pilotari gazterik zenduak Mixel bere anaiarekin kantatuz grabatu zituen, halaber Michel Etcheverry heletarrak. Azkenik argitaratu CD batean, Pantxoa Carrere kantariak Xabier Euzkitze bertsulariarekin bertze doinu batean kantatzen dituzte. Bertsu saila honela bururatzen da:

Gauza ezaguna da bizian iraupen

kirolak herri bati diola emaiten;

pilota maiteari...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016