Han eta Hemen | 2022ko Azaroaren 10a
EHZ elkarteak Lurzaindia sustengatzen
Euskal Herria Zuzenean elkarteak (EHZ) egin biltzar nagusian erabaki du, aurtengo festibalaren edizioko etekinetatik 15.000€ laborantza lurren defentsan lan egiten duen Lurzaindia elkarteari emaitea. Irisarrin antolatzen duen festibalaren benefizioen parte bat Lurzaindiari emaitea erabaki badu, hainbat arrazoiengatik dela adierazi du.
1996an sortu zenetik, EHZren helburuetako bat izan da balore berdinak dituzten elkarte eta mugimendu sozialak sustengatzea. Antolatzen den festibalean, Euskal Herriko borrokak ezagutaraztea du xedea, berdintasunean, euskal kulturan, ekologian, klase sozial prekarietateen defentsan oinarrituz. EHZk, bere heinean biharko Euskal Herriaren eraikuntzan parte hartu nahi du. Bide beretik, EHZ elkartearentzat Lurzaindia sortu zenetik, hunek ahalbidetu du hainbat laborantza lur espekulaziotik babestea, laborarien esku utziz. Arbonako Berroetako okupazioa, Kanboko Marienieko lurrek laborantzarako segi dezaten mobilizazioa, hainbat laborarik eta militantek egiten duten itzalpeko lana sustengatu eta goretsi nahi du.
EHZko arduradunek adierazi dute: "Euskal Herrian eta kanpoan ere, laborantza lurra merkatu logika kapitalista batean saltzen da eta gutiengo batek, horretarako baliabideak dituztenek, inbertsio finantzario gisa ikusten dute, trukerako balio gisa, etorkizuneko etekinak segurtatzeko.
Aldiz, Lurzaindiaren lanak aurkako logika segitzen du, laborantza lurrak eskaintza eta eskaeraren logiketatik atera, manera kolektiboan kudeatu, hazten gaituen lurrak bere funtzioa gal ez dezan, interes orokorrak interes pribatuen gainetik jarriz".












